Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko NARE Programarako hautagaitzak aurkezteko epea ireki du Eusko Jaurlaritzak

0
  • Giza eskubideen alde egiten duten lanagatik mehatxuak, jazarpena edo beren bizitza, osotasun fisikoa eta psikologikoa arriskuan jartzen dituzten egoerak jasaten dituzten pertsonak Euskadin sei hilabetez hartzeko aukera ematen du programak
  • Epea urriaren 15ra arte egongo da zabalik

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritzaren bitartez, Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko NARE Programarako hautagaitzak aurkezteko epea ireki du. Euskal erakundeek, elkarteek eta GKEek urriaren 15ra arte izango dute hautagaitzak aurkezteko https://www.euskadi.eus/defensores-y-defensoras-de-los-derechos-humanos/web01-s1lehbak/es/ webgunearen bitartez eta Zehar Errefuxiatuekin erakundera bidaltzeko (helbide elektronikoa: programa.proteccion@zehar.eus.) epea.

NARE programa Zehar Errefuxiatuekin erakundearekin batera eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren laguntzarekin kudeatzen da, eta Giza eskubideen alde egiten duten lanagatik mehatxuak, jazarpena edo beren eta senideen bizitza, osotasun fisikoa eta psikologikoa arriskuan jartzen dituzten egoerak jasaten dituzten pertsonak Euskadin sei hilabetez hartzeko aukera ematen du. Harrera eta laguntza psikosozialaz gain, NARE programak harreman instituzionalen agenda bat, ekitaldi publikoak eta jatorrizko herrialdeetako ondorengo jarraipena antolatzen ditu, pertsona horien ongizatea bermatzeko eta haien lanari agerikotasuna emateko.

Giza Eskubideen eta Biktimen Arretako zuzendari Ainhoa Zugastik azpimarratu duenez, programa hori oso garrantzitsua da giza eskubideak “mehatxupean” dauden mundu honetan.Haren ustez, NARE programari 15 urtez eutsi izanak gizarte gisa definitzen gaitu, giza duintasuna defendatzen dutenak babesten ditugulako. Azaldu duenez, Euskadik pertsona horiekin duen konpromisoa ez da Euskadin harrera jasotzen duten hilabeteetara mugatzen. “Gure konpromisoa epe luzerakoa da. Haien herrialdeetara bidaiatzen dugu, nola dauden egiaztatzeko eta Euskadik NARE programaren bitartez hartutako pertsonei laguntza eta babesa ematen jarraitzen duela erakusteko”, azpimarratu du.

Aurkezteko epea amaitu ondoren, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritzak Aholku Batzordea (giza eskubideetan adituak diren erakundeez eta entitateez osatua) biltzeko deialdia egingo du, Euskadin sei hilabetez harrera jasoko duten hiru pertsonen hautagaitzak ebaluatzeko eta, arrisku- eta genero-irizpideak lehenetsiz, hautatzeko. Hautagaien artean, emakumeek, LGTBIQ+ pertsonek eta lurraren, lurraldearen eta ondasun komunen defentsan lan egiten duten pertsonek izango dute lehentasuna, nekazariak, indigenak eta afrikarren ondorengoak barne.

Programa 2011. urtean jarri zen abian, eta funtsezko elkartasun-tresna izan da giza eskubideen alde egindako lanagatik beren jatorrizko herrialdeetan arrisku eta jazarpen larriei aurre egin behar dieten pertsonei babesa eta laguntza emateko. Hamalau urte hauetan, 44 pertsona hartu dira, hain zuzen ere 31 emakume (28 heldu eta 3 haur) eta 14 gizon (11 heldu eta 3 haur). Gehienak Hego Amerikakoak eta Erdialdeko Amerikakoak ziren: Kolonbiakoak (25), Guatemalakoak (5), Honduraskoak (4), El Salvadorkoak (6), Ekuatore Gineakoak (2), Perukoak (1), Nikaraguakoak (1) eta Saharakoak (1).