Gobernu Kontseiluak 3,6 milioi euro Unibertsitate Ikerketa Aurreratuko Zentroen bikaintasuna eta nazioarteko kokapena indartzera bideratzea onartu du

0

Gaurko Gobernu Kontseiluak 2026-2028 aldirako Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Aurreratuko zentroei zuzendutako laguntza-programa berria onartu du. Programak 3,6 milioi euroko zuzkidura orokorra izango du, hau da, 1,2 milioi euro urtean hiru ekitaldietan.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza saileko sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek azaldu duenez, «programak ikerketa-masa kritikoa biltzeko, agenda zientifiko handinahiak garatzeko eta nazioarteko bikaintasun-zirkuituetan lehiatzeko gai diren unibertsitate-egiturak sendotzeko konpromisoa indartzen du”.

Ekimen honek nazioarteko bokazio argia duten zentro horiek RIS4 Euskadiko espezializazio adimenduneko estrategiaren barruan jasotzen diren esparruetan egiten duten lana aitortzen du. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Euskal Herriko Unibertsitatea aitzindaria izan dela mota horretako zentroak sortzen. Programak, gainera, babes argia ematen dio unibertsitate publikoari eta estrategia horren aldeko apustuari.

Euskadiko arrantza-eremuetan dibertsifikazioa eta enpleguaren sustapena

Era berean, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio 2,1 milioi euro Euskadiko arrantza-eremuen garapen jasangarrirako proiektuak laguntzeko 2026an eta 2027an, Partaidetzazko Toki Garapeneko Estrategiaren (PTGE) eta Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren (EIAAF) esparruan.

Deialdiaren helburua arrantza-komunitateen dibertsifikazio ekonomikoa bultzatzea, enpleguaren sorrera bultzatzea eta ekonomia urdinari lotutako jarduera berriak sustatzea da, aldi berean itsasoko eta arrantzako ondarea eta tokiko garapena indartuz. Laguntzen kudeaketa Itsas Garapen Elkartea Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldearekin (ATET) lankidetzan egingo da, talde hori baita estrategia bere lurralde-eremuan aplikatzeko arduraduna.

Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duenez “laguntzak jaso ahal izango dituzte arrantzaleen kofradiek eta horien federazioek, elkarte profesionalek, ekoizleen erakundeek eta arrantzaren arloari lotutako beste erakunde batzuek, bai eta jarduera nautikoekin, arrantza-produktuen sustapenarekin, itsasoko eta kostaldeko ingurumenarekin, itsasoko eta arrantzako ondarearekin, prestakuntzarekin, turismo urdinarekin edo ekonomia urdinarekin lotutako proiektuak garatzen dituzten enpresek eta beste eragile batzuek ere. Estrategiaren aplikazio-eremuan sartzen dira Bermeo, Mundaka, Ondarroa, Getaria, Mutriku, Berriatua, Elantxobe, Orio, Hondarribia, Pasaia, Zumaia, Lekeitio, Lemoiz, Zierbena, Santurtzi eta Plentzia, bai eta Donostiako arrantza-portua ere”.

Hobekuntzak hiru baserri-eskoletan

Gobernu Kontseiluak onartutako beste puntu bat 75.000 euroko laguntza izan da, Euskal Herriko Baserri Eskolak (EHBE) sarea osatzen duten hiru baserri-eskolak hobetu eta mantentzeko: Baratze, Arteagan; Lapurreketa, Diman; eta Lurraska, Ajangizen. Helburua da ikastetxe horiek euskal landa-inguruneari buruzko hezkuntza- eta sentsibilizazio-lana egiten duten instalazioen egoera ona bermatzea.

Instalazioak hobetzeak aukera emango du hezkuntza-espazio hauek aktibo mantentzeko eta gizartearen eta landa-ingurunearen arteko lotura indartzeko, baserriari balioa emanez landa-ingurunearen eta euskal kulturaren funtsezko elementu gisa.

Lanbideren eta enplegu agentzien arteko lankidetza lan bitartekaritza indartzeko

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta enplegu agentzien artean irekitako akordioak arautzeko dekretu proiektua onartu du Gobernu Kontseiluak. Helburua da enplegu eskaintzak erakartzeko, erregistratzeko eta kudeatzeko lankidetza indartzea, eta eskatzaileen eta profesionalak sartu behar dituzten enpresen arteko lotura hobetzea.

Esparru berriak enplegu agentziekiko lankidetza areagotu nahi du, kudeatutako eskaintzen kopurua handitzeko eta laneratzearen emaitza handiagoak eta hobeak lortzeko. Akordio irekien bidez, ezarritako baldintzak betetzen dituzten agentzia interesdun guztiek parte hartu ahal izango dute.

Turislan, Euskadiko Turismo Sektoreko Enplegu Azoka

Gobernu Kontseiluak zuzeneko dirulaguntza onartu du Euskadiko Turismo Sektoreko Enplegu Azoka egiteko. Turislan turismo-sektorean espezializatutako enplegu-azokak harremanetan jartzen ditu enpresak eta profesionalak, lan-bitartekaritza eta kontratazioa erraztu dadin, turismo-enpresen langile-premiei erantzun dakien eta sektorean pertsona kualifikatuak sar daitezen.

Azoka egiteko 124.000 €-ko zenbatekoa izango da, Sailaren eta Ficoba Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmenaren bidez lortuko dena. Ficoba Fundazioa arduratuko da 2026ko azaroaren 19an Ficoba erakustazokan (Irun) egingo den azoka antolatu, kudeatu eta gauzatzeaz.

Ertzaintzako agenteen parte hartzea Poliziaren eta Suhiltzaileen Jokoetan

Azkenik, Urriaren 9tik 18ra bitartean Vigon egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan parte hartuko duten ertzainei dirulaguntzak emateko deialdia onartu du Gobernu Kontseiluak. 20.000 euroko partida txapelketetan emaitza onak lortu dituzten Ertzaintzako funtzionarioen partaidetza-gastuei aurre egiteko erabiliko da.

Segurtasun Sailak uste du laguntza horiek bultzatu eta sustatu behar direla, alde batetik, Ertzaintzaren irudi positiboa sustatzeko, eta, bestetik, kirol-lehiaketek berezko dituzten balioak sustatzeko, kontuan hartuta lehiaketa horietako asko modu batean edo bestean lotuta daudela parte hartzen duten kideen jarduera profesionalarekin, eta, aldi berean, bat egiten dutela beren lanbide-jardunerako baldintza fisiko egokienak hobeto mantentzeko.

 

Prentsa-txostena

Gai zerrenda