Bengoetxea Lehendakariordeak Euskadiren nazioarteko proiekzioa indartuko du Parisen, kulturaren bidez

0
  • Ibone Bengoetxea irailaren 23an eta 24an joango da Parisera, kultura nazioarteko proiekziorako eta aliantza berriak sortzeko tresna gisa ardatz izango duen agenda batekin
  • Malandain Ballet Biarritz konpainia osoarekin iritsiko da lehen aldiz Théâtre des Champs-Élyséesera, Ça colle au basque programazioaren barruan
  • Parisen Eusko Jaurlaritzaren eta Ballet Biarritzen arteko aliantza berria aurkeztuko da; 2027tik aurrera lankidetza-etapa berri bat irekiko du, dantzaren esparrutik harago joango dena.

Ibone Bengoetxea Lehen Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua irailaren 23an eta 24an Parisera joango da bidaia instituzional batean. Bidaiaren ardatza kultura izango da, Euskadiren nazioarteko proiekziorako eta aliantza berriak sortzeko tresna gisa.

Agendaren lehen mugarrietako bat hilaren 23an izango da: Malandain Ballet Biarritzek Théâtre des Champs-Élyséesen egingo duen emanaldia. Konpainiak lehen aldiz jardungo du bere talde artistiko osoarekin Parisko musika- eta dantza-eszenatoki erreferenteetako batean. Konpainiaren presentzia Ça colle au basque egitasmoaren barruan kokatzen da. Etxepare Euskal Institutuaren ekimen horren helburua euskal kulturaren eta euskararen presentzia eremu frankofonoan indartzea da.

Hilaren 24an, Parisen, Eusko Jaurlaritzaren eta Zentro Koreografiko Nazionala – Ballet Biarritzen arteko aliantza berria aurkeztuko da. Aliantza horrek lankidetza-etapa berri bat irekiko du 2027tik aurrera. Dantzaren esparrutik harago joango den aliantza izango da, sorkuntzaren, talentuaren, prestakuntzaren eta kulturaren inguruan aukera berriak sortzeko eta Euskadiren nazioarteko proiekzioa indartzeko.

Lehendakariordearen agendak, halaber, aukera emango du Frantziako kultura-erakundeekin harremanak estutzeko eta aliantza berriak eraikitzen aurrera egiteko, Euskadi Globala estrategiaren barruan.