- 2026 eta 2027ko ekitaldien kontura finantzatuko den ekarpenari esker, Otorduak udal programan 100 pertsona berri sartu ahal izango dira, asteko zazpi egunetan egunero bazkari osoa eginez
- Erabiltzaileek ostalaritza-establezimendu laguntzaileetan jasoko dute prestatutako janaria, erantzun normalizatua eta ez-baztertzailea emanez
Gobernu Kontseiluak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak proposatuta, Donostiako Udalari 777.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du gaur, etxerik gabeko pertsonak ostalaritza-establezimendu laguntzaileetan sartuz artatzeko programa zabaltzeko.
Eusko Jaurlaritzaren finantzaketari esker, 100 pertsona berri sartu ahal izango dira Otorduak programan, udalaren ostalaritza-establezimendu laguntzaileetan eguneko bazkari oso bat (asteko zazpi egunetan) biltzean oinarritutako modalitate berri baten bidez.
Oinarrizko premia bati berehalako erantzuna ematea da helburua, eskubideen ikuspegitik, modu integralean ulertuta eta ingurune normalizatu batean gauza daitezen lagunduz, zirkuitu bereiziak saihestuz eta elikadura-arreta gizarteratze-prozesuekin eta pertsonen duintasuna aitortzearekin lotuta egon dadin lagunduz.
Jarduera funtsezko premisa batetik abiatzen da: inork ez luke kalean inprobisatutako irtenbide baten mende egon behar jan ahal izateko, oinarrizko beharra eta oinarrizko eskubidea.
Erantzun gehigarria, ez ordezkoa
Eusko Jaurlaritzaren ekarpena osagarria, aldi baterakoa eta ebaluatzeko modukoa izango da, eta ez ditu ordezkatuko Donostiako Udalak bere eskumen eta programa arruntetara bideratzen dituen baliabideak.
Zehazki, dirulaguntza 100 pertsona berri sartzeko erabiliko da, eta ez ditu finantzatuko lehendik dauden 65 plazak, ez eta teknikariak, udal-sistema informatikoa, eskaeren balorazioa, administrazio-kudeaketa edo programaren gainerako egiturazko kostuak ere. Udalak esku-hartzearen titulartasuna, kudeaketa eta jarraipena mantenduko ditu.
Horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak gaitasunak batzen dituzte erakundeen arteko lankidetza eskatzen duen errealitate baten aurrean, eta, aldi berean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman ezarritako erantzukizunen banaketa zaintzen dute.
Elikadura, laguntza eta inklusioa
Jarduera Bizitegi Bazterketa Larriaren aurkako II. Euskal Estrategiaren (2024-2028) barruan dago. Etxegabetasunaren prebentzioaren, babesen pertsonalizazioaren, parte-hartze komunitarioaren eta sistemen eta erakundeen arteko koordinazio handiagoaren aldeko apustua egiten du. Estrategiak, gainera, bizitegi-bazterketaren alderdi anitzeko abordatzea planteatzen du, eta gizarte-zerbitzuekin ez ezik, etxebizitza, osasuna, enplegua eta diru-sarrerak eskuratzearekin ere lotzen du.
Otorduak programa kaleko egoeran eta gizarte-bazterkerian dauden pertsonei zuzendutako Donostiako udal-jardueren parte da, eta Udalak berak, bere helburuen artean, programaren bidez egunero eskaintzen diren otorduen kopurua handitzea aurreikusten du.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailarentzat, ezinbestekoa da elikadura bermatzea, baina ez da, berez, etxegabetasun-egoera baten irteera. Hori dela eta, jardueraren helburua da oinarrizko behar baten estaldura hori gizarte-zerbitzuekiko lotura errazten duen esku-hartze komunitario baten parte izatea, isolamendua prebenitzea eta bazterketaren kronifikazioa saihestea. Hala jasotzen da berariaz Gobernu Kontseiluak onartutako proposamenean.
Dirulaguntza 2026 eta 2027ko ekitaldien kontura finantzatuko da, lortutako estaldura eta esku-hartzearen emaitzak egiaztatzeko eta jarraipena eta ebaluazioa egin beharko dira.






