Itxasok eskatu du NIMBYa gainditzea eta ardura partekatua asumitzea etxebizitza babestuak auzo guztietan lekua izan dezan

0
  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak XXIV. EuskalHiria Kongresuaren irekieran defendatu du ezein hiri eta udalerrik ezin diola muzin egin bizitegi-eskaintza zabaltzeko beharrari: “Ezin dugu eskatu etxebizitzaren arazoa konpontzea arazo hori beti ondoko auzora bidaliz”
  • ‘Ber-hazi’ lelopean, topaketak etxe berrien eraikuntza birgaitzearekin, hiri-berroneratzearekin eta lehendik dauden eraikinen eraldaketarekin uztartzeko beharrari heltzen dio

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eskatu du ingurune hurbilenean etxebizitza babestua ezartzeko oztopoak gainditzea eta etxe bat eskuratzeko aukerak zabaltzea ahalbidetuko duen hiri-elkartasunaren kulturarantz aurrera egitea. Astelehen goizean Bilboko Bizkaia Aretoan egin den EuskalHiria 2026 Kongresuaren XXIV. edizioaren irekiera instituzionalean, Itxasok NIMBY fenomenoa (Not In My Backyard, “ez nire auzoan”) kokatu du hiriek bizitoki-premiari erantzuteko aurre egin behar dieten erronka kultural eta politiko nagusien artean.

Azaldu duenez, “oso adostasun sozial zabala dago etxebizitza gehiago, bereziki etxebizitza babestua, eraikitzeko beharrari buruz. Baina adostasun hori arrailtzen hasten da sustapen jakin bat gure etxeetatik gertu proiektatzen denean”, gaineratu du. Sailburuak ohartarazi du kontraesan horrek “oztopo ikusezinak” sor ditzakeela, dagoeneko etxebizitza bat izanik oraindik halakorik lortu ez dutenei etxebizitzarako sarbidea zailtzen dietenak babesten dituzten oztopoak.

Jarrera horren aurrean, Itxasok hirien, udalerrien eta auzoen arteko erantzukizun partekatua defendatu du. “Ezin dugu eskatu etxebizitzaren arazoa konpontzea arazo hori beti ondoko auzora bidaliz”, adierazi du. Ildo horretatik, bizitegi-krisia, higiezinen arloko arazoa ez ezik, “gure hirien kohesio sozialaren eta funtzionamenduaren arazoa” ere badela onartzeko eskatu du, bereziki udalerri batean lan egiten eta haren oparotasunean laguntzen dutenek ezin dutenean bertan bizi.

Bihar, asteartea, Sonja Trauss San Frantziskoko YIMBY (Yes In My Backyard, “nire auzoan bai”) mugimenduaren bultzatzaileetako bat izango da Kongresuan, eta aztertuko du herritarrek zer zeregin duten etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handiagoaren eta jendeak bere auzoetan jarraitzearen defentsan.

Herritarren parte-hartzea, hiri-kalitatea eta erantzukizun partekatua

Sailburuak azpimarratu du herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela, eta administrazioek proiektuak entzun, azaldu, negoziatu eta, beharrezkoa denean, zuzentzeko betebeharra dutela. Egoiliarrek informazioa, kalitate arkitektonikoa, behar adina zerbitzu, espazio publiko duinak eta obrek eragindako eragozpenen aurreko bermeak exijitzeko duten eskubidea aitortu du. “Auzokideen objekzio guztiak ez dira NIMBY. Baina ezin dugu onartu edozein interes partikular behar kolektibo bati betoa jartzeko eskubide bihurtzea”, nabarmendu du. Bere ustez, hiri-eztabaidek jaso behar dute, era berean, etxebizitzarik eskuratu ezin dutelako auzo horietan bizi ez direnen ikuspegia: gurasoen etxean jarraitzen duten gazteak, alde egin behar izan duten familiak edo hiri batean lan egiten duten baina gero eta urrunago bizi behar duten pertsonak.

Horregatik, Itxasok hiri-pedagogia berri bat bultzatzeko beharra defendatu du, etxebizitza babestua handitzearen garrantzia eta ondo planifikatutako eraldaketa batek komunitate osoari ekar diezazkiokeen hobekuntzak azalduko dituen pedagogia bat. “Ezin da hiri-elkartasuna exijitu bermerik eskaini gabe. Baina bermeak ere ezin dira aitzakia gisa erabili elkartasunari uko egiteko”, adierazi du.

Barrurantz haztea: eraikitako hiria birgaitzea, eraldatzea eta aprobetxatzea

‘Ber-hazi. Hiria etxebizitzaren eta jasangarritasunaren erronken artean’ lelopean, EuskalHiriak aztertzen du etxe berrien eraikuntza nola uztartu birgaitzearekin, berrerabilerarekin eta lehendik dauden eraikinen eta hiri-espazioen eraldaketarekin. Itxasok aitortu du Euskadik oin berriko etxebizitza babestuak eraikitzen jarraitu behar duela, azken urteetan baino askoz kopuru handiagoetan, baina ohartarazi du “akats estrategikoa” litzatekeela hiria hedatzeko operazio berrietan soilik konfiantza izatea.

Lurralde mugatu batekin, hiri trinko eta finkatuekin eta berrogeita hamar urte inguruko batez besteko antzinatasuna duen bizitegi-parke batekin, sailburuak “barrurantz ere hazten ikasteko” beharra aldarrikatu du. Horrek berekin dakar hiri-inguruneak birgaitu, birsortu, eraldatu, osatu, egokitu eta birdentsifikatu behar direla, lurzorua bezalako baliabide urri bat hobeto aprobetxatuz.

Ildo horretatik, adierazi du hiri-berroneratzeak politika osagarria izateari utzi behar diola eta etxebizitza-krisiari emandako erantzunaren erdigune bihurtu behar duela. Hori irudikatzeko, errepasatu egin ditu beren jatorrizko eginkizuna agortu duten eraikinei bizitegi-erabilera berriak emateko Sailak bultzatutako edo aztertutako hainbat jarduketa.

Horien artean daude Azpeitiko Esklabak komentu zaharreko 48 zuzkidura-apartamentuak, Arrasateko sindikatuen etxe zaharreko gazteentzako hamabi apartamentuak eta udalerri horretako La Merced ikastetxe zaharra berreskuratzeko azterketa. Proiektu horiei gehitu behar zaizkie Eibarko epaitegi zaharretan aurreikusitako 19 apartamentuak eta Txontako AIBE fabrikan aurreikusitako beste 40 apartamentuak, Elgoibarko egungo anbulatorioan gaitu litezkeen hamalau apartamentuak eta Bilboko Gorte kaleko Telefónicaren bulego zaharrak, zuzkidura-apartamentu berri bihurtutakoak.

“Komentu bat, epaitegi batzuk, fabrika bat, eskola bat, bulego-eraikin bat. Eginkizun bat agortu duten eraikinak dira, baina gizarterako erabilgarritasuna agortu ez dutenak” adierazi du Itxasok, eta hau defendatu du: “hiria ondare bizi gisa ulertu behar da, berrinterpretatu, egokitu eta berriro ere premia kolektiboen zerbitzura jar daitekeen ondarea”.

Finkatutako hiri-inguruneak birdentsifikatzeko aukerak ere nabarmendu ditu sailburuak. Miribillan, alokairuko etxebizitzen eraikin publikoen gaineko jasoduren sei jarduketa pilotuetako bat aztertzen ari dira. Horien bidez, Sailak 189 apartamentu berri sortzea planteatzen du, lehendik dauden eraikinak handituta eta eraikuntza industrializatuko teknikak erabilita. Era berean, erabiltzen ez diren merkataritza-lokalak etxebizitza bihurtzeko aukerak aztertzen dira, betiere bizigarritasun-, argiztapen- eta aireztapen-baldintzak betetzen badituzte. “Birdentsifikatzeak ez du esan nahi pilatzea. Kalitateari uko egin gabe hiria hobeto aprobetxatzea esan nahi du”, zehaztu du.

Bizitegi-formula berriak eta belaunaldien arteko elkartasuna

Itxasok belaunaldi arteko zuzkidura-apartamentuetan ere jarri du fokua. Formula bat da aldi berean erantzuteko gazteen emantzipazio-beharrei eta irisgarriagoa eta beren inguruabarretara egokituagoa izango den beste batekin ohiko etxebizitza aldatu nahi duten adineko pertsona autonomoen beharrei.

Proposamenak aurreikusten du adineko pertsona horiek zuzkidura-apartamentuetara joan ahal izatea, eta beren borondatez aurreko etxebizitza Alokabideren esku jarri ahal izatea, Bizigune programaren bidez, alokairu babestuko parke publikoan sartzeko, betiere haien jabetzari eutsiz. Horrela, ekimen berak bizitegi-alternatiba egokiagoa eskain diezaioke adineko pertsona bati, gazteen emantzipazioa erraztu dezake eta familia bati tamaina handiagoko etxebizitza bat eskuratzeko aukera eman diezaioke. “Lehendik dauden etxebizitzak hobeto erabiltzeaz ari gara, gure bizitegi-ondarea familien bilakaerara egokitzeaz eta belaunaldien arteko elkartasun-modu berriak sustatzeaz”, azaldu du sailburuak.

Gaur egun, Euskadin 992 zuzkidura-apartamentu okupatuta daude. Eraikitzen, proiektatzen edo aztertzen ari direnak gehituz gero, kopurua 2.210era iristen da. Sailaren ustez, lagapen berriak eta eraikin publikoen handitze-aukerak heltzen badira, parkeak 5.100 apartamentu baino gehiago izan litzake. Estrategia osatu egiten da auzoak birgaitzeko eta berroneratzeko Opengela bezalako ekimenekin (25 auzotan lan egiten du prozesu horiek errazteko) eta Care Blanket bezalako proposamenekin (Europan 18 lehiaketaren proiektu irabazlea Gasteizko Bustalderako, etxebizitzak, irisgarritasuna eta espazio komunak hobetzea planteatzen duena).

Sailburuak defendatu du jarduketa horiek guztiek uste berari erantzuten diotela. “Etxebizitza-politika on bat ez datza soilik etxe berriak ekoiztean. Era berean, pertsonak beren auzoetatik kanporatu ez ditzaten eta gure hiriak sozialki askotarikoak izaten jarrai dezaten bermatzean datza”, adierazi du.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak antolatuta, NBE-Habitat programaren laguntzarekin, XXIV. EuskalHiria Kongresuak Montreal, San Frantzisko, Rotterdam, Turin edo Londres bezalako hirietatik etorritako nazioarteko esperientziak eta espezialistak bilduko ditu gaur eta bihar Bilbon. Nazioarteko proiekzio handieneko edizioa da orain arte izandakoen artean, eta hainbat gai jorratuko dituen programa bat izango du. Gai horien artean daude, besteak beste, lurzorua eta plangintza, arkitektura zirkularra, eraikinen berrerabilera, egokitzapen klimatikoa, espazio publikoa, bizitegien eskuragarritasuna eta auzoetan geratzeko eskubidea.

Irekiera instituzionalean parte hartu dute Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Shubhagato Dasgupta NBE-Habitat programako Plangintza eta Finantzetako buruak.