- Izena emateko epea zabalik dago urriaren 2ra arte eta eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira euskadi.eus helbidean
- Administrazio Orokorrerako EPEren bigarren deialdiko 461 plazetan izena emateko epea ere zabalik dago
Eusko Jaurlaritzak Administrazioa eraldatzeko enplegu publikoaren aro berriaren baitan urratsak egiten jarraitzen du urteko Enplegu Publikorako Eskaintza egituratuen eta gaitasunetan oinarritutako EPE berrien bidez. Eredu berriak, zerbitzu publikoen kalitatea eta gardentasuna indartzea ditu helburu, baita Administraziora batzen diren profil berriek Administrazioaren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzutea ere.
Hautaketa prozesu berriak Eki Planaren barruan kokatzen dira. Plan hori Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Administrazio Orokorreko enplegu publikoaren aro berriari erantzuteko diseinatutako plan integrala da eta zerbitzu publikoak indartzea eta etorkizuneko administrazioa eraikitzea ditu helburu. Horretarako, planak ezagutza bultzatzen du aldaketarako palanka gisa, langile publikoen gaitasun digitalak, profesionalak eta talentua indartuz eta belaunaldien arteko erreleboaren aldeko apustua eginez, ezagutzaren transmisioa bermatuz eta administraziora profil berriak batuz.
Hirugarren deialdia
Zabalik dago Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxe Administrazioko Zigor-Betearazpeneko Laguntzaileen Eskalako 379 plaza betetzeko deialdian izena emateko epea.
Interesa duten pertsonek urriaren 2ra arte dute izena emateko aukera. Inskripzioa modu telematikoan egin beharko da euskadi.eus-en bidez.
Aurrez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrerako maiatzean (201 plaza) eta abuztuan (461 plaza) abian jarritako bi deialdiei gehitu behar zaie hirugarren deialdi hau. 461 plazetarako deialdian izena emateko epea zabalik dago, oraindik ere, irailaren 16ra arte.
Prestaketa eta azterketak
Probak prestatzen laguntzeko, izangaiek ivap.eus web orrian eskura dute hautaketa-prozesuei buruzko informazio guztia: gai-zerrendak, azterketa-ereduak, gaitasun-probei buruzko informazioa eta bestelako material lagungarria ere.
Lehenengo deialdiko (maiatza) azterketak urrian hasiko dira -4.600 lagunek baino gehiagok eman dute izena-; bigarren deialdiko (abuztua) eskalen lehen proba 2027ko urtarrilean aurreikusi da, eta hirugarren deialdiari dagokion lehen azterketa 2026ko urria eta 2027ko urtarrila bitartean egitea dago aurreikusita.
Guztira, aurten, 1739 plaza
Eusko Jaurlaritzak urte hasieran iragarri zuen 15 lan-kategoriatan eta 44 funtzionario eskalatan banatutako 1.739 plaza deituko zituela aurten. Abian jarritako 3 Enplegu Publikorako Eskaintzekin, 13 kategoria eta 18 eskalatan banatutako 1.000 plaza baino gehiago deitu dira dagoeneko,. Gainerako ia 700 plazak urtea amaitu baino lehen deituko dira; izan ere, Eusko Jaurlaritzak hautaketa-prozesu berrien gainean lanean jarraitzen du, deialdi berriak martxan jarri eta zerbitzu publikoak indartzen eta enplegu publikoa egonkortzen jarraitze asmoz.






