Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, NA-7008 tokiko errepidea hobetzeko lanak amaitu ditu, Villatuerta eta Gorozin arteko zatian, 0 eta 2+500 kilometroen artean. Jarduketak 440.000 euroko inbertsioa izan du, eta zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren baldintzak hobetzea ahalbidetu du. Horretarako, plataforma handitu, sestrak hobetu eta areka zapalgarri berriak egin dira.
Esku-hartze horri esker, galtzada handitu eta hobetu ahal izan da, eta ibilgailuen gurutzaketa erraztu da 2,5 kilometroetan zehar, baita bide-segurtasuna sendotu ere. Gainera, bide-zoruaren eremu ezegonkorrenak saneatu dira, eta errepidearen iraunkortasuna hobetu da. Halaber, drainatze-sistema berritu da hormigoizko areka zapalgarriak, kutxatila berriak eta urak bideratzeko hegalak eraiki baitira, bai eta arekak babesteko pasabideak eta finketarako sarbideak ere.
Obren esparruan, indusketa-lanak zein lursail-saneatzeak egin dira, plataforma handitu da eta alboko berma berri bat egin da. Jarduketaren barne dago 1,20 metro zabal diren hormigoizko areka zapalgarriak egitea ere. Azkenik, bide-zoruaren urritasunak zuzendu dira eta seinaleztapen horizontala berritu da, luzetarako bide-marken, kobreztatzearen eta sinboloen bidez.
Esku hartze horren bidez, Lurralde Kohesiorako Departamentuak Nafarroako errepide sarea hobetzen jarraitzen du, eta esku hartzea eskatzen duten tarte horietan jarduten du, bermatzeko errepideak seguruagoak, funtzionalagoak eta iraunkorragoak direla, bai eta mugikortasun-baldintzak eta lurraldearen konektibitatea hobetzeko ere.






