- Susana García Chueca sailburuak Errekalden iragarri duenez, Euskal Trenbide Sareak aurrera jarraitzen du eraikuntza-proiektuak idazten
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak gaur iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak Bilboko metroaren 4. lineari buruzko informazio-azterketa onartu berri du, uda honetan ingurumen-inpaktuaren deklarazioa lortu ondoren. “Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak aurrera egin dugu obrak hasteko behar diren eraikuntza-proiektuak idazten”, zehaztu du.
García Chuecak urrats berri hori aurreratu du Mugikortasunaren Europako Astearen (MEA) aurkezpenean, Bilboko Errekalde auzoan. Bertan, nabarmendu egin ditu metroaren 5. lineako obren inguruan eta 4. linea (metroa Bilboko hegoaldeko goiko auzoetara eramango duena, hala nola Errekaldera eta Iralara) eraikitzen hasi aurreko lanetan egiten ari diren aurrerapenak. Adierazi duenez, helburua da “datorren urtearen amaiera aldean gauzatzen hastea, obrari ekitearekin batera, auzoko bizilagunek asko eskatzen duten proiektu bat, Bizkaiko gizartea eta lurraldea egituratzeko funtsezko azpiegitura bat baita”.
Bestalde, Nora Abete Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloko zinegotziak MEAko ekitaldien programa aurkeztu du, “ingurumena errespetatu behar duen eta pertsona guztientzat irisgarria izan behar duen” hiri-mugikortasuna deskarbonizatzeko beharraz sentsibilizatzen jarraitzera bideratuta.
Edizio honek irisgarritasuna eta belaunaldien arteko ekitatea ditu ardatz, eta, ildo horretatik, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak adierazi duenez, “garraio publikoak pertsonak konektatzen ditu, osasuna, kultura edo hezkuntza bezalako zerbitzuetara hurbiltzen gaitu. Elementu horiek guztiak ezinbestekoak dira edozein adinetan gure bizi-kalitateari eusteko”. “Horregatik, ETSn eta Euskotrenen tematuta gaude gure azpiegiturak eta zerbitzuak arinak izan daitezen, baina baita eskuragarriak, erosoak eta irisgarriak ere. Horregatik, gure tren eta tranbia guztiak, baita geltoki eta geraleku ia guztiak ere, prest daude pertsona guztiak haietara eroso iristeko, beren egoera fisikoa edozein dela ere”, esanez amaitu du.
Euskotrenen zerbitzuen erabilera areagotzea
Gainera, Bizkaiko garraio publikoaren erabilerari dagokionez, García Chuecak zehaztu du Euskotrenek 9 milioi bidaia baino gehiago egin dituela trenez eta metroz aurtengo urtarriletik uztailera bitartean, eta 2 milioi Bilboko tranbian, hau da, tranbiaren kasuan bidaiak % 2 baino gehiago handitu dira, eta trenbidearen kasuan % 3 baino gehiago, aurreko urteko aldi beraren aldean.
Mugikortasunaren Europako Astea Bilbon izango da irailaren 16tik 22ra. Antolatutako jarduera guztiak bilbaosinmicoche.net webgunean kontsultatu daitezke.






