- Mikel Torres Lehendakariordeak harrera egin dio Jorge Walter Correa Lan ministro buenosairestarrari, eta Lanbideren arreta eredua, zerbitzuak eta eraldaketa prozesua ere ezagutu ditu
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa bisitatu ditu ostiral honetan Buenos Aires probintziako Gobernuko Lan Ministerioaren ordezkaritza batek, Jorge Walter Correa ministroa buru zela, Euskadik enpleguaren, inklusioaren, gizarte babesaren eta gizarte ekonomiaren arloetan garatzen dituen politika publiko nagusiak ezagutzeko.
Bisitaldiari esker, esku hartze publikoko esperientziak eta ereduak partekatu ahal izan dira, baita Euskadiren eta Buenos Aireseko probintziaren artean interes komuneko balizko esparruak aztertu ere. Agenda 10:30ean hasi da, Lanbideren Gasteizko instalazio nagusietara egindako bisitarekin. Francisco Pedraza Moreno zuzendari nagusiak eta José Antonio García Díaz Koordinazio eta Komunikazio zuzendariak egin diote harrera Argentinako ordezkaritzari.
Ondoren, 12:00etan, Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Mikel Torresek, lan bilera egin du Jorge Walter Correa ministroarekin, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan. Era berean, Sara Buesa Rodríguez Enplegu eta Inklusio sailburuordeak, Jokin Díaz Arsuaga Gizarte Ekonomiako zuzendariak eta Miriam Rosana Signo Bonaereko ordezkaritzako laguntzaileak ere hartu dute parte bileran.
Bileran, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak bultzatzen dituen politiken oinarrizko ildoak azaldu dituzte, arreta berezia jarriz enplegagarritasuna hobetzeari, gizarteratzeari eta laneratzeari, pertsonei laguntza pertsonalizatua emateari, prestakuntzari, kontratazioari laguntzeari eta gizarte ekonomia indartzeari. Era berean, enplegu zerbitzu publikoen egungo erronkei eta politika publikoak ekonomiaren, gizartearen eta lanaren eraldaketetara egokitzeko beharrari buruzko esperientziak trukatzeko balio izan du topaketak.
Lanbidera egindako bisitak aukera eman dio Argentinako ordezkaritzari haren gobernantza eredua, antolaketa egitura, zerbitzu zorroa eta etorkizuneko erronka nagusiak ezagutzeko. Halaber, errentak eta prestazioak bermatzea enplegu politika aktiboetarako eskubidearekin eta pertsonei banakako arreta ematea, enpresentzako aholkularitzaz, kontratazioari laguntzeaz eta haien lehiakortasuna hobetzeaz gain.
Landutako edukien artean honako hauek daude: lan orientazioko zerbitzuak, bitartekaritza eta enplegu zerbitzuak, lanerako prestakuntza, autoenplegurako eta ekintzailetzarako aholkularitza, enpresentzako laguntza eta enplegua, prestakuntza eta gizarteratzea eta laneratzea barne hartzen dituzten programak.
Lanbide Hobetzen berrikuntza eta eraldaketa prozesua ere ezagutu du ordezkaritzak, pertsonak eta enpresak ardatz izango dituen zerbitzu eredu bat eratzera bideratua, antolaketa egitura berri batekin batera.






