Aintzatespen honek humanizazioa asistentzia-praktikan txertatzeko eta pazienteen eta familien esperientzia hobetzeko ospitaleak egindako lana nabarmendu du.
Ekimen aitzindariak izan dira hainbat arlotan, hala nola pediatriako arretan, laguntza emozionalean, espazioen egokitzapenean edo pazienteen eta familien parte-hartzean, pertsona ardatz hartzen duen arreta-eredua finkatuz.
Humanizazioa Osakidetzak sustatzen duen ildo estrategikoa da eta Euskadiko Osasun Itunaren printzipioen artean jasota dago, pertsonengan oinarritutako arreta lortzeko bidean aurrera egiteko.
Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea 2026 Zentro Humanizatu aintzatetsi dute ConSalud sarietan. Sari honek zentroak pertsonengan oinarritutako osasun-arretarekin duen konpromisoa nabarmentzen du.
Aintzatespenak ospitaleak humanizazioa asistentzia-praktikan integratzeko egin duen lana saritzen du, horretarako osasun-arretan ongizate emozionalarekin, laguntzarekin, pazienteen eta familien parte-hartzearekin eta asistentzia-prozesuan izandako esperientziaren hobekuntzarekin lotutako alderdiak txertatuz.
Lan-ildo hau bat dator Osakidetzak Euskadiko Osasun Itunean jasotako konpromisoekin. Itunak pertsonak osasun-sistemaren erdigunean jartzen ditu, eta arreta hurbilagoa, parte-hartzaileagoa eta pazienteen, familien eta profesionalen beharretara egokituagoa lortzearen alde egiten du, asistentziaren bikaintasuna eta artatutako pertsonen esperientzia integratuz.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko (EEG ESI) zuzendari gerentearen, Mª Luz Marquésen iritziz, «aintzatespen honek gure erakundeko profesionalek pertsonak erdigunean kokatzen dituen arretarekin duten konpromisoa balioesten du. Humanizazioa gure osasun-laguntza ulertzeko moduaren eta pazienteen eta familien premiekiko arreta bikaina, hurbila eta errespetuzkoa eskaintzeko egunero egiten dugun lanaren parte da».
Ekimen ugari, arreta hurbilago baterako
Jasotako aintzatespena duela hamar urte baino gehiago hasitako bide baten emaitza da. Bide honetan osasun-arreta hurbilago eta atseginago egiteko hainbat jarduera bultzatu dira. Ekimen horien artean proiektu aitzindariak nabarmentzen dira, hala nola ZIU Pediatrikoa familientzat irekitzea, ospitaleko musika-programak, pazienteen elkarteekin lankidetzan aritzea, asistentzia-espazioak hobetzea eta eraldatzea edo ospitaleratutako haurrei zuzendutako jarduerak garatzea.
Azken urteotan, gainera, hainbat ekimen berritzaile sartu dira, adibidez interbentzio kirurgiko baten aurretik haurren antsietatea murrizteko errealitate birtuala erabiltzea; I Am Ready proiektua, umeak osasun-prozedurei eta ospitaleko egonaldiei aurre egiteko prestatzera bideratua; ParloTEA programa, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonekiko arreta eta komunikazioa ahalbidetzen dituena; hainbat unitatetan pazienteen eta senideen ongizatean laguntzeko egiten diren esku-hartze artistikoak; Samurtasunez josten proiektua, jaioberriei eta haien familiei berotasuna eta erosotasuna emateko bultzatua; pediatriako guneen birmoldaketa edo Athletic Fundazioarekin batera garatutako korridoreko futbola bezalako jarduerak.
Erakundeak, halaber, esparru honetan aurrera egiteko egitura espezifikoak bultzatu ditu, hala nola Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIko Humanizazio Taldea sortzea, humanizazio-guneen diagnostikoa eta pazienteen esperientzia ebaluatzeko eta hobetzeko programetan parte hartzea.
Humanizazioa Osakidetzako ildo estrategikoa da eta, bere helburuen artean, pertsonarengan oinarritutako arreta holistikoa sustatzea eta esparru horretako jarduerak planifikatu eta sistematizatzea ahalbidetuko duen antolaketa-eredu baterantz aurrera egitea jasotzen du. Mª Luz Marqués Ezkerralde Enkarterri Gurutzetako ESIko zuzendari gerenteak Casa de American antolatutako ekitaldian jaso du saria.
Mª Luz Marquésen iritziz, «aintzatespen honek gure erakundeko profesionalek pertsonak erdigunean kokatzen dituen arretarekin duten konpromisoa balioesten du. Humanizazioa gure osasun-laguntza ulertzeko moduaren eta pazienteen eta familien premiekiko arreta bikaina, hurbila eta errespetuzkoa eskaintzeko egunero egiten dugun lanaren parte da».




