Pérez Iglesias: “Adimen artifizialak eta beste teknologia digital batzuek unibertsitatearen paradigma berri bati emango diote bide”

0
  • Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak euskal goi-mailako hezkuntzaren erronkei eta aukerei buruzko mahai-inguru batean parte hartu du.
  • UNED-Bergararen 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldietako bat izan da topaketa.

Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak “Euskal goi-mailako hezkuntzaren erronkak eta aukerak: etorkizunari aurre eginez” mahai-inguruan parte hartu du gaur goizean. UNED-Bergararen 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien barruan egin da topaketa.

Sailburuak adierazi duenez, unibertsitatearen etorkizuneko erronka nagusiak betikoa izaten jarraitzen du: ezagutzari buruzko ikuspegi kritikoa duten pertsonak prestatzea. Horretarako, irakasleek ikuspegi hori garatzearen garrantzia azpimarratu du, batez ere ikerketa-jardueraren bidez.

Bere hitzetan, “unibertsitatearen etorkizuneko erronka betiko berbera da. Ikasleei beren diziplinarekiko ikuspegi kritikoa transmititu behar die, ikasitakoaren ahuleziez eta indarguneez jabetu daitezen. Horretarako, irakasleek eurek ere ikuspegi hori eskuratu behar dute, ez ikerketa-jardueraren bidez soilik, baina bai, batez ere, haren bidez”.

Pérez Iglesiasek azaldu duenez, unibertsitateak orain arte aurre egin behar izan dien erronkekin alderatuta, “datozen urteetako desberdintasuna Adimen Artifizialak eta beste teknologia digitalek ikerketan zein irakaskuntzan izango duen eraginera egokitzean egongo da”.

“Paradigma berria sortzen ari da jada, eta paradigma berriaren izaeraz ondo baino hobeto jabetu beharko dugu; bestela ez dugu jakingo nola egin aurre aro berriari”, ohartarazi du.

Juan José Álvarez Rubio EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak moderatu duen mahainguruan honako hauek ere parte hartu dute: Gorka Artola Bergarako alkateak; Ricardo Mairal Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko (UNED) errektoreak; Irune Berasaluze Gobernantzako foru diputatuak; eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak. Parte-hartzaileek ikastetxearen patronatua osatzen duten erakundeak ordezkatzen dituzte.

UNED-Bergararen 50. urteurrena

UNED-Bergarak bost hamarkada bete ditu eta horren karietara hainbat ekitaldi ospatzen ari da “Zurekin Gipuzkoan” lemapean. Sailburuak zorionak eman dizkio UNED-Bergarari 50 urteko ibilbideagatik, eta eskerrak eman dizkio mende erdian herritarrei unibertsitate-ikasketak egiteko aukera hurbiltzeagatik egindako lan garrantzitsuagatik.

1976an ireki zituen ateak, Promoción Cultural taldearen eta Bergarako Udalaren ekimenari esker, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta hainbat aurrezki-erakunderen babesarekin. Lehen ikasturtean 1.029 ikasle eta unibertsitateko hamaika titulazio izan zituen. Ordutik, milaka lagun igaro dira bertako ikasgeletatik, eta urtero, batez beste, 80 ikaslek amaitzen dituzte ikasketak zentroan.

Gaur egun, 30 gradu ofizial baino gehiago eskaintzen ditu, baita gradu bikoitzak, mikrokredentzialak, unibertsitate-masterrak, doktoregoak eta berezko ikastaroak ere. Horrez gain, etengabeko prestakuntza, hizkuntza-ikastaroak eta 25 eta 45 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko ikastaroak eskaintzen ditu.

Gaur inauguratu duten ikasturte honetako berrikuntzen artean daude Adimen Artifizialaren Ingeniaritzako Gradua, Filosofia, Politika eta Ekonomia Gradua eta hiru gradu bikoitz berri: Matematika eta Fisika, Psikologia eta Kriminologia, eta Ekonomia eta Matematika.