- Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak EUNEIZen ikasturte hasiera ekitaldian hartu du parte.
- “Unibertsitateek bete behar dituzten ezaugarri nagusiak dira: kalitatea, mundura irekita egotea eta bere jendea zaintzea”, azpimarratu du.
Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, EUNEIZeko ikasturte akademikoaren irekiera ekitaldian nabarmendu duenez, «Euskal unibertsitate-sistemaren garapena sistema osatzen duten kideen kalitatean oinarritu behar da. Horretarako, zorroztasun- eta malgutasun-dosi egokiak aplikatu behar dira». Ildo horretan, kalitatea bermatzea unibertsitateen, Unibasqen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko erantzukizun partekatua dela azpimarratu du.
Sailburuarekin batera, ekitaldian parte hartu dute Eva Eguiguren errektoreak, Jordi Roche EUNEIZeko presidenteak eta Saioa Ortiz zuzendari exekutiboak; azken horrek aurreko ikasturteko memoria irakurri du. Hasierako hitzaldia Teresa Catalán Sánchez konpositore eta Madrilgo Goi Mailako Musika Errege Kontserbatorioko katedradun emerituak eman du.
Bere hitzaldian, sailburuak EUNEIZen bilakaera nabarmendu du. 2022ko irailean hasi zen eskolak ematen, 110 ikaslerekin eta lau gradurekin, eta ikasturte berri honetan, guztira, hamabi gradu eta bost master ofizial eskaintzen ditu, eta 1.135 ikasle ditu.
Pérez Iglesiasek Unibertsitateen Legea aurreproiektua ere aipatu du; datozen hilabeteetan Eusko Legebiltzarrera bidaliko dena. Azpimarratu duenez, testuaren arabera, euskal unibertsitate-sistemaren parte diren erakundeek bete behar dituzten ezaugarri nagusiak «kalitatea, mundura irekita egotea eta nazioarteko bokazio argia izatea dira, eta beren jendeaz arduratzen diren eta haien zaintza beren gain hartzen duten erakundeak izan behar dute».
Ildo horretan, sailburuak unibertsitateen kalitatearen eta nazioarteko dimentsioaren arteko harreman estua nabarmendu du. Haren iritziz, lotura hori, neurri handi batean, ikerketaren bidez gauzatzen da, ezagutza sortu eta transmititzeko funtsezko jarduera baita. Era berean, adierazi du ikerketari lotutako kalitatea «nazioarteko testuinguru batean soilik kontrasta daitekeela»; horregatik, defendatu du unibertsitatearen esparruan ikerketa eta bikaintasuna «mundu zabalean bilatu behar direla».
Maila handiko pertsonak erakartzea
Bestalde, Pérez Iglesiasek unibertsitate-eskaintza anitza, erakargarria, osagarria eta kalitatezkoa izatearen garrantzia nabarmendu du, beste autonomia-erkidegoetatik eta herrialdeetatik maila handiko pertsonak erakartzeko gai izango dena.
Ildo horretan, kalitatea bermatzea unibertsitateen, Unibasquen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko «erantzukizun partekatua» dela defendatu du, eta, ondoren, sistemako eragile bakoitzari dagozkion eginkizunak azaldu ditu. Unibertsitateek beren irakaskuntzen kalitatearen eta etengabeko hobekuntzaren alde egin behar dute; Unibasqek independentziaz eta zorroztasunez ebaluatu behar du; eta Eusko Jaurlaritzak prozesu horiei lagundu behar die, arauak betetzen direla bermatu, hori lortzeko moduari buruzko orientazioa eman eta unibertsitateek beren proiektuak garatu ahal izatea erraztu.
«Zorroztasuna behar dugu gizarteak gure unibertsitate-sistematik espero dituen estandarrak bermatzeko. Ikasle bakoitzak prestakuntza sendoa eta etorkizunera begirakoa jasotzen duela ziurtatu behar dugu. Eta malgutasuna behar dugu unibertsitateek berritzeko, aldaketetara egokitzeko eta prestakuntza-proposamen berriak garatzeko aukera izan dezaten», adierazi du.
EUNEIZi dagokionez, sailburuak adierazi du Sailak prest duela unibertsitateari behar duen laguntza emateko eta haren garapena errazteko behar den malgutasunez jarduteko, betiere euskal unibertsitate-sistemak eskatzen dituen bermeen barruan eta horretarako egokia den erritmoan.
Unibertsitateen eragin sozioekonomikoa
Pérez Iglesiasek unibertsitateen dimentsio sozioekonomikoa ere nabarmendu du. Adierazi duenez, unibertsitateen jarduera ez da ezagutza sortzera mugatzen; izan ere, enplegua eta jarduera sortzen laguntzen dute, enpresekin eta erakundeekin elkarlanean aritzen dira, aukera berriak sortzen dituzte eta kualifikazio handiko pertsonak erakartzen dituzte.
Unibertsitateek, gaineratu du, kokatuta dauden lurraldeak dinamizatzen eta haien ekosistema ekonomiko eta sozialak indartzen ere laguntzen dute. Ildo horretan, unibertsitateen hazkundea modu sendo eta iraunkorrean gertatzearen garrantzia nabarmendu du, kalitatea betiere erdigunean jarrita. Ezagutza, enplegua, jarduera ekonomikoa eta aukera berriak sortzen lagunduko duen hazkundea, eta, horren bidez, komunitatearen garapenari eta ongizateari lagunduko diona.






