- ASMA BAT Osakidetzaren sare osoan hedatzen da, haurren eta nerabeen asma-krisien diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena bateratzeko, eta familiek gaixotasunaren kontrolean duten zeregina indartzeko
- Asma da haurtzaroko gaixotasun kroniko ohikoena, eta, urtetik urtera, 0-14 urte bitarteko 500 haurrek baino gehiagok behar dute ospitalizazioa Euskadin
- ASMA BAT funtsezko pieza da Osasun Sailak Osasunaren Euskal Itunean egindako aurrerapenen barruan: kronikotasunarekin, ekitatearekin eta koordinazioarekin dituen konpromisoak praktikan jartzen ditu, asma duten haur guztiek Euskadiko edozein tokitan kalitatezko arreta bera jasoko dutela bermatuz
Osakidetzak ASMA BAT zabaltzen hasi da bere osasun-zentro guztietan. Ekimenak asistentzia-ibilbide integratu berri bat ezartzen du, asma akutuaren (krisi asmatikoa) arreta bateratzen duena haurtzaroan eta nerabezaroan, paziente orok kalitate-estandar bera jasoko duela bermatuz, arreta ematen zaion lekua edozein dela ere. Horrela, ibilbide berri honekin, Osakidetzak haur eta nerabeen asma krisien diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena bateratu ditu, eta gaixotasunaren kontrolean familiek duten papera indartu du.
Gaur goizean Barakaldoko San Vicente Osasun Zentroan aurkeztu da Haurren Asmaren Asistentzia Ibilbide berri hau, Barakaldo Sestao ESIa izan baita proiektua gidatu duena, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearekin eta Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuarekin lankidetzan, eta orain Osakidetzaren sare osoan hedatzen ari da.
Aurkezpenean parte hartu dute Barakaldo Sestao ESIko Marta Montejo pediatra buru duen diziplina anitzeko profesionalen taldeko ordezkariek, Javier Benito Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Larrialdi Pediatrikoen zerbitzuburuak eta Álvaro Sánchez Biobizkiako Osakidetzako Lehen Mailako Atentzioko Zuzendariordetzako ikertzaileak. Gainera, Iratxe Salcedo Pediatra eta Osakidetzako Lehen Mailako Atentzioko Pediatriako arduraduna eta Idoya Serrano Osakidetzako Lehen Mailako Atentzioko Zuzendariordetzako pediatra izan dira.
Irailero, ikasgeletara itzultzean, haurren asmaren ondoriozko kontsultek nabarmen egin dute gora. Behin eta berriz errepikatzen den fenomenoa da, eta nabarmen handitzen du jarduera, bai lehen mailako arretan, bai ospitaleko larrialdi pediatrikoetako zerbitzuetan. Gogoan izan behar da asma dela haurtzaroko gaixotasun kroniko ohikoena, eta pediatriako biztanleriaren % 10ari eragiten diola, gutxi gorabehera. Osakidetzan, 2025ean, 8.380 asma-kasu artatu ziren lehen mailako arretan, eta 6.402 pediatriako larrialdi-zerbitzuetan. Gainera, 0-14 urteko 500 haurren ospitalizazio baino gehiago daude urtero, eta horien laurden bat zainketa intentsiboetan sartu behar izaten dira.
Errealitate horren aurrean, Osakidetza ASMA BAT hedatzen hasi da osasun-zentro guztietan. Ekimenak laguntza-ibilbide integratu bat ezartzen du, eta horrek bateratu egiten du asma akutuaren arreta (asma-krisia) haurtzaroan eta nerabezaroan, eta bermatzen du edozein pazientek kalitate-estandar bera jasoko duela, arreta ematen zaion lekua edozein dela ere.
ASMA BAT diziplina anitzeko profesional-talde batek diseinatu du, eta ebidentzia zientifiko berrienean oinarritzen da. Proiektuak pazienteen eta familien esperientzia ere jasotzen du, arreta koordinatuago, seguruago eta pertsonengan zentratuago baterantz aurrera egiteko.
Osakidetzaren sare osorako erantzun komuna
Ibilbide asistentzialak lau helburu nagusi ditu:
- Krisi bakoitzaren larritasuna behar bezala baloratzea, tratamendurik egokiena zein den baloratzeko.
- Asma iraunkorra goiz detektatzea eta funtsezko tratamendua hastea edo berrikustea, edozein maila asistentzialetik.
- Pazienteen koordinazioa eta jarraipena hobetzea lehen mailako arretaren eta ospitale-eremuaren artean.
- Informazio argia eta homogeneoa ematea, haurrek, nerabeek eta familiek gaixotasunaren maneiuan aktiboki parte hartzeko aukera izan dezaten.
Profesionalak, pazienteak eta familiak
Programak profesional sanitarioei, pazienteei eta familiei zuzendutako multimedia-materialak eta prestakuntza-baliabideak biltzen ditu. Gainera, adierazle espezifikoak ditu ekimenaren ezarpen-maila ebaluatzeko eta etengabeko hobekuntza bultzatzeko.
ASMA BAT 2024an hasi zen ezartzen Barakaldo-Sestaoko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIetan, profesionalek eta familiek elkarrekin diseinatutako laguntza-ibilbide integratu baten bidez.
Ekimena Osakidetza osora zabaldu da, eta osasun-emaitzak hobetzea eta familiei gaixotasuna kontrolatzeko ezagutza eta tresna gehiago izaten laguntzea du helburu, asma duten haur eta nerabeen bizi-kalitatea hobetzeko. «Ekimen honen bidez, krisi asmatikoa duen edozein haurrek ahalik eta arretarik onena jasoko du, edozein osasun-zentrotara joaten dela ere. ASMA BAT aurrerapauso bat da arreta koordinatuagoa, homogeneoagoa eta ebidentzian oinarritutakoa lortzeko bidean, non familiek ere funtsezko zeregina duten”, azaldu du Marta Montejok, Osakidetzako pediatra eta programaren arduradunak.
Esperientzia pilotuaren emaitzak: artatutako 7.000 asma-gertakari baino gehiago
Osakidetza Barakaldo-Sestaoko ESIan egindako lehen esperientziaren ondoren, ebaluazioan Lehen Mailako Arretaren eta Pediatriako Larrialdien artean artatutako asma akutuko 7.241 gertakari sartu ziren. Emaitzek erakusten dute nabarmen hobetu dela ebidentzian oinarritutako gomendioekiko atxikidura:
- Bronkodilatadoreak ganberadun inhalagailu presurizatuaren bidez erabiltzea % 31,5etik % 61,4ra igo zen Pediatriako Larrialdietan, eta % 9,0tik % 26,7ra Lehen Mailako Arretan.
- Krisiaren larritasunaren erregistro sistematikoak, Pneumary Score eskalaren bidez erakusten du egoera hobetu dela: % 48,4tik % 78,7ra Larrialdietan, eta % 16,3tik % 45,1era Lehen Mailako Arretan.
- Asma iraunkorrarekin bateragarriak diren sintomen balorazioa % 32,9tik % 67,4ra igo zen Larrialdi Pediatrikoetan, eta % 8,0tik % 23,4ra Lehen Mailako Arretan.
Emaitza horiek erakusten dute ibilbide asistentzial integratu batek, prestakuntzak, erabaki klinikoak hartzen laguntzeko tresnek eta familientzako hezkuntza-materialek lagunduta, arretaren kalitatea hobetzen duela eta gomendatutako estandarretara hurbiltzen duela praktika klinikoa.
ASMA BATek Osasunaren Euskal Itunaren printzipioak jasotzen ditu
Osakidetzaren Haurren Asmaren Ibilbide Asistentziala bat dator Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoekin, kronikotasunarekiko arreta indartzen duelako, lurralde-ekitatea bermatzen duelako eta osasun-hezkuntza bultzatzen duelako, bai eta laguntza-eredu koordinatuak eta kalitatezkoak finkatzen dituelako ere.
Zehazki, ASMA BATek Itunaren konpromisoak gauzatzen ditu asmarako arreta pediatrikoa sare osoan estandarizatuz Osakidetzako Erakunde Sanitario Integratu (ESI) guztietan, maila asisetnzialen arteko jarraitutasuna hobetuz, adingabeen eta familien autozaintza sustatuz, eta ebidentzian eta etengabeko ebaluazioan oinarritutako praktikak ezarriz. Horrela, osasun-sistema kohesionatuagoa, eskuragarriagoa eta EAEko haurren ongizatera bideratuagoa lortzen laguntzen du.
Haurren arnasketa-osasuna babesteko bi lehentasun
ASMA BAT eta Arnas Birus Sinzitialaren aurkako txertaketa-kanpainak helburu berari erantzuten diote: Euskadiko haurren arnas osasuna babestea. ASMA BATek dagoeneko asmarekin bizi diren haurren arreta hobetzen duen bitartean, ABSren aurkako txertoak bizitzako lehen urteetan ospitaleratzearen arrazoi ohikoenetako bat prebenitzen du. Bi ekimen horiek indartu egiten dute Osakidetzak prebentzioarekin, ekitatearekin eta asistentzia-kalitatearekin duen konpromisoa, eta erakusten dute lehen mailako arretaren, ospitalearen eta familien arteko ikuspegi koordinatua dela tresna onena haurren osasuna zaintzeko
Ildo horretan, adierazi behar da bronkiolitis akutuaren aurkako urteroko kanpaina, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatua, ia 10.000 haur immunizatu ditu, 2025eko irailetik 2026ko martxora bitartean. Zehazki, Osakidetzak bi urtetik beherako 9.897 haur txertatu ditu bronkiolitis akutuaren aurka; 1.510 haur Araban, 4.929 Bizkaian eta 3.458 Gipuzkoan. Hilabete honetan, hasi da haurtxoentzako ABS-ren txertaketa-kanpaina berria.
Aurreko urteetan bezala, xede-biztanleriaren % 90era iristea da proposatutako helburua, eta Lehen Mailako Arretako eta ospitaleko larrialdietako kontsultak eta gaixotasun horrengatiko ospitaleratzeen ehunekoanabarmen murriztea du helburu. Haurrak Nirsevimab antigorputzarekin immunizatzea erabakigarria izan da gaixotasuna prebenitzeko eta Euskadin ABSak eragindako bronkiolitis akutuaren forma larrienak saihesteko.






