- Helburua da udalerriek prebentzio- eta arreta-politikak herritarrak bizi diren inguruneetara hurbiltzea eta sarean lan egitea, substantzien eskaintza murrizteko, jokabide adiktiboak prebenitzeko eta estigma murrizteko.
- Laguntzek Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoei erantzuten diete: osasun komunitarioko lankidetza-estrategiak sustatzea, eragile publiko eta pribatuen sare bat koordinatzea, eta osasuna sustatzeko parte-hartzean oinarritutako prozesuak sustatzea
Gobernu Kontseiluak 2026. urtean Euskadiko Adikzioen VIII. Planarekin bat datozen udal- eta komunitate-programak finantzatzeko Osasun Sailaren 1.201.328,75 euroko laguntzei buruzko Agindua onartu du gaur.
Dirulaguntzak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak kudeatuko ditu, programa bakoitzaren aurrekontuaren % 50era bitartean finantzatuko dute, eta deialdia norgehiagoka-erregimenean egingo da, EHAAn argitaratu eta 15 egun balioduneko epearekin.
Laguntzen helburua
Osasun Sailak aldatu egin du aurreko deialdien ikuspegia, eta Adikzioen VIII. Planarekin lotu ditu zuzenean. Helburua da udalek eta toki-erakundeek parte-hartzean oinarritutako jarduketak egitea, hain zuzen ere:
- Ingurune osasungarriagoak sortuko dituztenak eta eragileen arteko koordinazio hobearen bidez substantzia adiktiboen eskaintza murriztuko dutenak.
- Araudiaren aplikazioa hobetu eta prebentzioa indartuko dutenak adin guztietan (haurtzaroan, nerabezaroan, gaztaroan, helduaroan eta adinekoengan).
- Adikzioak dituzten pertsonentzako ibilbide argiak zehaztu, erantzunak hainbat profiletara egokitu eta estigma murrizteko lan egingo dutenak.
- Jokoari eta teknologien gehiegizko erabilerari lotutako jokabide problematikoen inguruko arreta integrala indartuko dutenak.
- Profesionalen prestakuntzan, programen ebaluazioan, ikerketan eta adikzioen inguruko jardunbide egokien identifikazioan lagunduko dutenak.
- Adikzioen prebentzioan eta haien inguruko lanean inplikatutako erakunde guztien arteko sareko lana finkatuko dutenak.
Nork eskatu ditzake eta nola banatzen dira funtsak?
Zuzenean edo erakunde espezializatuekin lankidetzan beren lurraldean adikzioei aurre egiteko eta haien prebentzio komunitariorako programa egituratuak kudeatzen dituzten toki-erakundeek jaso ahal izango dituzte laguntzak.
- Deialdiaren guztizko zenbatekoa 1.201.328,75 euro da.
- Dirulaguntza bakoitzak aurkeztutako programaren guztizko aurrekontuaren % 50 finantzatuko du gehienez.
- Ezein toki-erakundeak ezin izango du jaso esleitutako kreditu osoaren % 6 baino gehiago.
Epeak, izapideak eta ordainketa
Eskaerak bide elektronikoz baino ez dira aurkeztuko, agindua EHAAn argitaratu eta 15 egun balioduneko epearen barruan.
Laguntza onartu ondoren, lehen ordainketa egingo da, % 80koa, 2026ko aurrekontuaren kontura. Gainerako % 20a justifikazio-memoria bidali ondoren ordainduko da. Memoria horretan, programaren betetze-maila, haren garapenaren balorazio kualitatibo eta kuantitatiboa eta adikzioen arloko tokiko beste jarduera batzuei buruzko informazioa jasoko dira.
Euskadiko Osasun Ituneko konpromisoak
Osasun Sailaren deialdi hau bat dator Euskadiko Osasun Itunarekin, osasun publikoaren arloko ekintza komunitarioa eta sektoreen arteko koordinazioa indartzen baititu. Zehazki, 2030eko Euskadiko Osasun Planaren barruan honako hauek bultzatzen dituzten ildo estrategikoei erantzuten die:
- Osasun komunitarioko lankidetza-estrategiak, osasun publikoaren ikuspegitik.
- Osasun-arloan sektoreen arteko ekintza sustatzeko eragile publiko eta pribatuen sare baten koordinazioa.
- Osasuna sustatzeko parte-hartzean oinarritutako eta ekintza komunitarioko prozesuak.
Laguntzen helburua da udalerriak funtsezko eragileak izatea Osasun Planaren eta Adikzioen VIII. Planaren inplementazioan, eta prebentzio- eta arreta-politikak herritarrak bizi diren inguruneetara hurbiltzea.






