Barakaldoko Udaltzaingoak zehapen-espedientea ireki dio ostalaritzako lokalari, gehienezko edukiera gainditzeagatik

0

Angel Madrazok adierazi duenez, «lokalen ikuskapenak eta zaintza areagotu egingo dira», eta «araudia betetzen ez dutenekin eta, gainera, bizilagunei eragozpenak eta segurtasunik gabeko egoerak sortzen dizkietenekin gogor jardungo da».

Barakaldoko Udaltzaingoak zehapen-espedientea ireki dio Murrieta inguruko ostalaritza-lokal bati, baimendutako gehieneko edukiera gainditzeagatik. Ikuskapenaren unean, lokalaren barruan berrehun eta hamabi pertsona zeudela ikusi zuen poliziak, lokalaren gehieneko edukiera ehun eta hamabost pertsonakoa izanik. Emanaldi hori irailaren 17ko gauean izan zen.

Egindako arau-haustea larritzat jotzen da jendaurreko ikuskizunen legean, eta ezarri beharreko zehapenen zenbatekoa 1.201 eurotik 30.000 eurora bitarteko isuna da. Zehapen ekonomikoaz gain, egindako arau-hausteak jarduera etetea eta ixtea ekar dezake, gehienez ere urtebetez.

Administrazio-espedientea izapidetze-fasean dago, eta aldi horretan zehapenaren zenbateko ekonomikoa eta lokala ixteko aukera zehaztuko dira. Angel Madrazo Herritarren Segurtasunerako zinegotzi delegatuak jakinarazi duenez, ikuskatutako lokalari buruzko kexak daude auzokideen artean, inguruan sortzen diren istilu eta zaratengatik.