- Lanek 620.624 euroko aurrekontua eta bost hilabeteko egikaritze epea dituzte
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, ETS erakunde publikoaren bidez, udazkenean hasiko diren Eibar-Azitain tartearen estaldura-lanaren ingurumen- eta paisaia-integrazioko lanak esleitu ditu. 1.000 metrotik gorako luzera eta 10 metroko batez besteko zabalera dituen trenbide gainean sortutako plataforma da, eta joan den apirilaren 1ean herritarrei irekitako pasealekuan zehar dauden hainbat eskailera-tarteren eta hiru igogailuren bidez irits daiteke bertara.
Kontratuak 620.624 euroko zenbatekoa eta bost hilabeteko egikaritze epea ditu, Aguas y Jardines S.L.ri esleitu zaio eta Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak eta Eibarko Udalak kofinantzatzen dute. ETSri dagokio lanen lizitazioa, kontratazioa, egikaritzea, zuzendaritza eta finantzaketa osoa, eta udal gobernuak, besteak beste, hartutako soluzioaren garapen osoa ezartzen duen proiektuaren idazketa eta onarpena hartu du bere gain.
Proiektua klima-aldaketara egokitzeko eta klima-larrialdiko egungo egoerari erantzunez diseinatu da, herritarrei kalitatezko hirigune berde berria eskainiz eta Eibarko biodibertsitatea eta azpiegitura berdea handitzeko aukera gisa.
Ekimenak, estalkiaren egitura-mugen araberako graminazeoak, landare iraunkorrak eta zuhaixkak dituen lorategi-lana barne hartzen du. Aukeratutako zuhaixkek bi metroko altuera dute, eta landare iraunkorrek, motaren arabera, altuera desberdinak dituzte, guztiak metrotik beherakoak.
Bilbo-Donostia trenbidearen estalkiaren gaineko berdegune berrietarako proposatutako ureztatze-sistemari esker, parterreak modu automatizatuan ureztatu ahal izango dira, baita eskuz ere, sistemak matxurarik izanez gero edo tenperatura altuko garaietan ureztatze gehigarria egin nahi izanez gero.
EBren Next Generation funtsak
Estaldura Next Generation EU funtsekin finantzatu da, Gobernu zentralaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez, eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren eta Eibarko Udalaren arteko hitzarmena izan du, trenbideak udalerrian duen hirigintza-integrazioaren adibide argi gisa.
Izan ere, herrian antzeko ezaugarriak dituen hirugarren proiektua da hau. 2011. urtearen hasieran, Ardantzako geltokia eta trazaduraren zati bat estaltzeko lanak inauguratu ziren. Haren luzera 200 metro pasatxokoa zen, eta 2.258 metro karratuko azalera hartzen zuen. Lau urte geroago, Amaña Ardanza tartea ireki zitzaien herritarrei, 650 metro luze eta 8.500 metro karratuko azalerarekin






