- Gontzal Tamayo Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordeak Lehen Mailako Arretaren eta bertako profesionalen zeregina balioetsi du, haiek arduratzen baitira informatzeaz, xede-biztanleria identifikatzeaz, txertoak jartzeaz eta prozesu osoan zehar herritarrei laguntzeaz
- Osakidetzako 4.000 profesional inguruk parte hartuko dute Lehen Mailako Arreta indartuko duen eta txertaketa erraztuko duen dispositiboan
- Gontzal Tamayo: «Txertoa hartzea erabaki bat da, eta gure osasuna ez ezik gure familiena, zaintzen ditugun pertsonena eta pertsona kalteberena ere babesten du»
- Txertaketak, txertoguneek eta lantalde profesionalak indartzeak Euskadiko Osasun Itunaren helburuak gauzatzen dituzte: osasun prebentiboago, hurbilago, eskuragarriago eta herritarren benetako beharretan zentraturantz aurrera egitea
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak gaur, osteguna, hasi du, gripearen eta COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpaina orokorra Euskadin. Aurkezpen-ekitaldia gaur goizean egin da Donostiako Alde Zaharreko anbulatorioan, Lehen Mailako Arretak eta bertako profesionalek horrelako kanpaina batean duten garrantzia erakusten duen zentroan.
Aurkezpenean parte hartu dute Gontzal Tamayo Osasuneko sailburuordeak eta Alde Zaharreko osasun-zentroko María Garmendia pediatrak eta Uxue Goenaga erizainak. Ekitaldiaren ondoren, adineko pertsonei eta haurrei jarritako lehenbiziko txertoetan egon dira, prebentzioa, biztanleria kalteberaren babesa eta Osakidetzako lantaldeen lana balioetsi nahi izan den jardunaldi batean.
Kanpainaren leloa da “Cuidarte también es cuidar. Vacúnate” —“Zeure burua zaintzea denok zaintzea da. Txertoa jarri”. Mezuak gogorarazten du txertaketak norbanakoaren osasuna babesten duela, baina familiak, zaintzaileak eta arnas-infekzioen aurrean ahultasun handiagoa dutenak babesten ere laguntzen duela.
Lantalde profesionalak indartuko dira
Kanpainak Osakidetzako 4.000 profesional inguru inplikatzen ditu, horien artean txertaketa-taldeak, Lehen Mailako Arreta, ospitaleak, egoitzak, administrazioko langileak eta bestelako laguntza-dispositiboak.
Osasuneko sailburuordeak nabarmendu du osasun-zentroen eta bertako profesionalen funtsezko zeregina, bereziki erizaintzako, medikuntzako eta administrazioko taldeena. “Beren lanean, dosiak emateaz gain, txertaketak bereziki mesede egin ahal izango dieten pertsonak identifikatzen dituzte, zalantzak argitzen dituzte, hitzorduak antolatzen dituzte eta prozesu osoan zehar lagun egiten dute”, nabarmendu du.
Txertoa hartzeko aukera gehiago
Lehen Mailako Arreta izango da, oraindik ere, txertoa hartzeko bide nagusia, aurretik hitzordua hartuta. Gomendatutako taldeetako pertsonek Osakidetzaren web-orriaren bidez edo beren osasun-zentrora deituta eska dezakete.
Berritasun gisa, aurten hiru lurraldeetara hedatuko da txertoguneen eredua, aurretik hitzordua eskatu gabe joan ahal izateko. Gune horiek txertaketa erraztuko dute eta, aldi berean, laguntza-jarduera hobeto banatzen lagunduko dute arnas birusen zirkulazio handieneko hilabeteetan.
Txertoguneak urriaren 19tik azaroaren 1era arte egongo dira erabilgarri. Gune horietan gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoak jarriko dituzte, baita haurrei ere, eta sei hilabetetik gorako pertsonak txertatu ahal izango dira.
Gipuzkoan sei puntu jarriko dira:
- Donostia: Groseko osasun-zentroa, astelehenetik igandera, 08:00etatik 20:00etara.
- Arraste, Beasain, Eibar, Irun eta Tolosa, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.
Tamayo sailburuordeak adierazi duenez, puntu horietan haurrak txertatzeko Pediatrian esperientzia duten erizaintzako profesionalak egongo dira, behar bezalako arreta eskaintzeko eta familien zalantzak argitzeko.
“Txertoguneek Lehen Mailako Arreta osatuko dute, baina ez dute ordezkatuko”, esan du. “Horiek martxan jartzeak ordutegi zabalagoak eta asteburuetan arreta eskaintzeko aukera emango du, eta lagungarria izango da osasun-zentroek beren baliabideak udazkenean eta neguan areagotzen diren osasun-beharretan bildu ahal izateko”.
Babesa pertsona kalteberenentzat
Kanpaina talde hauetara bideratu da nagusiki:
- 60 urte edo gehiagoko pertsonak.
- 6 eta 59 hilabete bitarteko haurrak.
- Haurdun dauden emakumeak.
- Gaixotasun kronikoak, immunodepresioa edo beste arrisku-baldintza batzuk dituzten pertsonak.
- Egoitzetan edo beste zentro instituzionalizatu batzuetan bizi diren pertsonak.
- Osasunaren eremuko eta eremu soziosanitarioko profesionalak.
- Zaintzaileak eta pertsona kalteberekin bizi diren pertsonak.
- Haur-eskoletako eta oinarrizko zerbitzuetako langileak eta animaliekiko lan-esposizio zuzena duten pertsonak.
Gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoa hartzea gomendatuta duten pertsonen kasuan –70 urtetik gorakoak eta eskatzen duten 65 urtetik gorakoak–, bi txertoak aldi berean eman daitezke.
Osasuneko sailburuordeak dei berezia egin die osasunaren eremuko eta eremu soziosanitarioko profesionalei txertoa har dezaten. Txertoak beren osasuna babesten du, pazienteak babesten laguntzen du eta arnas-arazo gehien izaten diren hilabeteetan osasun-sistemaren erantzuteko gaitasuna mantentzen laguntzen du. “Haien aholkua eta eredua funtsezkoak dira herritarren konfiantza indartzeko”, esan du.
Osasun Saila eta Osakidetza kanpainan sartzea errazteko jarduerak egiten ari dira. Xede-populazioa gonbidatzeko mezuak eta gutunak bidaltzen ari da eta 80 urtetik gorako pertsonekin telefonoz harremanetan jartzen ari dira hitzordua hitzartzen eta informazioarekin, tresna digitalen erabilerarekin edo joan-etorriekin lotutako oztopo posibleak arintzen laguntzeko.
Kanpaina Euskadiko Osasun Itunaren helburuen barruan kokatzen da, prebentzioa, osasuna sustatzea, lehen mailako arreta eta gertuko osasun-arreta indartzearen alde egiten baitu, herritarrak erdigunean jarrita.
Osasun Sailak eta Osakidetzak gomendatutako taldeetan dauden pertsonei hitzordua eskatzeko edo gaitutako aldian txertoguneetara joateko deia egiten diete. “Txertoa hartzea zeure burua eta ingurukoak babestea da”, esan du amaitzeko osasuneko sailburuordeak.
Berehala argazkiak, irudiak eta audioak eskura egongo dira.






