• Euskadiko, Nafarroako eta Akitania Berriko 12 udalerritako 165 adinekok parte hartu dute berrikuntza programan.
• Eskuhartzearen ondorioz udalen laguntzarik ez izateak % 74,5etik % 34,5era behera egin du eta hautemandako ongizate-adierazle batzuk hobetu dira.
Transis Lab Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak gidatzen duen eta Interreg Poctefa programa europarrak kofinantzatzen duen belaunaldien arteko bizitzarako eta elkartasunerako gizarte-berrikuntzako mugaz gaindiko living lab-a da. Bere eginkizuna eta orain arte egindako lanaren zati handi bat erantzun eta tresna berriak diseinatzean, esperimentatzean, ebaluatzean eta transferitzean oinarritzen da, bizitza autonomoagoak, lotura handiagokoak eta osatuagoak erraztuko dituztenak bizi-ibilbide osoan zehar.
Gaur Tabakaleran (Donostia) ospatu den «Bizitzatik belaunaldien arteko elkartasunera» IV. Topaketan, 2024tik 2026ra Euskadin, Nafarroan eta Pirinio Garaietan garatutako bizitza-luzerarako gizarte-berrikuntzako proiektu hau abian jarri ondoren lortutako emaitzak eta ikaskuntzak ezagutzera eman dira.
Lana ondorengo 12 udalerrietako 165 adinekorekin egin da: Laguardia-Biasteri, Muskiz eta Aginaga (Euskadi), Sakanako Harana (Nafarroa), Orthez, Garazi eta Urruña (Pirinio Atlantikoak) eta Haut-Adour eta Val dÁdour (Pirinio Garaiak). Pertsona nagusien % 49,1 bakarrik bizi ziren esku-hartzearen hasieran, eta gehienak emakumeak izan dira (130 emakume eta 35 gizon).
FRAGILAB tresna digitalaren bidez, pertsona horien hauskortasuna baloratu da. Osasunari, eskura dituen laguntzei, jarduerei, loturei, mugikortasunari, irisgarritasunari eta zerbitzuetarako sarbideari buruzko balorazioa izan da. FRAGILABek informazioa erregistratu du, hauskortasun-indize globala kalkulatu du, eta horren ondoren esku-hartze pertsonalizatua egin da.
Pertsonen hauskortasun-indizea 26 puntukoa zen prozesuaren aurretik, eta, esku-hartzearen ondoren, 23,2ra jaitsi da. FRAGILABi esker, udalen laguntzarik ez izatea % 74,5etik % 34,5era igaro da. Gainera, hobetu egin dira hautemandako ongizate-adierazle batzuk, hala nola tristura eta bakardadea ez sentitzearena ( % 55etik % 65era igaro da) edo gizarte-babesarekiko gogobetetzearena ( % 73tik % 80ra).
«Tresna honen balioa, hain zuzen ere, hauskortasunaren balorazioa adostutako eta pertsona bakoitzari egokitutako euskarriekin lotzean datza. Ikasitakoa laguntza hobean eta ondo bizitzeko aukeran bihurtzean datza. Honek guztiak zaintza pertsonalizatuagoak, prebentiboagoak eta hurbilagoak lortzea dakar «, azaldu du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
Transis Lab sarearen egungo helburua da esperientzia pilotuak sortutako ezagutzari jarraipena ematea, eta ezagutza hori esku-hartze eta erabaki publiko berrietan erabiltzea erraztea. Besteak beste, ezagutza hori aurrerantzean erabiltzeko 5 gida egin dira. «Hauskortasuna detektatzeak, berarekin batera erantzun oso bat badakar orduan balio erantsi bat du eta Transis Lab-ek ematen duen erantzun osoa hortxe kokatzen da. Euskadiko gizarte-zerbitzuak detekzio batetik prebentzio batera igaro dira, eta horren adibide da betiON, besteak beste erorikoak detektatzetik gripearen txertaketarako hitzordua hartzeko aukera ere ematera pasa delako», azaldu du Ivan Larraza Ongizate sailburuordeak.
Larrazaren hitzetan, ongizatea ez da soilik gizarte-zerbitzuetatik eraikitzen, loturak behar dira, kide izatearen sentimendua, etxebizitza bat edo enplegu bat… «Erantzunkidetasunetik jardun beharra dago, eta gure betebeharra sarean lan egitea eta ongizate hori integratzea da», gaineratu du.
Transis Lab sarea Euskadiko, Nafarroako eta Akitania Berriko administrazioek eta berrikuntza-eragileek osatutako partzuergo baten bidez egituratzen da, hala nola Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Département des Hautes-Pyrénées, Deustuko Unibertsitatea, Garaian, Eusko Ikaskuntza, Zabalduz, Gerontopole Nouvelle-Aquitaine… Gaurko Donostiako topaketan egin diren hitzaldi edo mahai-inguruetan hainbat adituk hartu dute parte, hala nola Guy Le Charpantierrek (ReSanté-Vouseko zuzendaria), Javier Castro-Spilak (Transis Lab-eko koordinatzailea), Txerra García de Eulate Jiménezek (Nafarroako Gobernuko Politika Publikoen Ebaluazioko zuzendaria), Andere Goirigolzarrik (SSI Taldea), Anthony Pagisek (ReSanté-Vous), Zuriñe Mindeguiak (Zabalduz), Itxaso Troyasek (Garaian), Kevin Gouraudek (Conseil déemental des Hautes-Pyrénées) edo Isabel Madrilek (UNCCASeko presidenteordea).






