IRAILAK 29, BIHOTZAREN MUNDUKO EGUNA
- EMABASK TM ekimenak mamografiak funtsezko tresna bihurtzen ditu emakumeengan arrisku kardiobaskularra prebenitzeko, hori baita Euskadin heriotza-arrazoi nagusia
- Proiektuak lotzen du bularreko minbiziaren baheketako mamografietan kaltzifikazio arterialak egotea gertakari kardiobaskular larriak garatzeko probabilitate handiagoarekin, hala nola bihotz-gutxiegitasuna
- Ikerketa hori ezarrita dago Euskadiko Osasun Ituneko «Gaixotasun kardiobaskularrak» izeneko lehentasunezko arloan, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak genero-ekitatearekin, biztanleriaren prebentzioarekin eta asistentzia-berrikuntzarekin duen konpromisoa indartzen du, euskal osasun sistema publikoaren zutabe estrategiko gisa
Osakidetzako diziplina anitzeko profesional talde bat proiektu bat garatzen ari da, Biobizkaia Osasun Ikerketako Institutuarekin batera, osasun kardiobaskularrean genero-arrakala murriztera bideratua. EMABASKTM izeneko proiektuak, Euskadi eMAkumeen BASKular prebentzioak, bularreko minbiziaren baheketako mamografietan kaltzifikazio arterialak egotea lotzen du gertakari kardiobaskular larriak garatzeko aukera handiagoarekin, hala nola, bihotz-gutxiegitasuna.
Osasunaren Euskal Itunaren testuinguruan, proiektu hau zuzenean lerrokatzen da funtsezko hiru ildo estrategikorekin:
– zeharkako genero-ikuspegia Osakidetzan, emakumeek arreta ekitatiboa eta espezifikoa jasotzen dutela bermatzeko;
– lehen mailako prebentzioaren eta detekzio goiztiarraren ikuspegia, osasun-emaitzak hobetzeko funtsezko tresna gisa;
– eta berrikuntza teknologikoa eta osasun-sistemaren eraldaketa digitala, asistentzia-prozesuetan adimen artifiziala txertatuz.
Horrela, Osasun Sailak bere konpromisoa berresten du Itunaren ardatz estrategiko horiek gauzatzeko, ekitatea, bikaintasun zientifikoa eta iraunkortasuna balio ukaezin gisa biltzen dituen osasun-eredu baten alde eginez.
Osakidetzak genero-ikuspegia sartzen du osasun-ikerketan
Euskadin, gaixotasun kardiobaskularrak dira emakumeen heriotza-kausa nagusia. Arrisku kardiobaskularra kalkulatzeko ohiko tresnak eta proba diagnostiko tradizionalak batez ere gaixotasunaren eredu maskulinotik abiatuta diseinatzen dira, eta horrek emakumeen arrisku kardiobaskularra oharkabean igarotzea betikotzen du
Heriotza horien %80, gutxi gorabehera, diagnostiko goiztiar batekin prebenitu daitezke. Errealitate horren aurrean sortu zen EMABASKTM, Jesús Guzmán Revuelta, Osakidetzako erradiologoa Barakaldo-Sestao ESIan, buru duen proiektua, erradiodiagnostikoko, kardiologiako, familiako medikuntzako eta medikuntza prebentiboko espezialistak barne hartzen dituen diziplina anitzeko talde batekin batera. Proiektua, gainera, azaroaren 10etik 13ra bitartean Bilbon egingo den Osasun Publikoaren Europako Konferentzian aurkezteko hautatu dute, eta 3.000 adituk baino gehiagok hartuko dute parte bertan.
Proiektu honen bidez Osakidetzak erakusten du genero-ikuspegia osasun-ikerketan txertatzearen alde duen jarrera, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun biologiko eta sozialek estrategia diagnostiko eta terapeutiko bereiziak eskatzen dituztela aitortuz. Ikerketaren fase guztietan -diseinutik hasi eta inplementazio klinikora arte– genero-ikuspegia txertatzeko ahalegin instituzional horrek erreferente gisa kokatzen du euskal osasun-sistema osasun kardiobaskularrean, genero-ikuspegiarekin.
Osasun Sailak bihar, irailaren 29an, asteartean, Bihotzaren Munduko Egunaren baitan aurkeztuko du ekimen hau. Data sinboliko horrek emakumeen osasun kardiobaskularraren garrantzia agerian jartzea ahalbidetzen du. Ekimen hori erakundeen konpromiso-ibilbide baten barruan sartzen da; izan ere, Osasun Sailak sentsibilizazio-kanpainak egin ditu azken urteotan emakumeei bereziki zuzenduta, gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeari buruz, eta aitortu du patologia horiek direla Euskadiko emakumeen heriotza-kausa nagusia, eta EAEko pazienteen errealitatera egokitutako mezu bereiziak behar dituztela.
Mamografiak prebentzio- eta iragarpen-tresna gisa
EMABASKTM-ren helburua da mamografia bezalako ohiko proba bat bi prebentzio-tresna bikoitza bihurtzea, aldi berean emakumeen heriotza-kausa nagusiak detektatzeko gai dena: minbizia eta gaixotasun kardiobaskularrak. Ebidentzia zientifiko berrienak adierazten du bularreko arterietan kaltzioa detektatzeak hirukoiztu egin dezakeela bihotzeko patologiak garatzeko arriskua.
Gaur egun, espezialistek eskuz interpretatzen dituzte erradiografiak. Hala ere, proiektuak Adimen Artifiziala (IA) pixkanaka sartzea aurreikusten du, mamografiaren informazio guztia automatikoki aztertzeko. IAk kaltzifikazio esanguratsuak detektatzen baditu, alerta automatiko bat bidaliko du Lehen Mailako Arretara, familiako medikuak kasua baloratu, pazientearen aurrekariak berrikusi eta prebentzio-neurriak goiz martxan jar ditzan.






