Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Sailak proposamen bat helarazi dio Europako Batzordeari, datu-zentroen Europatik kanpoko operadoreek eta erabiltzaileek sare elektrikoaren kostuetan ekarpen handiagoa egin dezaten kontsumitzen duten elektrizitateari ezarritako aparteko karga baten bidez.
Eusko Jaurlaritza arduratua dago datu-zentroek Euskadiko industriaren eta familien argindarraren fakturan izan dezaketen eraginagatik. Datu-zentroek bi arrazoirengatik eragin negatiboa izan dezakete elektrizitatearen fakturan:
- Elektrizitate-eskaera handitzen dutelako eta, ondorioz, prezioak igo daitezkeelako.
- Sare elektrikoetan inbertsio gehigarriak behar dituztelako, eta kostu horiek azken fakturan eragina dutelako.
Bi eragin horiek arintzeko eta argindarraren fakturaren igoera mugatzeko, Eusko Jaurlaritza azken asteotan honako bi lan-ildo hauetan aritu da.
- Ministerioaren Errege Dekretuari alegazioak aurkeztu dizkio, batez ere datu-zentroek eragindako elektrizitate eskaera gehigarria energia berriztagarrien sorkuntza berriarekin orekatu dadin. Horrela, elektrizitatearen eskaera eta eskaintza modu orekatuan handituko dira.
- Gaur bertan gutun bat bidali dio Europako Batzordeari, datu-zentro berrietarako sareetako inbertsioen kostua bidezkoagoa izan dadin proposamen batekin. Zehazki, datu-zentroen Europatik kanpoko operadoreek eta erabiltzaileek beren elektrizitate-kontsumoagatik kanon edo karga gehigarri bat ordaintzea eskatzen da.
Datu-zentroen garapenak eta energia berriztagarrien sorkuntza berriak batera egin behar dute aurrera. Horrela, gure autonomia energetikoa indartzen dugu, deskarbonizazioan aurrera egiten dugu eta erregai fosilekiko mendekotasuna murrizten dugu.






