- Urrian 76.853 kontratu erregistratu dira Euskadin, eta horietatik 21.502 mugagabeak izan dira, % 28, aurten erregistratutako proportziorik handiena
- Urrian 2.316 langabe gehiago zenbatu dira, hilabete batetik bestera % 2,12ko gehikuntza izan da
Euskadik, urrian, Gizarte Segurantzako afiliazio maila handiena lortu du, 1.056.141 kotizatzaile zenbatuta. Irailean baino 14.524 afiliatu gehiago daude, hau da, % 1,39 gehiago. Horrek berretsi egiten du euskal lan merkatuaren sendotasuna eta ekonomiak enplegua sortzen jarraitzeko duen gaitasuna, baita ziurgabetasunak markatutako testuinguru ekonomikoan ere.
Afiliazioaren errekor historiko horrek errealitate ukaezina islatzen du: gaur egun inoiz baino pertsona gehiagok egiten dute lan Euskadin. Afiliazioaren aurrerapen hori bat dator erregistratutako langabeziaren igoerarekin. Urrian 111.553 pertsona zeuden Lanbideren bulegoetan langabe gisa izena emanda, irailean baino 2.316 gehiago, hau da, hilabete batetik bestera % 2,12 hazi da. Iazko urriarekin alderatuta, urrian 3.944 langabe gehiago daude,
% 3,67 gehiago.
Langabeziaren datuen argazkiak elkarrekin aztertu beharreko bi errealitate islatzen ditu. Alde batetik, afiliazioak gora egin du eta eutsi egin zaio enpleguaren sorrerari. Eta, bestetik, gora egin du lan aukera bat bilatzeko izena eman duten pertsonen kopuruak.
Irailean gertatu zen bezala, ezohiko erregularizazio prozesutik etorritako pertsonen laneratzeak eragin nabarmena izan zuen kotizazioen eta langabeziaren igoeran. Ezohiko prozesu hori hasi zenetik, 18.642 pertsona ari dira kotizatzen Gizarte Segurantzan, eta beste 7.030 pertsona aktibatu dira Lanbiden enplegua bilatzeko. Erregularizazio prozesuan Euskadin aurkeztutako 49.451 eskaeretatik, % 37,7 lanean ari dira, eta Gizarte Segurantzan kotizatzen.
Urte arteko balantzean % 0,33 murriztu da industriako langabezia; hazkundea, berriz, gazteen, atzerritarren eta aurretik lanik ez dutenen artean kontzentratzen da bereziki. 16 eta 34 urte bitarteko adin tarteetan 2.629 langabe gehiago daude; aldiz, langabeziak gora egin du, 3.506 pertsona gehiago zenbatuta, aurretik erregistratutako lanik ez zutenen artean.
Datu horiek indartu egiten dute Lanbidetik arreta pertsonalizatuagoa eskaintzeko beharra, orientazioa eta prestakuntza hobetzekoa eta lan merkatuan sartzen saiatzen direnei lehen esperientzia profesionala ematekoa.
Kontratazioa
Urrian 76.853 kontratu erregistratu dira Euskadin, hau da, urte arteko balantzea % 3,1 hazi da. Kontratu guztietatik 21.502 mugagabeak izan dira, % 28, aurten erregistratutako proportziorik handiena. Gainera, kontratazio mugagabea % 17,3 hazi da urte artean.
Kontratazio egonkorraren bilakaera bereziki esanguratsua da emakumeen artean. Emakumeek sinatutako kontratu mugagabeak % 23 hazi dira iazko urriaren aldean, eta gizonen artean, berriz, % 11,6. 30 urtetik beherakoek, gainera, 34.073 kontratu sinatu dituzte, guztizkoaren % 44,3, eta kontratazioak urte artean % 9,8 hazi dira.
Kontratazioaren urte arteko bilakaera eta, bereziki, kontratu mugagabeen hazkundea seinale positiboak dira enplegu egonkorragoa lortzeko. Lanean jarraitu behar dugu joera hori sendotzeko, nahi ez dugun behin-behinekotasuna eta partzialtasuna murrizteko, eta enpleguaren hazkundea bizi proiektu duin eta autonomoetan gauzatzen dela bermatzeko.
Lan merkatu aktiboa islatzen dute datuek, enplegua sortzeko gaitasuna duena, baina baita erantzun espezifikoak eskatzen dituzten erronkak ere. Afiliazioaren hazkundeak konfiantza mantentzea ahalbidetzen digu, baina langabeziaren hazkundeak erantzukizuna eta ekintza eskatzen dizkigu. Lanean jarraituko dugu enpresekin, gizarte eragileekin eta erakunde laguntzaileekin, aukerak pertsona guztiengana irits daitezen eta Euskadik aurrera egin dezan lan merkatu inklusiboago, egonkorrago eta kalitate handiagoko baterantz.






