Udaletan eta toki-erakundeetan osasuna sustatzeko proiektuak bultzatuko ditu Osasun Sailak

0
  • Udalek eta toki-erakundeek ongizatea hobetzeko, gizarte-kohesioa indartzeko eta osasun-arloko desparekotasunak murrizteko egiten dituzten ekimenak —parte-hartzean oinarrituak— babestuko ditu Eusko Jaurlaritzak
  • 7.000 eurora bitarteko laguntzak emango ditu proiektuko, eta 13.000 eurora bitartekoak erakunde onuraduneko, toki-esparruan osasuna sustatzeko mota orotako jardueretara irekitako deialdi batekin
  • Laguntza horiek zuzenean lotuta daude 2030eko Euskadiko Osasun Planarekin eta Euskadiko Osasun Ituneko konpromisoekin, herritarrek eta toki-erakundeek osasuna eta ongizatea hobetzen parte har dezaten sustatzen baitute

 

Osasun Sailak 250.000 euro bideratuko ditu 2026an toki-esparruan osasuna sustatzeko garatutako eta parte-hartzean oinarritutako proiektuak babestera, Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen Aginduaren arabera.

Laguntza horiek zuzenean lotuta daude Euskadiko Osasun Ituneko konpromisoekin, herritarrek eta toki-erakundeek osasuna eta ongizatea hobetzen parte har dezaten sustatzen baitute. Deialdiak erakundeen eta tokiko komunitatearen arteko elkarlana indartzen du, eta udalerri bakoitzaren beharretara egokitutako eta osasun-arloko gizarte-desparekotasunak murriztera bideratutako hurbileko ekimenak garatzen laguntzen du.

 Komunitate bakoitzaren beharrak ardatz dituzten proiektuak

Dirulaguntzak Euskadiko toki-erakundeei zuzenduta daude, baita haien erakunde autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei ere. Honako helburu hauek dituzten proiektuak finantzatzeko aukera emango dute:

  • Ingurune bera partekatzen duten pertsonen bizi-baldintzak hobetzea.
  • Osasuna eta ongizatea hobetzeko gaitasun indibidualak eta kolektiboak indartzea.
  • Pertsonen arteko loturak eta gizarte-kohesioa sendotzea.
  • Proiektuetan kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboak txertatzea.

Deialdiak 2023an sartutako aldaketak jasotzen ditu, eta tokiko esparruan osasuna sustatzeko mota orotako jarduerak aurreikusten ditu.

Laguntza horiek, halaber, 2030eko Euskadiko Osasun Planean sartzen dira. Plan horrek herritarren parte-hartzearen eta ekintza komunitarioaren alde egiten du, osasun-arloko gizarte-desparekotasunak murrizteko eta ingurune osasungarriagoak sustatzeko.

  1. urtean, deialdiak tokiko 43 proiektu babesteko aukera eman zuen.

 7.000 eurora bitartean proiektuko

Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa honako hau izango da gehienez ere:

  • Eskatutako zenbatekoa.
  • Diruz laguntzeko modukotzat hartutako proiektuaren aurrekontu osoaren % 75.
  • 7.000 eurora bitartean proiektuko.
  • 13.000 euro erakundeko, proiektu bat baino gehiago aurkezten dituenean.

Eskaerak bide elektronikoz soilik

Erakunde interesdunek bide elektronikoz baino ezin izango dituzte aurkeztu eskaerak. Epea deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta hiru astez egongo da irekita.

Laguntzak bi fasetan ordainduko dira: lehen ordainketa, % 70ekoa, 2026ko aurrekontuaren kontura, eta bigarren ordainketa, % 30ekoa, proiektua amaitu eta justifikatu ondoren, 2027ko konpromiso-kredituaren kargura.

Deialdiak jarraitutasuna ematen dio Osasunaren Mundu Erakundearen eta Europar Batasunaren gomendioei jarraitzen dien eta osasun-politikak herritarren eguneroko bizitzara hurbiltzen dituen laguntza-lerroari.