Familiaren eta lanaren arteko kontziliazioaren diagnostiko bat eta plan bat egiteko enpresei begirako laguntzak eskatzeko epea irailaren 30ean amaituko da

0

• Deustuko Unibertsitatean izango den «Balioa sortzen duen kontziliazioa: pertsonak, talentua eta lehiakortasuna» jardunaldian enpresa-munduko eta esparru akademikoko berrogeita hamar bat ordezkari inguruk parte hartuko dute.

• Nerea Melgosa sailburua: “Enpresa batek kontziliatzeko aukerak eskaintzeak Euskadiko etxe askotara ongizatea dakar eta modu berean enpresa mozkinak eragiten ditu”.

• Laguntzen guztizko zenbatekoa 420 mila eurokoa da, eta planaren zein diagnostikoaren kostuaren % 70era arteko dirulaguntza ematen da.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak Deustuko Unibertsitateko campusean antolatutako «Balioa sortzen duen kontziliazioa: pertsonak, talentua eta lehiakortasuna» jardunaldian enpresa, administrazio eta ikasketa-munduko hainbat ordezkari izan dira gaur.

Jardunaldi horretan, hainbat enpresak sortutako kontziliazio-planek eragindako ongizateari eta onurei (bai langileengan, baita enpresen ekoizpenean eta fakturazioan) buruzko hausnarketak trukatu dira.

Nerea Melgosa sailburuaren hitzetan, lana eta familia uztartzeko neurriek enpresa lehiakorragoak, familia babestuagoak eta bizitza duinagoak eraikitzeko balio dute. «Gaur egun, lana eta familia bateragarri egitea da familiek gehien adierazten duten premietako bat. Enpresa edo kooperatiba batek kontziliazio-plan bat izateak eta kontziliatzeko erraztasunak eskaintzeak Euskadiko etxe askotan ongizatea sortzen du eta, era berean, enpresa-onurak sortzen ditu. Gai honi buruzko katedra baten sorkuntzarako lanean ari gara Deustuko Unibertsitatearekin» gaineratu du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.

Deustuko Business Schooleko dekano andreak ere jardunaldiaren irekieran parte hartu du. «Deusto Business Schoolen uste dugu bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzea ez dela soilik norbanakoaren ongizatearen kontua, baizik eta lehiakortasunaren eta jasangarritasun ekonomikoaren zutabe estrategikoa. Lan-ingurune erantzukide eta malguak sustatzen dituzten erakundeek, beren pertsonak zaintzeaz gain, talenturik onena erakarri eta fidelizatzen dute, berrikuntza eta epe luzerako balioa bultzatuz «adierazi du Macarena Cuencak.

Marc Grau-Grau Familia Ikasketa Aurreratuen Institutuko (IESF) zuzendaria da, eta Kataluniako Nazioarteko Unibertsitateko (UIC Barcelona) Gizarte eta Familia Politiken irakasle elkartua. «Enpresa batek, zintzotasunez, kontziliazioan oinarritutako malgutasuna eskaintzen duenean, horrek dena aldatzen du. Gero eta adibide on gehiago daude, gizarte-premia berri bat dago, kontziliazio-gosea dago. Enpresa erakundeek erantzukizun soziala dute eta konponbidearen parte izan behar dute» azaldu du Marc Grau Grauk.

Irekiera konferentziaren ondoren, Rivera Smart Facility Services eta Gosa Velatia enpresetako ordezkariek mahai-inguru batean parte hartu dute. Bertan, beren enpresa-erakundeetan abian jarritako kontziliazio-neurriak eta horiek eragin dizkieten onura azaldu dituzte.

Enpresentzako 2026ko laguntzak

Enpresa, kooperatiba edo langile autonomoei zuzenduta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak ematen dituen 2026ko ekitaldiko egoeraren diagnostikoa eta bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzearen arloko ekintza-plana egiteko laguntzak irailaren 30era arte eskatu ahal izango dira. Laguntzen guztizko zenbatekoa 420 mila eurokoa da, eta planaren edo diagnostikoaren kostuaren % 70era arteko dirulaguntza ematen da. Laguntzak eremu pribatuko edozein erakunderi zuzentzen zaizkio, mikroenpresa bat, ETE bat edo enpresa handi bat den kontuan hartu gabe. Era autonomoan lan egiten duten pertsonek ere eskatu ahal izango dute.

Orain arte, aurreko edizioetan, 110 enpresak eskatu dituzte laguntza horiek, eta sortutako kontziliazio planen estalpean guztira 11.424 langile daude. Aurtengo laguntzek berrikuntza hauek dituzte:

– Kontziliazio-proiektuen eguneratzeak diruz laguntzeko aukera jasotzen da, baldin eta aurreko proiektuaren ekintza-plana gauzatzeko aurreikusitako gehieneko epea igaro bada.

– Erakunde onuradun posibleen zerrenda zabaldu da. Euskal Sektore Publikoa osatzen duten eta onuradun izan daitezkeen erakundeak zehatzago eta zabalago arautu dira. Aldaketa horren helburua araua ehun publikoaren (autonomikoa, forala eta tokikoa) errealitate instituzionalera egokitzea da.

– Enpresa batek Euskadin proiektu bat baino gehiago egin ahal izatea arautu da, betiere lantokietan errealitate oso desberdinak badaude zentroen antolamendu-ezaugarriei, plantillen profilari, funtzioak betetzeari edo lan-baldintzei dagokienez.

– Plantillari buruzko diagnostikoaren datuak sexuaren arabera bereizi beharko direla gaineratu da.

Laguntza eskatzeko edo informazio gehiagorako: familia@euskadi.eus