Eusko Jaurlaritzak migratzaileen hizkuntza-harrerari buruzko esperientziak partekatu ditu Hizkuntza Politikaren arloko Protokoloaren jarraipen batzordean

0

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasorok eta Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazioko zuzendari Sonia Rodríguezek parte hartu dute Palma de Mallorcan Kataluniako, Euskadiko, Galiziako, Balear Uharteetako, Nafarroako eta Valentziako gobernuen arteko Hizkuntza Politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren jarraipen batzordearen bileran. Topaketa NPLDk (Europako Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sareak) egun hauetan egiten ari den bilerarekin batera egin da, eta esperientziak partekatzeko nahiz erronka komunak aztertzeko balio izan du; bereziki, migratzaileen hizkuntza-harreraren arloan.

Bileran Protokoloaren Jarraipen Batzordea osatzen duten sei autonomia erkidegoetako 13 ordezkarik parte hartu dute.

Jarraipen-bileran jorratutako gai nagusien artean, laster argitaratuko den eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan lantzeko prestatutako Estatuko eleaniztasunari eta hizkuntza-aniztasunari buruzko gazteei zuzendutako unitate didaktikoaren aurkezpena nabarmendu da. Halaber, migratzaileen hizkuntza-harrera lantzeko ekimenak partekatu dira. Erronka nagusia hizkuntza pertsonengana hurbiltzea eta prestakuntzarako sarbidea erraztea da. Horretarako, lan-munduarekin lotutako enpresa eta erakundeekin lankidetzan aritzearen garrantzia azpimarratu da.

Hizkuntza-harrera Protokoloaren parte diren gobernuen lan-ildo nagusietako bat da; izan ere, erkidego guztietan antzeman da migratzaileei harrera egin eta laguntza emateko beharra, lurraldeko hizkuntza eta kultura ikas ditzaten. Gobernu horien arteko lankidetzak lagundu dezake kultura- eta hizkuntza-edukiak bateratzen, bai eta gaztelania ez diren hizkuntza ofizialetako A1 mailaren ziurtagiria ezartzeko sistemak harmonizatzen ere.

Proiektuetan aurrerapausoak

Gaurko bileran adostu da lantalde bat sortzea garatzen diren proiektuen inpaktu-adierazleak zehazteko, erkidegoetan gauzatutako ekimenen emaitzak ebaluatu ahal izateko eta arrakastazko esperientziak partekatzeko.

Espainiako Estatuko Hizkuntza Aniztasunaren Sustapenerako Sariari dagokionez, Voz Audiovisualek ekoitzitako eta eskualdeko telebisten (EITB, 3CAT eta TVG) lankidetzarekin egindako Pensión Incompleta telesailari emango zaion sarirako aurkezpena eta sari-banaketa ekitaldia prestatzen ari dira elkarlanean. Ekitaldia datozen hilabeteetan egingo da Madrilen, aurreko edizioetan bezala.

Sari horrek Espainiako hizkuntza-aniztasunaren defentsan eta sustapenean egindako lana aitortzen die pertsonei, erakundeei edo enpresei, bai eta gaztelaniarekin batera dauden hizkuntza ofizialen zabalkundean egindako ekarpena ere.

Bestalde, ikus-entzunezko edukien plataforma nagusietan hizkuntza ofizialetako edukien emisioari buruzko aurrerapenen berri partekatu da, eta RTVErekin izandako azken harremanen berri ere eman da. Aurrerapenen artean daude edukien azpititulazioa eta bikoizketa, nahiz eta oraindik lan handia egiteko dagoen. Eskakizun horien helburua Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorra betetzen dela bermatzea da, bereziki haurrei zuzendutako Clan katean.

Interes komuneko beste gai batzuk

Protokoloaren bileran interes komuneko beste gai batzuk ere jorratu dira, hala nola Eusko Jaurlaritzak Garabide elkartearekin lankidetzan abiarazi duen Hizkuntza Biziberritze Prozesuetan Dauden Komunitateen Mundu Federazioa eratzeko proiektua. Federazioa kide berriak hartzera irekita egongo da, elkarteak zein gobernuak izan daitezkeenak.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak III. Mundu Biltzarra – From Basque to the World aurkeztu du. Biltzarra urriaren 20an, 21ean eta 22an egingo da, eta eduki akademikoak nahiz atal praktiko bat izango ditu.

Protokoloari buruzko informazio osagarria

Protokoloa sinatu duten erakundeen jarduna hiru esparrutan gauzatzen da. Alde batetik, Protokoloak bakoitzaren hizkuntza biziberritzeko prozesuetako lan-arloei buruzko informazioa eta esperientziak trukatzea aurreikusten du. Horrez gain, Espainiako Estatua estatu eleaniztun gisa aitortuta, Protokoloak gobernuak elkarlanean aritzera konprometitzen ditu, Estatuko erakundeek errealitate eleaniztun hori babestu eta sustatzeko modu eraginkorrean jardun dezaten. Era berean, Protokoloak ahaleginak koordinatzeko beharra jasotzen du, gaztelaniaz bestelako hizkuntza ofizialen presentzia nazioartean eta, bereziki, Europar Batasunean sustatzeko.