Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Bizkaiko ahaldun nagusiak Bilboko metroaren 5. lineako obren aurrerapena egiaztatuko dute

0
  • Lan-taldeek trenbide metropolitarraren 5. linea izango denaren lineako tunelaren % 61 hondeatu dute dagoeneko
  • Susana García Chueca sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak Bengoetxeko geltokia izango denaren obren garapena egiaztatu dute

 

Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak ostiral honetan egiaztatu dute Galdakaon Bilboko trenbide metropolitarraren 5. linea eraikitzeko lanak abiadura egokian doazela, Aperribai eta Bengoetxeko etorkizuneko geltokietako hondeaketa-lanak amaituta. Usansoloko ospitaleari zerbitzua emango dion terminalean, berriz, galeria pilotua dagoeneko osorik zulatuta dago.

García Chueca eta Etxanobe gaur goizean Bengoetxen elkartu dira, eta Iñigo Hernando alkatearekin batera, hondeatu den bolumen handia, 100 metro luze eta 20 metro zabal dena, eta azpiegitura berriaren tarteko geltokia eraikitzeko lanekin hasteko prestatuta dagoena, zeharkatu dute. 5. lineak Basauritik Usansoloko ospitalera eramango du metroa, Galdakaotik igarota, eta etorkizunean Busturialdetik eta Durangaldetik datorren Euskotrenen linearekin lotuko da. Bost geltoki ditu, eta erdibana finantzatzen dute Eusko Jaurlaritzak –obra Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bidez ari da gauzatzen– eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

García Chuecak eta Etxanobek N-634 errepidearen ondoan hondeatutako kaxoiaren tamaina egiaztatu dute Bengoetxen eta, ondoren, obraren zuzendariak emandako azalpen teknikoak jaso ostean, orain dela egun batzuk hondeatzen hasi ziren eta Bengoetxe eta Galdakao lotuko dituen tunelean sartu dira.

Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu duenez, “azpiegitura honetan aurrera egiteko, beharrezkoak izan dira bultzada politikoa eta finantza-gaitasuna, eta 5. linea honek, 6,2 kilometroko luzerarekin eta bost geltokirekin, argi eta garbi frogatzen du gure gaitasun teknikoa, bai eta, erakundeen artean akordiotara iritsiz, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko gai garela ere”.

“Linea berriak metroaren sarera hurbilduko ditu Urdaibai eta Durangaldea eskualdeak”, adierazi du, eta ondoren gogorarazi duenez, “Bizkaia mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik egituratzeko urratsak ematen jarraitzen dugu, eta aurrera jarraitzen dugu 4. linea Bilbo hegoaldeko goiko auzoetara, Errekalde edo Iralara, eramateko beharrezko azterlanetan eta izapideetan”.

Bestalde, Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak erakundeen arteko lankidetza balioetsi du, eta, metroa, trena eta autobusa bateratzen dituen intermodalitatean oinarrituta dagoen eta 5. linearen inguruan errealitate bihurtuko den mugikortasun-planaren esparruan, Aldundiak trenbide-sare metropolitarrarekin duen konpromisoa nabarmendu du, eta “lurralde-kohesioa bermatzeko, pertsonen eguneroko bizitza errazteko eta aukera gehiago eskaintzeko funtsezko apustua da” esan du.

“Garraio publikoan mugitzea gero eta errazagoa, irisgarriagoa eta eraginkorragoa izatea ahalbidetuko duen sistema baterantz aurrera egiten ari gara, eta horrek esan nahi du garraiobide bakoitzean modu isolatuan pentsatzeari utzi eta sistema interkonektatu bat eraiki behar dela, metroa, Euskotren eta Bizkaibus elkarren osagarri izango diren sistema, intermodalitatearen babespean lan egiteko aukera emango duena”, adierazi du Etxanobek.

Bengoetxeko geltokian erabat gauzatuta daude ezpondak lurrean eta harkaitzean hondeatzeko lanak, euste-pantailak eta ezponden gainazalei harkaitzean eusteko lanak. Geltokiko zimendu-lauzari dagokionez, garbitasuneko hormigoia gauzatu da, eta prestatuta daude, beraz, zimendatzen hasteko lanak.

Gainerakoan, zatiaren hasieran, Olabarrietako frontean, sarrerako galeria osatzen duten 125 metroen hondeaketa- eta euspen-lanak amaituta daude, eta horixe izan da lineako tunelerako sarbidea. Fronte horretatik 600 metro gauzatu dira Galdakaorako noranzkoan, Bengoetxeko geltokiraino iritsi arte. Aperribairako norabidean, 450 metro gauzatu dira. Tunel-zati horietan, txikitze-lanak egiten jarraitzen dute. Bestalde, Bengoetxeko geltokitik, Galdakaorako noranzkoan, VE-02 aireztapen-galeria egin da, eta hondeaketa-fronteak dagoeneko 100 metro egin ditu aurrera Galdakaoko geltokia izango denerantz. Beste aldetik, Abusuko frontetik, 500 metro hondeatu dira Galdakaorako noranzkoan.

Linearen gainerakoa

Sarratuko eta Aperribaiko geltokiak barne hartzen dituen zatian, lineako tunelaren ia 600 metro hondeatu dira eta 300 metro egin dira txikitze-lanean. Aperribain dagoeneko osatu da geltokia hartuko duen kaxoiaren hondaketa, eta laster hasiko dira geltokia eraikitzeko lanak. Sarratu inguruan, azaroan, merkantzia-bideak, bai Ariz-Basurtu trazadurakoa, bai Arcelor Mittalera iristekoa, bere behin betiko posiziora eramango dira. Jarduketa hori egin ondoren, Sarratuko geltokia egiten hasiko dira.

Azken zatiak Ospitaleko geltokia barne hartzen du, eta lineako tunelaren zati handiena dagoeneko hondeatuta dago. Usansoloko aldetik sartzeko kanoia ere hondeatuta dago erabat, eta duela gutxi amaitu da ospitaleko terminaleko galeria pilotuaren hondaketa. Belarriak zabaltzeko lanetan ere ari dira.

Jarduketa horiek guztiak abian direla, ETSk dagoeneko hondeatu du metroaren unitateak igarotzeko lineako tunel osoaren % 61, trazaduraren 6,3 kilometroetatik 3.870 metro guztira.