- Kontratua bi lotetan banatuta dago, 2 milioi euroko oinarrizko lizitazio-aurrekontua du, eta alokairuko parke publikora bideratutako bi sustapen berri egiteko aukera emango du
- Eskaintzak aurkezteko epea datorren urriaren 22ko 10:00etara arte egongo da zabalik
Visesak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari atxikitako sozietate publikoak, Euskadin alokairurako 328 etxebizitza babestu garatzea ahalbidetuko duten bi sustapen berriren eraikuntza-proiektuaren aholkularitza- eta idazketa-zerbitzuak eta obren zuzendaritza eta ikuskapena lizitatu ditu. Jarduketak Zabalganan (Gasteiz) eta Bermeon egingo dira, 276 eta 52 etxebizitzarekin, hurrenez hurren. Kontratazio-prozedura sustapen bakoitzari dagozkion bi lotetan egituratu da, eta 2.000.000 euroko oinarrizko lizitazio-aurrekontua du, BEZik gabe. Eskaintzak aurkezteko epea 2026ko urriaren 22ko 10:00etara arte egongo da zabalik
Lehenengo loteak 1.500.000 euroko oinarrizko lizitazio-aurrekontua du, BEZik gabe, eta Zabalganako (Gasteiz) 5. sektoreko RD-1 partzelan alokairuko 276 etxebizitza babestu (BOEa) eraikitzeko proiektuaren idazketa eta obra-zuzendaritza biltzen ditu. Jarduketa berri horri esker, alokairura bideratutako etxebizitza babestuen presentzia handitzen jarraitu ahal izango da Arabako hiriburuko bizitegi-hedapeneko eremuetako batean. Bestalde, bigarren loteak 500.000 euroko aurrekontua du, BEZik gabe, eta Bermeoko 21.2 EUko 18. partzelan alokairuko 52 etxebizitza babestu eraikitzeko proiektuaren idazketari eta obra-zuzendaritzari dagokio.
Lizitazio horren bidez, Eusko Jaurlaritzak alokairurako etxebizitza babestu berrien sorkuntza eta parke publikoaren hazkunde jarraitua bultzatzen jarraitzen du. Adierazitako bi sustapenak Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak legegintzaldi honetan etxebizitza eskuragarrien eskaintza 7.000 etxebizitzatan handitzeko eta tokiko erakundeekin lankidetzan aritzearen eta etxebizitza babestuetarako baliabide eta lurzoru berriak mobilizatzearen bidez herritarren bizitegi-premiei erantzuteko estrategiaren barruan kokatzen dira.






