- Imanol Pradales Lehendakariak Eusko Legebiltzarrean egindako Politika Orokorreko Bilkuran iragarri zuen ekimen berria.
- Klima-aldaketarako 340 milioi euroko neurri-sortaren barruan, Eusko Jaurlaritzak 120 milioi euroko laguntza-programa bat jarriko du abian, klimatizazio-sistema jasangarriak ezartzeko, herritar guztientzat.
- Programaren helburua da Euskadi klima-aldaketara egokitzea eta herritarrak bero-boladetatik babestea, klimatizazio jasangarrirako laguntzekin.
- Ekimena aitzindaria izango da Europan, klimatizaziorako laguntzak energia berriztagarrien sorkuntzarekin lotzen baititu autokontsumoa bezalako formulen bidez.
- Programaren izena “Eguzki Hotz” da eta “hozten duen eguzkia” kontzeptua dakar, aire girotua sortzen duen eguzki-energiari erreferentzia eginez.
- Urriaren amaieran abiatuko da programa, eta etxeei, osasun eta hezkuntza zentroei, industriari, zerbitzu sektoreari eta komertzioei zuzenduko zaie.
Eusko Jaurlaritzak 120 milioi euro mobilizatuko ditu Euskadin klimatizazio sistema jasangarriak ezartzen laguntzeko.
Programa hori, Imanol Pradales Lehendakariak ostegunean Eusko Legebiltzarrean egindako Politika Orokorreko Bilkuran iragarri zuen, eta Euskadin datozen bi urteetan klima-aldaketari aurre egiteko 340 milioi euroko laguntza-sortaren barruan dator.
“Eguzki Hotz” programak “hozten duen eguzkia” kontzeptua dakar, aire girotua sortzeko gaitasuna baitu eguzkiaren energiak. Urriaren amaieran jarriko da martxan eta euskal herritar guztiei zuzenduko zaie. Hala nola, laguntzak jaso ahal izango dituzte etxeek, osasun eta hezkuntza zentroek, industriek, zerbitzu enpresek eta saltokiek.
Programaren helburua da klimatizazio-sistema eraginkorragoak eta jasangarriagoak jartzea, geroz eta ohikoagoak diren bero-boladei aurre egiteko etxebizitzetan, zentro publikoetan eta lantokietan, azken batean tenperatura eta ongizatea hobetzeko.
Ekimenak Euskadik klima aldaketara egokitzeko duen beharrari erantzuten dio: Euskadiko eraikinek tenperatura altuei aurre egiteko prestatzen hasi behar dute, baina horrek ez du esan nahi mendekotasun energetikoa eta gure faktura elektrikoa handitu behar direnik.
Programa aitzindaria Europan
Programa berriak Europan erabat aitzindaria den planteamendu bat abiarazten du: klimatizaziorako laguntzak eta oro har, ekipamendu berriak sorkuntza elektriko berriztagarriko iturri propio bati lotzea, hori izango baita baldintza.
Hala, eraikin bat hozteko edo klimatizatzeko behar den elektrizitateak autokontsumo-instalazio batetik, herritarren energia-komunitate batetik edo energia berriztagarrien komunitate batetik etorri beharko du.
Helburua argia da: sorkuntza berriztagarria eta klimatizazioa biak batera joatea. Eraikinean bertan edo inguruan ekoitzitako elektrizitateak ekipoak elikatu ahal izango ditu, eta sarearen kontsumoa zein energia-faktura murrizten lagunduko du.
Eredu horri esker, berezko energia berriztagarriaren sorkuntza handitu egingo da klimatizazioaren eskaria igo ahala. Eguzki-erradiazio handieneko orduetan ekoitzitako energia eraikinak hozteko erabili ahal izango da, saretik eratorritako kontsumoa zein energia-faktura murriztuz.
Horrela, hiru helburu estrategiko uztartuko dira: pertsonen ongizatea babestea, klima-aldaketaren egokitzapenean aurrera egitea eta gure autonomia energetikoa hobetzea.
Programak irismen zabala izango du, eta euskal gizarteko eta ekonomiako sektore desberdinei eskainiko zaie.
Urrats berri bat autokontsumorako laguntza programaren arrakastaren ondoren
Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzaren autokontsumorako laguntzen programaren ondoren dator ekimena, eta honek aurreikusitako helburuak gainditu ditu.
2025eko maiatzean abian jarri zenetik, programak 5.670 eskaera jaso ditu eguzki-instalazio fotovoltaikoetarako. Orain arte eman diren laguntzei esker, autokontsumorako potentzia berria 88,43 MWera iritsi da, eta horrek Euskadin instalatutako potentzia % 53,2 handitu du. Alor industrialak potentzia berriaren erdia baino gehiago bateratu du, eta etxebizitzetako, zerbitzu enpresetako eta administrazio publikoetako potentzia berriak ere gora egin du.
Emaitza horiek erakusten dutenez, autokontsumoa ez da gutxiengo batek hautatzen duen aukera. Aitzitik, gero eta ohikoagoa da etxeetan eta enpresetan. Horregatik, laster abian jarriko den programa berriak esperientzia hori baliatuko du beste urrats bat egiteko: tokian bertan ekoiztutako energia berriztagarria erabiltzea klimatizazio beharren zati bat ere asebetetzeko.






