
María Chivite Navascués Nafarroako Lehendakariak gaur goizean azpimarratu duenez, «2019az geroztik, Gobernu honen eredua oparotasun partekatua da: Nafarroak aurre egitea, eta aurrerabide hori etxe zein lurralde guztira heltzea». Hori dela eta, «ekonomia jendearen zerbitzura» jartzen duen eredu oinarri izanda, aurreratu du «proposamen fiskalak helburu nagusi bat izango duela: familien erosteko ahalmena babestea, prezioen igoeraren aurrean». Horrez gain, Chiviteren hitzetan, inflazioak bere horretan jarraitzen badu, «neurriak hartuko ditugu 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera».
Horrela azaldu du Foru Komunitatearen egoeraren eztabaida politiko orokorraren hasieran, zeina legedia honetako azkenekoa izango den. Eztabaida hori ostegun honetan hasi da Nafarroako Parlamentuan eta bihar, ostirala, jarraipena emango zaio. Bere hitzaldian zehar, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariak berrikusi egin ditu egungo egoera politikoa, soziala zein ekonomikoa, alor guztietako politika publikoen garapena eta Foru Gobernuaren gobernantza-eredua.
Berrikuspen horretan, Chivite Lehendakariak «herritarrak kezkatzen dituzten» lehentasunak aipatu ditu, aldi berean «Gobernuaren lehentasun ere badirenak»: etxebizitza, prezioen igoera, osasuna edo elkarbizitza. Eta, horiek kezka bakarrak ez direla aitortu badu ere, esan du «egunerokotasunean pisu handiena dutenak» direla; izan ere, «politika batek izen hori merezi du, baldin eta duintasun zein berdintasun gehiagorekin eta oinarrizko eskubideak bermatuta bizitzea ahalbidetzen badu».





