Lanaldi jaio da, enpleguari buruz Euskadin egingo den topaketa handia

0
  • Enpleguaren IX. Kongresua eta eta MerkaLan bildu ditu Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak lehen aldiz marka beraren pean, lanaren erronkei aurrea hartzeko eta aukerak, talentua eta ezagutza lotzeko
  • Gizarte Segurantzako afiliazioaren errekor historikoaren ostean Mikel Torres Lehendakariordeak azpimarratu duenez, “ez da nahikoa enpleguaren datu onak ospatzea; Euskadiko lanaren etorkizuna prestatu behar dugu”

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Lanaldi ekimena aurkeztu du ostegun honetan. Ekimen hori Euskadiko enpleguari buruzko topagune nagusia izateko asmoz sortu da, eta marka beraren pean bilduko ditu sailak urtero antolatzen duen Enplegu Kongresua eta MerkaLan, Lanbidek antolatutako Enplegu eta Prestakuntza Azoka. Bilbon egindako aurkezpenean, Sara Buesa Enplegu eta Inklusio sailburuordeak eta Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusiak ere parte hartu dute.

Euskal lan merkatuarentzat bereziki positiboa den une batean sortu da Lanaldi. Gaur egun, 1.055.000 pertsona baino gehiago daude Euskadin Gizarte Segurantzan afiliatuta, inoizko kopururik handiena, eta langabeziak maila baxuetan jarraitzen du historikoki. Testuinguru horrek aukera ematen du etorkizunari konfiantzaz aurre egiteko, baina baita eraldaketa sakonen aurrean behar diren erantzunak prestatzeko erantzukizunez ere; hala nola, digitalizazioaren, zahartze demografikoaren, trantsizio ekologikoaren, sektore jakin batzuetako talentu eskasiaren edo adimen artifizialaren agerpenaren aurrean.

Testuinguru horretan, Torresek balioan jarri du Euskadin migratzaileak erregularizatzeko ezohiko prozesuaren eragina. Aurkeztutako ia 50.000 eskaeretatik 18.642 (% 38) lanean eta Gizarte Segurantzan kotizatzen ari dira, eta beste 7.030 Lanbiden aktibatu dira enplegua bilatzeko: “Inoiz ez dira egon hainbeste pertsona lanean Euskadin”.

Lehendakariordeak azpimarratu du datu horiek migratzaileek euskal lan merkatuari egiten dioten ekarpena islatzen dutela, eta lan egoera irregularrak azaleratzea ahalbidetzen dute, enplegu duin bihurtuz, eskubideekin, betebeharrekin eta gizarte babesarekin.

Egindako hitzaldian, Mikel Torresek nabarmendu duenez, “Euskadiren erronka ez da soilik enplegua sortzea, baizik eta kalitatezkoa izango dela bermatzea, enpresen beharrei erantzutea eta pertsona guztiei aukerak eskaintzea”. Testuinguru horretan, defendatu du “ezagutza partekatzeko, aukerak detektatzeko eta lan merkatuaren erronkei erantzun kolektiboak eraikitzeko aukera emango duten espazioak sustatzeko beharra”.

“Ez da nahikoa enpleguaren datu onak ospatzea; Euskadiko lanaren etorkizuna prestatu behar dugu, eta enpleguaren etorkizuna ez da inprobisatzen, prestatu egiten da. Ideia horrek inspiratzen du Lanaldi, analisia eta hausnarketa enpleguko eta prestakuntzako benetako aukerekin lotzeko sortutako ekimena”, azaldu du Torresek.

Marka berriak bi ekimen osagarri ditu. Alde batetik, Enplegu eta Inklusio Sailburuordetzak bultzatutako Enpleguaren IX. Kongresua, «Lanaren etorkizuna AAren aroan. Okupazioak, eskubideak eta gizarte kohesioa». Bestetik, MerkaLan, Lanbideren enplegu eta Prestakuntza azoka, enpresen, enplegu eskatzaileen eta Prestakuntza baliabideen arteko topaketa zuzena errazteko.

Lanaren etorkizuna adimen artifizialaren aroan

Enpleguari buruzko Kongresuak gure garaiko gai nagusietako batean jarriko du arreta: nola txertatu adimen artifiziala lan munduan, produktibitatea, lehiakortasuna eta enpleguaren kalitatea hobetzen laguntzeko, aldi berean langileen eskubideak eta gizarte kohesioa bermatuz. Arlo ekonomiko, teknologiko, juridiko, akademiko eta politika publikoetako adituek aztertuko dute adimen artifizialak lanbideetan, prestakuntzan, araudian, lan harremanetan eta etorkizuneko talentu beharretan duen eragina.

Sara Buesak azaldu duenez, eraldaketa teknologikoak prestakuntza eta lanbide-prestakuntza indartzea eskatzen du, baina baita giza gaitasunak eta teknologia berriak osatuko dituen eredu bat bultzatzea ere. “Kontua ez da makinekin lehiatzea, pertsonak baliotsuago egiten dituzten gaitasunak garatzea eta teknologiarekin lan egiten ikastea baizik, gure aukerak zabaltzeko», zehaztu du.

Buesak azpimarratu du, halaber, administrazioek eta enplegu zerbitzu publikoek zeregin garrantzitsua dutela trantsizio horretan laguntzeko eta aukera berriak pertsona guztiengana iritsiko direla bermatzeko. Zentzu horretan, defendatu duenez, “adimen artifiziala oso tresna erabilgarria izan daiteke enplegua laguntzeko, eskaintzen ditugun orientazio, prestakuntza eta bitartekaritza zerbitzuei laguntza emateko, baina inoiz ez orientatzailearen erreferentziazko figura ordezkatzeko”.

Azoka birtuala eta adimen artifiziala

Bestalde, Francisco Pedraza Lanbideren zuzendari nagusiak nabarmendu du MerkaLan Lanbideren Enplegu eta Prestakuntza Azokaren zazpigarren edizioa azaroaren 18an egingo dela Barakaldoko BECen, baina formatu birtuala ere izango duela hilaren 17tik 19ra. Berritasun nagusien artean azpimarratu du handitu egin dela bere dimentsioa, aurreko edizioarekin alderatuta, 152 stand izatetik 164 stand izatera igaroko baita. Aurreikuspenen arabera, 1.500 lanpostu huts baino gehiago izango dira eta 11.500 prestakuntza plaza baino gehiago eskainiko dira.

Pedrazak azpimarratu nahi izan du MerkaLanek aurten “indartu” egingo duela “bere izaera berritzailea, adimen artifizialak enpleguan eta enplegagarritasunean duen eragina ardatz duen programazioarekin”, eta, herritarrei zuzendutako jarduera berrien artean, aipatu ditu errealitate birtualaren bidezko lan elkarrizketen simulazioak, lan orientazio pertsonalizatuko puntu berriak eta tresna digitalen, simulatzaileen eta esperientzia interaktiboen bidez enplegu bilaketa hobetzeko espazio praktikoak.

Euskadiko lan etorkizuna kolektiboki pentsatzeko gune bihurtu nahi du Lanaldik, eta konektatzea du helburu enplegua eraldatzen ari diren aldaketak aztertzen dituztenak horietara egokitu behar dutenekin. Erakundeek, enpresek, gizarte eragileek, Prestakuntza zentroek eta herritarrek esperientziak, hausnarketak eta aukerak partekatzeko topagunea.

Izan ere, “enpleguaren atzean zifrak baino askoz gehiago daude. Aukerak, bizi proiektuak, gizarte kohesioa eta ongizatea daude. Eta, hain zuzen ere, uste horretatik sortu da Lanaldi: aldaketak ulertzeko, erronkei aurre egiteko eta guztion artean gaurko eta biharko aukerak eraikitzeko gunea”, gaineratu du Mikel Torres Lehendakariordeak.