Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ikaskuntzak politika publikoetan belaunaldien arteko elkartasuna txertatzearen aldeko mezua zabaldu dute

0

Gaur Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean egin den «DENONA Belaunaldien arteko Elkartasuna Ehunduz» topaketak administrazio munduko hainbat pertsona bildu ditu, gobernantzaren ikuspegitik belaunaldi arteko elkartasunaren kontzeptuan sakontzeko helburuarekin.

Hiru hitzorduko ziklo baten barruan antolatu den lehen jardunaldia izan da, bakoitza proiektuaren hiru ardatzetako bati lotua: Gobernantza, Aukerak eta Komunitatea. Jardunaldiek adituen ekarpena eta parte-hartze egituratua uztartzen dituzte, eta Europako Batzordeak 2026ko martxoan onartutako Belaunaldien arteko Ekitateari buruzko Estrategiarekin lerrokatzen dira.

Gaurko jardunaldian, Nerea Melgosa sailburuak argitu du belaunaldien arteko elkartasunaren ikuspegia politika publikoetan txertatzeak belaunaldi bakar bat ere ez dela isolatuta bizi aitortzen duela. «Gizartearen ikuspegi zatikatua gainditu behar dugu. Kontua ez da gazteak eta adinekoak kontrajartzea, ezta eskubideak banatzea ere, aurrez aurre dauden baliabideak balira bezala. Hain zuzen ere, ulertu nahi da etxebizitza duin bat, kalitatezko enplegu bat edo etengabeko prestakuntza bat eskuratzen duen gazte baten ongizatea lotuta dagoela adinekoen segurtasunarekin, autonomiarekin eta parte-hartzearekin «, azaldu du Ongizate, Juvetud eta Erronka Demografikoko sailburuak.

Bestalde, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak belaunaldi bakoitzaren beharrak elkartasunez aztertzearen eta belaunaldi bakoitzaren gaitasunak eta ezagutzak baloratzearen garrantzia azpimarratu du. «Gure gizartearen etorkizunari buruzko funtsezko gai baten aurrean gaude: gizarte kohesionatu eta justu gisa irautea eta aurrera egitea. Horretarako ezinbestekoa da gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiek elkarrekin hitz egitea eta ondare duin eta iraunkorra transmititzea «gaineratu du Urkizak.

Hitzaldi nagusia Christiny Miller ZOE Institute for Future-fit Economies erakundeko kidearen eskutik heldu da eta Intergenerational Governance Matrix aurkeztu du, gobernuei beren politiketan belaunaldien arteko berdintasuna txertatzen laguntzeko pentsatutako tresna. Matrize horrek bost zutabe ditu (epe luzerako orientazioa, prebentzioa eta erresilientzia, esperimentazioa eta moldagarritasuna, ordezkaritza eta parte-hartzea, eta politiken koherentzia) gobernantzarako lau ardatzei (konpromiso estrategikoa, erakundeen gaitasunak, analisirako prozesuak eta tresnak, eta emaitzak eta finantzaketa) lotuta daudenak.

DENONA zikloaren barruko hurrengo bi jardunaldiak urriaren 7an BBK Kunan (Bilbo) eta urriaren 19an Miramongo Eraikin Nagusian (Donostia) izango dira