- Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua Madrilen izan da Lurralde Arteko Kontseiluan, eta Osasun Ministerioari eskatu dio ez dezala legealdia itxi Euskal Autonomia Erkidegoaren gizarteari erantzun gabe
- Euskadik ez ditu Ministerioak eskatutako 51 milioiak ordainduko, legezko bermerik, gardentasunik eta bidezko konpentsazio-eredurik ez dagoen bitartean
- Eusko Jaurlaritzak errefusatu du Euskadik, biztanleriaren % 5 soilik izanik, funtsen % 60 inguru ordaintzea eragin duen sistema, eta arau argiak eta segurtasun juridikoa izango dituen erreforma eskatu du
Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua Madrilen izan da Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde Arteko Kontseiluan, eta Osasun Ministerioari eskatu dio bete dezala Osasun Kohesiorako Funtsen eta Laguntza Bermatzeko Funtsen kudeaketa-eredua bideratzeko Euskadirekin hartutako konpromisoa.
Osasun Sailak onartezintzat jo du Ministerioak sistema horren urritasunen inguruan oraindik ere ezer ez egitea eta, aldi berean, likidazioak ordaintzeko eskatzen jarraitzea. Irailean, Euskadik 51 milioi euroko faktura jaso zuen, 2023ko eta 2024ko funtsekin lotuta. Euskadik ez du zenbateko hori ordainduko, hori justifikatuko duen lege-estaldurarik, arau-garapenik eta bidezko konpentsazio-eredurik ez dagoen bitartean.
Bete gabeko konpromisoa
2025eko urrian, Madrilen, eta 2025eko azaroan, Zaragozan, Osasun ministroak eta bere taldeak egoera iraultzeko konpromisoa eta eredua berrikusteaz arduratuko zen bideari ekiteko konpromisoa hartu zuten. Lan hori geldirik dagoela salatu du Euskadik.
Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du ez dela hitzemandako auditoria egin, ez dela beharrezko arau-garapenean aurrera egin, ez dela azterketak egiteko eta ondorioak ateratzeko lantalderik eratu, eta ez dela likidazioen tramitazioa atxiki, sistemaren legezko egoera argitu arte.
“Osasun Ministerioak oraindik bete gabeko konpromisoak ditu Euskadirekin. Ezin du legealdi hau itxi Euskal Autonomia Erkidegoko gizarteari erantzun gabe eta Kohesio Funtsen kudeaketa-eredua bideratzeko konpromisoa bete gabe”, adierazi du sailburuak.
Iraina Euskadirentzat
Kohesio Funtsen egungo sistema iraina da Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrentzat. 2012tik 2022ra bitartean, Euskadik 169 milioi euro eman zizkion Kohesio Funtsari, hau da, guztizkoaren % 60 inguru, nahiz eta Estatuko biztanleriaren % 5 soilik duen.
“Ezinezkoa da herritarren % 5ek Estatu osoko fakturaren % 60 ordaintzea”, eman du aditzera sailburuak, eta nabarmendu du eredu hori ez dela bidezkoa, ez dela gardena eta ez duela beharrezko segurtasun juridikorik.
Kontu Auzitegiak, 2017ko txostenean, jada ohartarazi zuen lege-estaldurarik eza, eta Osasun Ministerioak berak horixe bera onartu zuen Diputatuen Kongresuan, 2025eko urrian.
Bermerik gabeko ordainketarik ez
Eusko Jaurlaritzak berretsi du ez dituela eskatutako 51 milioiak ordainduko, ordainketa justifikatzen duen legezko bermerik ez dagoen bitartean. Erabakiak ez dio osasun-arretari eragingo: beste autonomia-erkidego batzuetan arreta behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek normaltasun osoz jarraituko dute laguntza jasotzen.
“Euskadi ez da ordainketarekiko intsumisoa. Euskadik bere gain hartuko du faktura, baina legezko eta beharrezkoa estaldura aitortua dagoenean, Kontu Auzitegiak berak eta Ministerioak berak adierazi duten bezalaxe”, eman du aditzera sailburuak.
Osasun Sailaren iritziz, Ministerioa garaiz dago egoera bideratzeko, baldin eta borondate politikoa badago. Eskatzen du arau-garapena bizkortzea, arau argiak eta gardenak ezartzea, segurtasun juridikoa bermatzea eta eredu egonkorra eta autonomia-erkidego guztientzat ekitatiboa lortzea.
Erreforma sakona, ez adabakiak
Euskadik ez du zalantzan jartzen eranskinak, patologiak, teknikak edo prozedurak eguneratzeko premia, baina uko egiten dio konpentsazio-sistemaren sakoneko arazoak bere horretan mantentzen dituen aldaketan parte hartzeari.
“Oraingoan ez dugu geure gain hartuko, erantzukizunez. Ezin dugu sistema maltzur eta bidegabe bat elikatzen eta normalizatzen jarraitu”, adierazi du sailburuak.
Eusko Jaurlaritzak berretsi du modu eraikitzailean laguntzeko prest dagoela, baina eskatzen du edozein likidaziok edo konpentsaziok legezko oinarri sendo, adostu eta egonkorra ardatz izatea. Osasun Ministerioak bere konpromisoak betetzen ez dituen bitartean, eta beharrezko erreformari heltzen ez zaion bitartean, Euskadik eutsiko dio likidazioa ez ordaintzeko jarrerari.






