IRAILAREN 21A, ALZHEIMERRAREN MUNDUKO EGUNA
- ALZAIN proiektua errealitate areagotuko betaurrekoak erabiltzen dituen tresna bat da, Alzheimerra duten pertsonak eguneroko jardueretan (hala nola hala nola gosaria prestatzen edo medikazio-jarraibideak betetzen) gidatzea helburu duena
- 2026. urtean tresna pertsona osasuntsuengan balidatu ondoren, 2027an Alzheimerra duten eta Gurutzetako, Galdakao-Usansoloko eta Urdulizko ospitaleetan artatuta dauden pertsonekin pilotajea hastea dago aurreikusita
- Ikerketa Euskadiko Osasun Itunak gaixotasun neurodegeneratiboen arreta eta detekzio goiztiarra eta pazienteentzako eta haien familientzako laguntza indartzeko ezarritako ildo estrategikoen barruan kokatuta dago
Alzheimerraren Munduko Eguna dela eta, Osakidetzak ALZAIN aurkeztu du, Alzheimer-en gaixotasuna duten pertsonei eguneroko bizitzan moldatzeko gaitasuna trebatzen eta hari eusten laguntzeko errealitate areagotuko teknologia erabiltzen duen proiektu aitzindaria.
Alzheimerra duten pertsonen arreta narriadura kognitiboa atzeratzea ez ezik oinarrizko jardueretan (hala nola janari sinple bat prestatzen, janzten, garbitzen edo medikazio-jarraibide bat behar bezala betetzen) independentziari ahalik eta denborarik luzeenean eustea ere helburu duen ikuspegi baterako bidea egiten ari da. Autonomia horri eusteak gaixotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du, ohiko ingurunean irautea errazten du eta etengabe gainbegiratzeko beharra partzialki murrizten du.
Proiektua Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoen barruan kokatuta dago. Itun horrek Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko ildo gisa jasotzen du gaixotasun neurodegeneratiboei buruzko ikerketaren aldeko apustua, hiru helbururekin: arreta indartzea, detekzio goiztiarra eta pazienteei eta familiei laguntzea.
ALZAIN Osakidetzan garatzen ari den tresna teknologiko bat da, erabiltzailea dagoen ingurune errealean objektu birtual gainjarriak agertzeko errealitate areagotuko betaurrekoak erabiltzen dituena. Elementu birtual horiekin elkarreragiten den bitartean, sistemak ikusmen- eta entzumen-argibideak ematen ditu urratsez urrats, pertsona eguneroko bizitzako hainbat sekuentziaren bitartez gidatzeko.
Proiektuaren hasierako fasean, Osakidetzako neurologia eta psikologiako profesionalek tresnak erantzun beharreko premia kliniko eta funtzionalak identifikatzen parte hartu zuten. Lan horretan oinarrituta, lehentasunezko lau jarduera hautatu ziren: aurrez ezarritako medikazio-jarraibide bat betetzea, gosari sinple bat prestatzea, janztea eta garbitzea.
Gaur egun, gosaria prestatzeko eta medikazio-jarraibidea betetzeko ingurune birtualak garatu dira, eta pertsona osasuntsuengan balidatzen hasi dira.
Prozesu hori urte amaierara arte zabaltzea aurreikusi da, parte-hartzean oinarrituta egongo den eta pazienteen, senideen, zaintzaileen, terapeuta okupazionalen eta Alzheimer-en gaixotasunaren arretan inplikatutako beste profesional batzuen ikuspegia jasoko duen metodologia baten bidez.
Alzheimerra duten pertsonentzat eta haien familientzat duen garrantzia
Alzheimerra duten pertsonentzat eta haien familientzat, eguneroko jarduerak modu independentean egiteko gaitasunari eusteak zuzeneko eragina du bizi-kalitatean eta ongizate emozionalean. Gosari bat prestatu ahal izateak edo medikazioa etengabe gainbegiratu behar izan gabe hartu ahal izateak, gaixotasuna duen pertsonaren autoestimua eta baliagarri izatearen sentsazioa indartzeaz gain, zaintzaileen karga partzialki arindu ere egiten du.
ALZAINen epe ertaineko helburua da mota horretako laguntza teknologikoak Alzheimerrari lotutako zailtasun kognitibo batzuk partzialki konpentsatu ditzakeen, errutinak ikasten edo haiei eusten lagundu dezakeen eta jarduera jakin batzuetan autonomia luzatu dezakeen aztertzea. Etorkizunera begira, bizilekuan dauden objektu errealak identifikatu ahal izateko eta erabiltzen den bitartean pertsona zuzenean gidatzeko diseinatuta dago tresna. Horrek aukera berriak irekiko lituzke asistentzia- eta bizileku-testuinguruetan erabiltzeko.
Osakidetzako profesionalen ikerketa-lana
Ikerketa Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeak zuzentzen du, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko, Galdakao-Usansolo Unibertsitate Ospitaleko eta Urdulizko Ospitaleko profesionalek ere parte hartzen dute.
Ikertzaile nagusia Iñigo Gabilondo da, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko neurologoa eta Biobizkaiko ikertzailea. Bestalde, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Oroimen Unitateko koordinatzaile eta Biobizkaiko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko kide Manuel Fernándezek funtsezko laguntzaile kliniko gisa parte hartzen du, eta Juan Carlos Gómez-Esteban neurologoak Biobizkaiko Gaixotasun Neurodegeneratiboen ikerketa-taldea koordinatzen du.
«ALZAIN hasierako garapen- eta balidazio-fasean dago. Gaur egun, gosaria prestatzeko eta medikazioaren jarraipena egiteko ingurune birtualak pertsona osasuntsuengan ebaluatzen hasi gara. 2027. urtean Alzheimerra duten pertsonekin pilotajea hastea eta janzteko eta garbitzeko inguruneak garatzeko bidean aurrera egitea espero dugu», azaldu du Iñigo Gabilondok.
«Pixkanaka egin nahi dugu aurrera, pazienteen, familien, zaintzaileen eta profesionalen ikuspegia kontuan hartuta, Alzheimerra duten pertsonen autonomia zaintzeko benetan baliagarria izango den tresna eskuragarri eta seguru bat garatzeko», gaineratu du.
Euskadiko Osasun Itunaren barruko lehentasun estrategikoa
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat, gaixotasun neurodegeneratiboei buruzko ikerketa lehentasun estrategikoa da, Euskadiko Osasun Itunak osasun-sistemaren egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango den I+G+B ekosistema sendo, kohesionatu eta lehiakor bat finkatzeko duen konpromisoarekin bat datorrena. Ekimen horrek gaixotasun neurodegeneratiboen arreta eta detekzio goiztiarra indartzeari erreparatzen dio bereziki, pertsonak ardatz izango dituen osasun-eredu berritzaileago eta efizienteago baterantz aurrera egiteko.
Pazienteak, senideak, zaintzaileak eta beste profesional batzuk pixkanaka sartzeak aukera emango du azken erabiltzaileen beharretara egokituta egongo den eta ondorengo faseetan asistentzia- eta bizileku-testuinguruetan erabili ahal izango den tresna bat lortzeko bidean aurrera egiteko.
Hurrengo urratsak
Aurreikusitakoaren arabera, Alzheimer-en gaixotasuna duten eta Osakidetzan artatuta dauden pertsonekin ALZAIN tresnaren pilotajea egiten hasiko da 2027. urtean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko, Galdakao-Usansolo Unibertsitate Ospitaleko eta Urdulizko Ospitaleko osasun-erakundeetako langile klinikoekin lankidetzan.
Hurrengo erronka betaurrekoek objektu errealak ezagutu ditzaten eta pertsona objektu horiekin elkarreragiten duen bitartean gidatu ahal izan dezaten lortzea izango da. Aurrerapen horrek nabarmen eralda lezake Alzheimerra duten pertsonek etxean beren autonomiari eusteko laguntza jasotzeko modua.






