Eusko Jaurlaritzak euskara euskal kulturaren ondare bizi gisa aitortzeko espedientea abiatu du

0

Eusko Jaurlaritzak euskarak euskal kultura sortu, transmititu eta birsortzeko duen funtsezko eginkizuna aitortu nahi du.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskara kultura-ondare immaterialaren hedatzaile gisa aitortzeko espedienteari hasiera eman dio. Prozeduraren helburua euskara Babes Bereziko Kultura Ondasun Immaterial izendatzea da eta datorren astean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpena.

Izendapen honek euskarari prestigio handiagoa eta aitortza juridiko eta administratibo sendoagoa emango lioke, euskal kulturaren transmisiorako duen funtsezko eginkizuna ondarearen ikuspegitik ere aitortuz.

EUSKARA, HIZKUNTZA BAINO GEHIAGO

Aitortza honen gakoa ez da euskara hizkuntza gisa soilik aitortzea, baizik eta euskarak euskal kultura sortu, transmititu eta birsortzeko duen gaitasuna aitortzea. Hau da, euskararen bidez belaunaldiz belaunaldi transmititzen den kultura-ondarea ere aitortzea.

Euskararen bidez belaunaldiz belaunaldi transmititu dira memoria, ezagutzak, ohiturak eta mundua ulertzeko moduak. Horren adibide dira bertsolaritza, toponimia, abestiak, atsotitzak eta herri-kontakizunak, baina baita jaiak, gastronomia, musika, dantza eta lurraldearekin lotutako ezagutzak ere. Horrela, euskara ez da komunikazio-tresna hutsa: kultura baten adierazpide eta transmisio-bide ere bada.

ONDARE BIZIA, KOMUNITATEAREN ESKU

Ondare kulturala ez da iragana bere horretan kontserbatzea, iraganari etorkizuna ematea baizik: jasotzen dena bizi, berritu eta hurrengo belaunaldiei transmititzea.

Ondare immaterialaren kasuan, komunitatea da ondarearen euskarri. “Komunitate eramaileak” euskara eta euskarak hedatzen duen kultura ezagutu, erabili eta transmititzen du; “komunitate vibranteak edo biziak”, berriz, ondare hori bizi, sentitu eta jasotzen du. Bi komunitate horien arteko transmisioan mantentzen da ondarea bizirik.

PROZEDURA

Prozeduraren oinarri juridikoa Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legea da. Kategoria berean dago bertsolaritza, 2024an Euskadin Babes Bereziko Kultura Ondasun Immaterial izendatu zen lehen ondare-elementua. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, irailaren 16an, 20 eguneko informazio publiko eta entzunaldi-aldia irekiko da. Epe hori amaituta, espedienteak izapidetzen jarraituko du, behin betiko izendapena Gobernu Kontseiluaren dekretu bidez onartu arte.