- Lehendakariak Osasun Publikoari buruzko 19. Europako Biltzarraren inaugurazioan parte hartu du. Biltzarrak mundu osoko komunitate zientifiko, profesional eta instituzionaleko ordezkariak bilduko ditu Bilbon
- Imanol Pradalesek azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak osasun publikoarekin, berrikuntzarekin eta Europako lankidetzarekin duen konpromisoa: “euskal herritarren osasuna hobetzea lehentasuna da euskal agendan”
- Bilbo egoitza gisa aukeratu izanak Euskadik osasun publikoan, ikerketan, berrikuntzan eta nazioarteko lankidetzan egindako ibilbidea aitortzen du. Biltzarrak osasunaren euskal eredua proiektatzeko eta Europako erakundeekin eta nazioarteko organismoekin lankidetza indartzeko aukera emango du
- Osasun publikoaren arloan, Euskadiko Osasun Itunaren lehentasunen artean daude gaixotasun transmitigarrien zaintza eta kontrola indartzea, herritarren txertaketa- eta baheketa-programak integratzea, osasun-larrialdiei aurre egiteko prestakuntza indartzea eta informazio-sistemak garatzea One Health ikuspegiarekin
Euskadik Osasun Publikoaren 19. Europako Biltzarra (EPH Conference), osasun publikoaren Europako urteko foro nagusia, hartuko du lehen aldiz. Azaroaren 13ra, ostiralera, arte, Bilboko Euskalduna Jauregiak 80 herrialde baino gehiagotako 2.800 profesional, ikertzaile eta erakunde inguru bilduko ditu, herritarren osasuna baldintzatzen duten erronka handiak eztabaidatzeko.
Imanol Pradales Lehendakariak biltzarrari hasiera emateko ekitaldian parte hartu du Alberto Martínez Osasuneko sailburuarekin batera. Bere presentziak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak osasun publikoarekin, berrikuntzarekin eta Europako lankidetzarekin duen konpromisoa.
Bere hitzaldian, Lehendakariak euskal osasun-sistema balioetsi du, eta gogoratu du azken 80 urteetan alderdi askok egindako ahaleginari eta ekarpenari esker eraiki dela. Gaur egun, osasun-eskaerak desberdinak dira, Imanol Pradalesek adierazi duenez, eta lankidetza, adostasun eta ezagutza aditu handiagoa eskatzen dituen erronka handia da hori. Horren adibide mediku-elkarteen, paziente taldeen, sindikatuen, unibertsitateen, alderdi politikoen, erakunde publikoen eta profesional sanitarioen ekarpenari esker lortutako Euskadiko Osasun Ituna da.
“Osasun Itunak norabidea erakusten digu. Eta ez gara despistatuko. Gure konpromisoa da adostutakoa aurrera eramatea Euskadiren eta herritarren mesederako”, azpimarratu du. “Ez gara geratuko Euskaditik ehunka kilometrora erabakiak hartu zain. Datorrena datorrela ere, Osakidetzaren emaitzak hobetzeko gure apustuarekin jarraituko dugu”, erantsi du.
“Herrialde indartsu eta kohesionatua eraiki dugu. Baina aurrean ditugun erronkek anbiziotsuagoak izatea eskatzen dute. Euskadik funtzionatzen jarraitu behar du, eta euskal herritarren osasuna hobetzea lehentasuna da euskal agendan, Jaurlaritzaren agenda bakarra izanik”, esan du amaitzeko.
Bilbo nazioarteko topaketa honen egoitza gisa aukeratu izanak Euskadik osasun publikoan, ikerketan, berrikuntzan eta nazioarteko lankidetzan egindako ibilbidea aitortzen du. Era berean, aukera bat da Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak etorkizuneko erronketarako osasun-sistema bidezkoagoa, jasangarriagoa, erresilienteagoa eta prestatuagoa eraikitzeko egiten duten lana erakusteko.
Biltzarrak Osasunaren Mundu Erakundearen, Europako erakundeen, osasun publikoko sareen, elkarte zientifikoen eta organizazio espezializatuen ordezkariak bildu ditu. Ezagutzaren truke horrek Euskadirentzat lankidetza zientifiko eta teknikorako aukera berriak sortzen lagunduko du.
Kongresu hau egiteko Europak Euskadi aukeratu izanak lurraldeak osasun publikoaren erreferente gisa duen posizioa indartzen du. Hitzorduak aukera ematen du euskal sistemaren politikak, esperientziak eta aurrerapenak nazioarteko komunitatearekin partekatzeko eta sare zientifikoekin, Europako erakundeekin eta nazioarteko organismoekin lankidetza indartzeko.
Euskadik Europarekin partekatuko dituen lerro estrategikoen artean nabarmentzen dira Euskadiko Osasun Ituna, epe ertain eta luzera kalitatezko arreta jasangarria eta ekitatiboa bermatzera bideratua; One Health ikuspegia hedatzea; eta Berrikuntzaren Itsasargiak, baliabide ekonomikoak eta talentua, besteak beste, herritarren zahartzea, desberdintasunak, trantsizio digitala eta klima-aldaketa bezalako erronkei aurre egiteko konponbideetara bideratzeko direnak.
Horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren parte-hartzea Euskadiko Osasun Itunaren lehentasunen eta bere One Health ildo estrategikoaren –gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna integratzen dituenaren–, eta Berrikuntzaren Itsasargien barruan kokatzen da, ‘Osasuna politika guztietarako’ ikuspegiaren pean. Osasun publikoaren arloan, Euskadiko Osasun Itunaren lehentasunen artean daude gaixotasun transmitigarrien zaintza eta kontrola indartzea, herritarren txertaketa- eta baheketa-programak integratzea, osasun-larrialdiei aurre egiteko prestakuntza indartzea eta informazio-sistemak garatzea One Health ikuspegiarekin.
Proiekzio europarra duen euskal eredua
Euskadi kongresuaren egoitza da, eta, gainera, bertan aktiboki parte hartuko du osasun publikoaren bere eredua ezagutarazteko. Euskal sistemako profesionalek eta ikertzaileek hainbat ekimen aurkeztuko dituzte, besteak beste, ikerketa biomedikoaren eta epidemiologikoaren, arreta integratuaren, osasun-politiken ebaluazioaren eta antolaketa-berrikuntzaren esparruan.
Topaketa osasunaren arloko ikerketaren eta berrikuntzaren euskal ekosistemaren sendotasuna erakusteko leihoa ere bada. Sistema hori Osakidetzak, BIOEFek, osasun-ikerketako institutuek, zentro teknologikoek, unibertsitateek eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuek osatzen dute.
Osasun publikoaren erronka nagusiak
‘Hiri sinergiak eta globalak: osasun publikoaren etorkizunari forma emanez erresilientzia klimatikoaren, ekitatearen eta berrikuntzaren bidez’ leloaren pean, kongresuak landuko du klima-aldaketak, etxebizitzak, hirien diseinuak, gizarte- eta lurralde-desberdintasunek eta landaren despopulazioak nola eragiten duten pertsonen osasunean.
Programa zientifikoak barne hartzen ditu bost osoko saio eta 16 arlo tematiko, eta 2.200 aurkezpen baino gehiago egingo dira. Ikertzaileek, osasunaren arloko profesionalek eta arduradun publikoek, besteak beste, aztertuko dituzte airearen kalitatea, berdeguneetarako irisgarritasuna, mugikortasuna, zarata, osasun mentala, gaixotasun infekziosoak, migratzaileen eta errefuxiatuen osasuna eta adimen artifizialaren erabilera osasun publikoan.
Krisi klimatikoa gai nagusietako bat izango da. Saioetan aztertuko da osasun-sistemak nola prestatu muturreko beroaren eta beste fenomeno klimatiko batzuen aurrean, aldi berean osasun-arretaren ingurumen-inpaktua murriztuz.
Zientzia, lankidetza eta herritarrak
Osasun Publikoaren Europako Biltzarraren antolatzaileak EPH Conference eta Osasun Publikoaren Europako Elkartea (EUPHA) dira, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioa (BIOEF), Osasun Publikoaren eta Administrazio Sanitarioaren Espainiako Sozietatea (SESPAS) eta Basque Centre for Climate Change – BC3 aritu dira antolatzaile-lanetan Bilbon.
Programa zientifikoaz gainera, herritarrei irekitako jarduerak ere antolatu dira. Ekimen horietan aztergai izango dira osasunaren eta migrazioen, krisi klimatikoaren, mikrobioen aurkako erresistentziaren eta preskripzio sozialaren arteko harremana, eta, gainera bizi-ohitura osasungarriak sustatuko dira.
2026ko EPH Conference Bilbon ospatzeak Euskadi berrikuntzarekin, jasangarritasunarekin, ekitatearekin eta nazioarteko lankidetzarekin konprometitutako lurralde gisa sendotzen du, eta topaketak Euskadi osasun publikoari buruzko Europako eztabaidaren erdigunean kokatzen du.






