eLankidetzak ekarpena egin die ELGAren lankidetza deszentralizatuari buruzko gomendio berriei

0
  • Euskal lankidetzak modu aktiboan parte hartu du gobernu erregionalek edota tokiko gobernuek garapen jasangarrian duten rola indartzea helburu duten nazioarteko gomendio aitzindariak lantzeko prozesuan.

Vitoria-Gasteiz, 2026/09/21

eLankidetza-Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntzaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak parte hartu dute Berlinen ELGAk (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) antolatutako jardunaldian. Bertan aurkeztu dute ‘The Impact of Decentralised Development Co-operation: Driving Local Governance and the SDGs’ txostena, garapenerako lankidetza deszentralizatuaren eragina aztertzen duen lehen azterlanetako bat, gobernu erregionalek edota tokiko gobernuek politika horiek indartzeko gomendioak jasotzen dituena.

Txostena urtebete inguruko nazioarteko lan eta kontsulta prozesu zabal baten emaitza da. Bide horretan, eLankidetzak bereziki lagundu du gomendioek lankidetza deszentralizatuaren berezitasuna eta balio erantsia aitortzen. Eredu horrek euskal gizartearen elkartasuna nazioarteko eremura eramaten du, eta lurraldean sustraitutako jarduna, giza eskubideetan eta ikuspegi feministan oinarritutako lana eta gizarte antolatuarekiko lankidetza estua ditu ezaugarri nagusi.

Prozesuan zehar, euskal lankidetzaren esperientziak agerian utzi du lurraldeetan eragile anitzen arteko aliantzek duten garrantzia, baita garapenari lurralde ikuspegitik heltzeko beharra ere. Ikuspegi horrek testuinguru bakoitzaren konplexutasuna ulertzea ahalbidetzen du, dimentsio sozialak, ekonomikoak, ingurumenekoak eta kulturalak uztartuz. Aldi berean, pertsonak ekartzen ditu garapen politiken erdigunera, eta politika publikoen nahiz eragileen arteko koherentzia indartzen du.

Ekarpenik esanguratsuenetako bat Euskadin Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) lokalizazio prozesuaren eta Hego Globaleko lurraldeetan GJHen aurrerapenaren alde euskal lankidetzak egiten duen ekarpenaren arteko lotura izan da. Gizarte Berrikuntzaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak eta Euskadi Local 2030 Hub ekimenak bultzatutako lan horrek indartu egin du 2030 Agendak proposatzen duen gizarte osoaren ikuspegia. Iparraldean zein Hegoaldean beharrezkoak diren eraldaketa sistemikoei heltzeko ezinbestekoa den planteamendua, alegia.

Bestalde, Euskadik azken urteetan lankidetza deszentralizatuaren inguruan erakutsitako lidergoak ere arrastoa utzi du gomendioetan. Bai gomendioak prestatzeko prozesuan izandako parte hartzearen bidez, bai sustatutako azterlan eta analisien bidez, sektorearen aspaldiko aldarrikapen bat nazioarteko agendan txertatzen lagundu du: Garapenerako Laguntza Ofizialaren (GLO) datuak tokiko eta eskualde mailan bereizita jasotzeko beharra.

Hala, ELGAren gomendioek aitortu egiten dute gobernu erregionalek eta tokiko gobernuek egindako ekarpenen ikusgarritasuna eta trazabilitatea hobetzeko beharra. Aurrerantzean, lankidetza deszentralizatuen ekarpen espezifikoa modu egokiagoan islatu ahal izango da ELGAren Garapenerako Laguntza Batzordearen estatistika ofizialetan.

Gomendio horien onarpena urrats garrantzitsua da lankidetza deszentralizatua nazioartean aitortua izateko bidean. Izan ere, funtsezkoa da giza garapen jasangarria sustatzeko, gobernantza demokratikoa indartzeko eta lurralde bakoitzaren errealitateetara hobeto egokitutako erantzunak eraikitzeko. Finean, tokikotik globalera loturak eraikiz, 2030 Agendaren helburuak erdiesteko eta agenda eraldatzaile bat sendotzeko egiten duen ekarpena aitortzen du ELGAk.