Osakidetzak 73 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu 2032. urtera bitartean bere zentroetako klimatizazioa eta energia-efizientzia hobetzeko

0
  • Gauzatutako edo aribideko jarduketek eta 2026rako aurreikusitako eguzki-babeserako neurriek 14,87 milioi euroko zenbatekoa dute
  • Osasun-arloko Azpiegitura eta Ekipamenduen Programan, beste 58,15 milioi euro aurreikusten dira 2027tik 2032ra bitartean, instalazioak berritzeko eta eraikinen isolamendua eta eguzki-babesa hobetzeko 
  • Inbertsioen helburua da ospitaleak eta lehen mailako arretako zentroak tenperatura altuetara egokitzea eta pazienteen eta profesionalen erosotasuna hobetzea 
  • Jarduketa horiek Euskadiko Osasun Itunaren eta itun horrek pazienteen eta profesionalen beharretara egokitutako osasun-arloko azpiegitura moderno eta jasangarrien alde egiten duen apustuaren barruan kokatzen dira

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak 73,02 milioi euroko zenbatekoa izango duten jarduketak aurreikusi dituzte 2032ra bitartean, euskal osasun-sare publikoan klimatizazioa eta energia-efizientzia hobetzeko. Zenbateko horren barruan, gauzatutako edo aribideko jarduketei eta 2026rako aurreikusitako eguzki-babeserako neurriei dagozkien 14,87 milioi euro eta 2025-2032 aldiko Osasun-arloko Azpiegitura eta Ekipamenduen Programan 2027-2032 aldirako aurreikusitako 58,15 milioi euro sartzen dira.

Inbertsioei esker, klimatizazioko eta hotza eta beroa produzitzeko sistemak berritu, isolamendua hobetu eta eguzki-babeserako neurriak hartu ahal izango dira ospitaleetan eta lehen mailako arretako zentroetan. Helburua da eraikinak tenperatura altuetarako prestatzea eta arreta- eta lan-baldintzak hobetzea energiaren kontsumoa murrizten lagunduko duten soluzioen bidez.

Lau inbertsio-lerro osasun-sarea egokitzeko

2027-2032 aldirako aurreikuspena lau lerrotan banatuta dago: 16,4 milioi euro ospitaleen eta lehen mailako arretako zentroen klimatizaziorako; 1,5 milioi euro bloke kirurgikoen klimatizazioa eraberritzeko; 19,75 milioi euro produkzio termikoko sistemak berritzeko; eta 20,5 milioi euro eraikinen inguratzaile termikoak birgaitzeko.

Jarduketa horien barruan, hotza eta beroa produzitzeko sistemak ordeztea edo handitzea aurreikusten da, eraberritzeen, zabalkuntzen eta ekipamendu berrien ondoriozko beharrei erantzuteko. Bloke kirurgikoetan, berrikuntzak aukera emango du instalazioak gune horietako airearen kalitateari lotutako eskakizunetara egokitzeko.

Plangintzak, halaber, bero-ponpetan oinarritutako instalazioen eta eraikinen isolamendua hobetzearen alde egiten du. Neurri horiek eguzki-babeserako soluzioekin osatuko dira, beroaren sarrera eta hozte-beharrak murrizteko.

2026an ospitaleetan eta lehen mailako arretako zentroetan egin beharreko jarduketak

2026rako jasotako jarduketa nagusien artean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko bloke kirurgikoaren klimatizazioa eraberritzea nabarmentzen da. Jarduketa horrek 7,89 milioi euroko zenbatekoa izango du. Arabako Ospitale Psikiatrikoan, 2,84 milioi euroko esku-hartzea egingo da, eta produkzio termikoa berritu, aire girotuko unitateak ordeztu eta energia fotovoltaikoko sistema bat instalatuko da. Bestalde, San Eloy Ospitaleko hainbat eremutako klimatizazioaren eraberritzeak 2,08 milioi euroko zenbatekoa izango du.

Esku-hartze horiei Galdakao-Usansolo, Txagorritxu eta Gurutzetako ospitaleetako hotza produzitzeko sistema berriak gaineratu behar zaizkie. Sistema horien guztizko inbertsioa 1,33 milioi eurokoa izango da. Horiez gain, klimatizazio-hobekuntzak egingo dira Santiago, Bidasoa, Urduliz eta Zumarragako ospitaleetan eta osasun mentaleko hainbat zentrotan.

Gainera, Basurtoko Unibertsitate Ospitaleko Escuza pabiloiaren klimatizazio integraleko proiektua abian jartzeko beharrezkoa den azterketa teknikoa egiten ari da Osakidetza. Esku-hartze hori osasun-arloko azpiegituren modernizazio termikoko estrategiaren barruan sartzen da. Jarduketak psikiatriako ospitaleratze-eremuari emango dio lehentasuna, asistentzia-ingurune egokia, segurua eta pazienteen eta profesionalen erosotasun termikoko beharretara egokitua bermatzeko.

Esku-hartze hori, gainera, Osakidetza azken urteotan osasun mentalaren arloan garatzen ari den lehentasunezko estrategian sartzen da. Escuza pabiloiaren klimatizazioarekin, Osakidetzaren psikiatria-eremu guztien klimatizazioa amaituko da.

Lehen mailako arretan, jarduketak Agurain, Habana, Amara Berri, Egia, Lartzabal, Gros, Hondarribia, Mutriku, Alango, Basurto eta Etxebarriko zentroetan egingo dira. Esku-hartzeek behar zehatzei erantzuten diete, hala nola kontsulten eta beste asistentzia-gune batzuen klimatizazio-beharrari eta sendagaiak kontserbatzeko eremuetan tenperatura egokiak edukitzeko beharrari.

Aurreikusitako beste neurri bat eguzki-babesa da. Santa Marina Ospitalean, solairuetan pixkanaka olanak instalatzea dago aurreikusita. Jarduketa horrek 41.900 euroko inbertsioa izango du 2026an.

Egiturazko esku-hartzeen osagarri gisa, azken bi urteetan osasun-erakundeek 3.336 haizagailu eta aire girotuko 310 ekipo eramangarri eskuratu dituzte, 288.898 euroko guztizko gastuarekin. Gastu hori ez dago 73,02 milioi euroen barruan sartuta, eta erosotasun termikoko behar puntualei erantzutea ahalbidetzen du ospitaleetan eta lehen mailako arretako zentroetan.

Tenperatura altuetarako hobeto prestatutako osasun-sarea

Tenperaturen igoera eta beroaldiak direla eta, hobetu egin behar da osasun-zentroetako hozte-sistema. Eraikin horietako asko diseinatu zirenean, berokuntzan pentsatu zen nagusiki. Osakidetzak hozte-sistemak sartu ditu eraberritzeen eta zabalkuntzen bidez, arreta-baldintzak hobetzeko eta ekipamendu jakin batzuek behar bezala funtzionatzeko behar dituzten tenperaturak edukitzeko.

Plangintza horren bidez, tenperatura altuetarako hobeto prestatuta egongo den eta paziente eta profesionalentzako gune erosoagoak eskainiko dituen osasun-sare bat bultzatuko dute Osasun Sailak eta Osakidetzak. Inbertsioek, halaber, eraikinen efizientzia hobetzea, energiaren kontsumoa eta emisioak murriztea eta energia berriztagarrien erabilera areagotzea dute helburu.

Jarduketa horiek Euskadiko Osasun Itunaren eta Euskadiko osasun-arloko azpiegituren modernizazioan aurrera egiten jarraitzeko eta, ildo horretan, haien jasangarritasuna, efizientzia eta egungo eta etorkizuneko asistentzia-beharretara egokitzeko ahalmena hobetzeko konpromisoaren barruan kokatzen dira.