Bakea, giza eskubideak eta bizikidetza sustatzen dituzten proiektuetarako Elkarrekin Bonuak eskatzeko epea zabalik

0
  • Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 500.000 euro jarriko ditu aurten hezkuntzaren, herritarren parte-hartzearen eta tokiko bizikidetzaren arloetako proiektuak bultzatzeko

 

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak ireki berri du bakea, giza eskubideak eta bizikidetza sustatzen dituzten proiektuetarako Elkarrekin Bonuak eskatzeko deialdia. María Jesús San José buru duen sailak bikoiztu egin du, aurten, Euskadin bakearen kultura, giza eskubideak, bizikidetza demokratikoa eta indarkeriarik eza indartzeko laguntzen zenbatekoa, 500.000 eurora iritsi arte. Proiektuak aurkezteko epea urriaren 7ra arte egongo da zabalik.

San Joseren iritziz, Elkarrekin Bonuak “tresna egokia dira bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko politikak pertsonak egunero erlazionatzen diren eta parte hartzen duten espazioetara hurbiltzeko. Izan ere, entitateek, ikastetxeek, elkarteek eta gizarte-mugimenduek sakontasunez ezagutzen dituzte beren komunitateen premiak eta hurbiltasunetik bultza ditzakete ekimen eraldatzaileak”.

Sailburua edizio honetako berritasun nagusiari buruz ere mintzatu da, zuzkidura ekonomikoa handitu izana, 2025ean 250.000 euro izatetik 500.000 euro izatera pasa baita. Igoera horrekin, ikastetxeek, tokiko entitateek, elkarteek eta gizarte-mugimenduek bultzatutako proiektuak laguntzeko baliabideak bikoizten dira. Sailburuaren iritziz, igoera horren bidez, bere sailak Euskadi “kohesionatuagoa, inklusiboagoa, demokratikoagoa eta baketsuagoa” lortzeko duen konpromisoa indartzen du, eta “indarkeriari aurrea hartzen dioten, aniztasunarekiko errespetua sustatzen duten eta giza eskubideetan eta bizikidetzan oinarritutako kultura indartzen duten proiektuak” babesten ditu.

Laguntzak hiru jarduketa-ildotan banatzen dira:

1.- Hezkuntza-esparruan. 250.000 euroko zuzkidura du, eta gazteenen artean bakea, giza eskubideak, demokrazia eta indarkeriarik eza gisako balioak sustatze aldera irabazi-asmorik gabeko entitateek eta Euskadiko ikastetxeek elkarrekin bultzatutako proiektuak lagunduko ditu.

2.- Tokiko bizikidetza. 150.000 euro izango ditu, eta udalerri eta auzoetan kohesio komunitarioa, bizikidetza eta elkarrizketa soziala indartze aldera irabazi-asmorik gabeko gizarte-entitateek eta tokiko administrazioek sustatutako ekimenak babestuko ditu.

3.- Herritarren parte-hartzea. 100.000 euro izango ditu, irabazi-asmorik gabeko entitateek eta bakearekin, bizikidetzarekin eta giza eskubideekin konpromisoa duten herritarren elkarte, antolakunde eta mugimenduek elkarlanean garatutako proiektuak laguntzeko.

 

16.000 parte-hartzaile baino gehiago 2025eko edizioan

Azken edizioan, 33 ikastetxe eta 14 entitate baliatu ziren programaz hezkuntza-esparruan, eta, horien bidez, hezkuntza-komunitatean bizikidetza positiboa eta errespetuzkoa sustatzen duten ekintzen garapena bultzatu zen. Guztira 6.809 ikaslek eta 15 irakaslek parte hartu zuten, eta emandako dirulaguntza 125.000 eurokoa izan zen.

Hezkuntza- eta gizarte-entitateek sustatutako 33 proiekturi eman zitzaien dirulaguntza. Proiektu horien ardatza izan zen eskola-bizikidetza hobetzea, jazarpena eta ziberjazarpena saihestea, hezkuntza emozionala sustatzea eta tratu ona sustatzea. Babestutako ekimenen artean, hauek nabarmentzen dira: ikasle eta familiei zuzendutako GEUZ gatazkak eraldatzeko unibertsitate-zentroaren programa, eta bizikidetzarako, bakerako eta giza eskubideetarako eta eskola-jazarpena eta ziberjazarpena saihesteko Pakelur elkartearen programa; Bitar-Bask Eusko bitartekaritza elkartearen “Nola Egin Aurre Gatazkei?” gatazken kudeaketa positibora bideratutako programa; Ongizatea bitartekaritza-elkartearen “Somos mediadores/as”, berdinen arteko bitartekaritza sustatzen duen programa; Oreka pertsonala eta elkarbizitza sustatzeko hezkuntza kontzientea elkartearen «Mindfulnessa Hezkuntzan”, ongizate emozionalean oinarritutako programa; eta Elkarrekin koop. elkarte txikiaren “Arrazakeria eskolan, errealitate isildua”, bizikidetza aniztasunetik eta inklusiotik lantzen duen programa.

Era berean, hiru lurralde historikoetako 33 ikastetxek baliatu zuten programa: 2 Araban, 28 Bizkaian eta 3 Gipuzkoan. Araban, Abetxuko Ikastola HLHIk eta Gasteizko Corazonistas Ikastetxeak parte hartu zuten; Gipuzkoan, Allende Salazar HLHIk, Intxaurrondo Ikastolak eta Oñati BHIk; eta Bizkaian, besteak beste, Alkartu HLHIk, Bagatza HLHIk, Txurdinaga HLHIk, Karmelo Ikastolak, Maristas Bilbaok, Kirikiño Ikastolak, Zunzunzunegi BHIk eta Artxandape Ikastolak.

Bestalde, herritarren parte-hartzearen arloan, Elkarrekin Bonuak programak 13 entitateri lagundu zien, 1.769 pertsonak parte hartu zuten 20 proiektu finantzatuta. Emandako dirulaguntza 50.000 eurokoa izan zen.

Ekimenen artean, hauek nabarmentzen dira: haur, nerabe, gazte eta boluntarioek aisialdia garatu eta sustatzeko “PORTUGALETEKO AISIALDI SAREA” federazioaren “Bizi eta Elkar Bizi 2025” ekimena, bizikidetza eta parte-hartze komunitarioa sustatzeko 5.000 euroko laguntzarekin; Ikertze Kultur Elkartearen “Cine a Ras de Suelo” ekimena, 4.970 euroko dirulaguntzarekin; eta Suspergintza Bilboko esku-hartze sozialeko elkartearen “Bizikidetza Hezkuntza Esparruetan” ekimena, hezkuntza- eta komunitate-guneen bidez bizikidetza eta gizarte-kohesioa sustatzeko 4.970 euroko dirulaguntzarekin. Laguntzak iritsi zitzaizkien Bizaraingoak Guraso Elkarteari, Uri Zaharreko Jatorrak elkarteari edo Emakume Ijitoen Sim Romi elkarteei, baita aisialdi-taldeei, entitate komunitarioei eta guraso-elkarteei, Euskadiko gizarte-partaidetza, gizarteratzea eta bizikidetza indartuta.

Tokiko bizikidetzaren arloan, Elkarrekin Bonuak programak 13 entitateri lagundu zien, 7.495 pertsonak parte hartu zuten 18 proiektu finantzatuta. Emandako dirulaguntza 75.000 eurokoa izan zen. Babestutako ekimenen artean, nabarmentzekoak dira Suspergintzaren “Bizikidetza Hezkuntza Esparruetan”, 9.800 euroko laguntzarekin; Martxoak 3ko Biktimen Elkarteak sustatutako “Conocer los hechos del 3 de marzo de 1976”, 7.000 euroko dirulaguntzarekin; eta Getxoko Etorkinen Plataforma Federazioaren “Bizilagunak 2025”, kulturen arteko bizikidetza sustatzeko 5.600 euroko dirulaguntzarekin.

Proiektuak Euskadiko 13 udalerritan garatu ziren, Bizkaiko 6 udalerritan (Barakaldo, Basauri, Erandio, Getxo, Mungia eta Portugalete), Gipuzkoako 5 udalerritan (Alegia, Amezketa, Andoain, Lezo eta Zegama) eta Arabako 2 udalerritan (Laudio eta Gasteiz), eta tokiko esparruan gizarte-kohesioa, aniztasuna eta bizikidetza indartzen lagundu zuten.

Eskabideak aurkezteko epea datorren urriaren 7ra arte luzatuko da, eta tramitazioa modu elektronikoan soilik egin ahal izango da.

Informazioa eta eskaerak: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/justizia-giza-eskubideen-saila/