- Akordio irekien sistema bat arautzen du dekretu proiektuak, kudeatutako eskaintzak handitzeko, laneratzea hobetzeko eta euskal enpresen beharrei erantzuteko
Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta enplegu agentzien artean irekitako akordioak arautzeko dekretu proiektua onartu du astearte honetan Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Mikel Torres Lehendakariordeak proposatuta. Helburua da enplegu eskaintzak erakartzeko, erregistratzeko eta kudeatzeko lankidetza indartzea, eta eskatzaileen eta profesionalak sartu behar dituzten enpresen arteko lotura hobetzea.
Esparru berriak enplegu agentziekiko lankidetza areagotu nahi du, kudeatutako eskaintzen kopurua handitzeko eta laneratzearen emaitza handiagoak eta hobeak lortzeko. Akordio irekien bidez, ezarritako baldintzak betetzen dituzten agentzia interesdun guztiek parte hartu ahal izango dute.
Euskadiko lantokietan zuzeneko lan kontratazioa egiteko eskaintzetan oinarrituko dira jarduerak. Agentzia laguntzaileek aurrez aurreko kanalen edo bide telematikoen bidez jaso ahal izango dituzte eskaintzak, eta informazio guztia erregistratu eta kudeatu beharko dute Lanbideren lan bitartekaritzako aplikazioaren bidez.
Kudeaketak barne hartuko ditu eskaintzak berrikustea, lanpostuetara hobekien egokitzen diren pertsonak identifikatzea, hautagaitzen egokitasuna egiaztatzea eta prozesua amaitzea. Parekatze hori egiteko, tresna automatikoak erabiliko dira, eta eskaintzak, gutxienez, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta EURES Europako Enplegu Zerbitzuen webguneetan jendaurrean zabalduko dira. Era berean, enpresek curriculum itsuaren sistemaren bidez profil anonimizatuen bilaketak egiteko aukera ere aurreikusten du.
Proiektu horren arabera, hautagaiek enplegu eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute Lanbiden edo Enplegu Sistema Nazionaleko beste zerbitzu publiko batean, enpresak ezarritako nahitaezko baldintzak bete beharko dituzte eta dagozkien egokitasun eta prestasun egiaztapenak egin beharko dituzte. Prozesu osoak aukera berdintasunaren, objektibotasunaren, gardentasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatuko ditu.
Eskakizunei eta ebaluazioari lotutako sistema irekia
Sistema horri atxiki ahal izango zaio enplegu agentzia den eta beharrezko baliabide pertsonal eta informatikoak dituen edozein erakunde publiko edo pribatu. Zentro bakoitzak, gutxienez, jendeari arreta emateko bi pertsona izan beharko ditu. Erdiek gutxienez unibertsitate titulua izan beharko dute, eta langileen % 50ek gutxienez sei hilabeteko esperientzia egiaztatu beharko dute enpleguko edo giza baliabideak kudeatzeko programetan.
Agentzia laguntzaileek doan eskaini beharko dizkiete zerbitzuak pertsona eta enpresa erabiltzaileei, aukeratzen duten Euskadiko hizkuntza ofizialean eman beharko diete arreta, behar bezala babestu beharko dituzte datu pertsonalak eta zuzenean garatu beharko dituzte jarduerak, azpikontratatzeko aukerarik gabe. Lanbideren eta organo publiko eskudunen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola ere egin beharko dituzte.
Bestalde, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa arduratuko da bitartekaritza sistema informatikoa mantentzeaz, agentzietako langileak prestatzeaz, kudeaketa eskuliburuak eta prozedurak errazteaz, hautagaiei informazioa emateaz eta haien prestasuna egiaztatzeaz, jarraipena egiteaz eta dagozkion ordainsariak ordaintzeaz.
Emaitzei lotutako ordainsariak
Sistema ekonomikoak benetan egindako eta egiaztatutako jarduketekin lotzen ditu ordainketak. Atxikitze akordioak ekitaldi bakoitzeko aurrekontu baliabideen mende egongo dira. Lanbidek urtero zehaztuko du zenbat jarduera ordaindu ahal izango diren gehienez, eta, behin muga horretara iritsita, zerbitzuaren jarraipena bermatuko du, bere baliabideekin edo beste kudeaketa eta lankidetza tresna batzuen bidez.
Agentzien jarduera ebaluatzeko, kontuan hartuko dira kudeaketaren bolumena eta kalitatea, hautagai zerrendak bidaltzea, lortutako kontratazioak, enpresek emaitzak jakinaraztea eta beren gain hartutako betebeharrak betetzea. Ebaluazioa gainditzen ez bada, akordioa iraungi ahal izango da.
Proiektu horren bidez, Mikel Torres Lehendakariordeak zuzendutako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak euskal enplegu sistema publikoaren bitartekaritza gaitasuna handitu nahi du, eta enplegu agentziekin lankidetza egonkor, garden eta ebaluagarria antolatu, izena emandako pertsonen lan aukerak hobetzera eta Euskadiko enpresen kontratazio premiei erantzutera bideratuta.






