Aztarna eta arrastoei buruzko bisita interpretatibo bat egingo da aurten Bertizko ate irekien egunean egingo den artisautza azokarekin batera

0

Irailaren 26an, larunbata, Bertizek ateak zabaltzeko urteroko jardunaldia egingo du. Aurten, parke naturalak tailer bat eskainiko du lehenengoz, familientzako “Aztarnak eta arrastoak” ezagutzeko. Gainera, egun horretan doakoa izango da parkeko Lorategi Historiko-Artistikorako sarrera, eta goizean bi mikro-bisita (gaztelaniazkoa eta euskarazkoa) programatu dira, eta interpretazio bisita bat lorategira, jauregira zabaldua, arratsaldeko lehen orduan. Guztira 60 leku daude eskuragarri, doakoak, baina izena eman behar da cinberti@navarra.es helbidera idatzi edo 948 59 24 21 telefonora deituta.

Halaber, lorategiko sarreraren inguruan, artisautza-azoka izango da larunbatean, eta produktu gastronomiko eta material artistikoak eskainiko ditu. Gazta, eztia, gozokiak, larruzko artisautza-lanak, bitxiak eta mendiko motxilak izango dira, besteak beste, 11:00etatik 14:00etara zabalik egongo diren 14 salmahaietan erosi ahal izango diren produktuetako batzuk. Azoka hau Argitzu Elkartearekin lankidetzan egin da, 2018an sortutako artisau-elkartea, Nafarroako Baztan, Bortziriak, Malerreka, Urdazubi eta Bertizarana eskualdeetako sortzaileak biltzen dituena.

Bertizarana Baztan-Bidasoa arroan dago, eta, beraz, Nafarroako kantauriar haranen adierazgarria da. Bertizko jaurerrian bi gune bereizten dira: Lorategi Historiko-Artistikoa, 3,4 hektareakoa, eta Basoa, 2.048 hektareakoa. Azken hori baso-eremu bat da, non harizti atlantikoak eta pagadiak nagusi diren, eta finka osoa hartzen du, 842 metroko Aizkolegi mendiaren gailurreraino. Egun horretaz gain, udazken honetan gune hau bisitatu ahal izango da, asteartetik igandera,10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, ezohiko egoera meteorologikoetan izan ezik. Parke naturalak aparkalekuak eta bisitariarentzako arretagunea ditu. Bertan, eta webgunean, Lorategi Historiko-Artistikoaren mapa-gida bat, Parke Naturaleko bide seinaleztatuak jasotzen dituena, eta lorategirako “ibilbide sentsorial” baten proposamena daude eskuragarri.

Animalien arrastoei jarraitzea eta instalazioak ezagutzea

“Aztarnak eta arrastoak” jarduera berria da programazioan, eta familiei zuzenduta dago. Jarduera horretan, hiru orduz, izena ematen duten 20 pertsonek parkeko hainbat gune bisitatzeko aukera izango dute Álvaro Gómez Solís Ingurumen Hezkuntza eta Kontrol eta Basoaren eta Natur Ingurunearen Kudeaketan goi-mailako graduatuaren eskutik. Lumetan, eskaiolazko moldeetan edo burezur txikietan oinarritutako metodologiari buruzko sarrera baten ondoren, “ikusten ikasteko” jarraibideak jasoko dituzte. Ondoren, taldeak kilometro batzuk egingo ditu desnibel txikiko pista batetik. Ibilaldi lasai batean zehar, adituaren laguntzarekin, harizti helduetan eta ibaiguneetan okilek, igarabek, basurdeek edo oreinek utzitako basabizitzaren zantzuak hautemango dituzte. Jarduera hori 10:30etatik 13:30etara egingo da, eta oinetako erosoak eta edateko zerbait eramatea gomendatzen da, batez ere bero handia egiten badu.

Goizean, halaber, bi bisita egingo dira jauregiaren gunera, Ciga – Fernández senar-emazteen egoitza izandakoa. Parkeko langileak arduratuko dira bisitak gidatzeaz: 11:00etan gaztelaniaz eta 12:00etan euskaraz. Saio bakoitzak 45 minutu iraungo du, eta talde bakoitzean 10 lagunentzako lekua egongo da. “Kotxerak” eraikinean hasita, parkearen datu nagusiak errepasatuko dira maketa handi baten laguntzarekin. Bertizko Jaurerria Natur Parkea, katalogazio hori duen Nafarroako lehena, 1984tik da parke naturala, eta Natura 2000 Sarearen parte da. 2.052 hektarea hartzen ditu eta, basoaz eta Lorategi Historiko-Artistikoaz gain, hainbat instalazio ditu, hala nola Naturaren Interpretazio Zentroa, Jauregia – Biltzar Zentroa, Erakusketa Aretoa eta atseden-eremu bat.

Arratsalde botaniko-artistikoa
Arratsaldean, Bertizko Lorategi Historikoa bisitatzea da proposamena. Mende bat baino gehiagoko diseinua da, eta bide eta bidexka bihurgunetsuen sare eder batek osatzen du, espezie askotako zuhaitz handi eta heskai, zuhaixka eta lorez inguratuta. Urmaelen, zubi txikien edo biribilguneen inguruko paisaiek ere edertasun handiko elementuak biltzen dituen giroa sortzen dute, hala nola begiratokia eta kapera bere beirateekin; Art Nouveauko bitxiak dira eta XIX. eta XX. mendeen arteko garai artistikoaren edertasunaren adierazgarri dira.  “Lorategi pintoreskoa”-ren irudikapen ona da, bere tamaina txikia eta ekialdeko eragina duten elementuak baititu ezaugarri. Joan den ekainean, Frantziako Kultura Ministerioko ‘Rendez-vous aux jardins’ (‘Hitzordua lorategietan’) ekimenarekin bat egin zuen, lorategi horien aberastasuna eta aniztasuna publiko zabalari ezagutarazteko.

Bisita hau parkeko ate irekien egunerako antolatu da bereziki, urtean zehar eskaintzen den bisita-eskaintza zabaltzen baitu, jauregirako sarbidea ere barne hartuta. Taldeak eraikineko hiru solairuetara sartzeko aukera izango du, eta, gela bakoitzerako ibilbide zehatzik aurreikusita ez badago ere, gelen funtzioei, historiari eta elementu nagusiei buruz hitz egingo da, baita jauregiaren estilo arkitektoniko eta materialen jatorriari buruz ere. 20 plaza daude eta ibilbidea 16:00etatik 17:30era programatu da.