‘EuskarAbentura’k amaiera eman dio ekimenari

0

EuskarAbentura espedizioaren lehen edizioak azken kilometroak egin ditu astearte honetan. Duela hilabete ehun gazte baino gehiago Zuberoatik abiatu ziren, eta oinez 400 kilometro baino gehiago egin ostean Getxora iritsi dira. Euskararen erabileran sakontzeko egitasmoari esker, ekimen honetan parte hartu duten gazteek esperientzia ahaztezin ugari bizitzeko aukera izan dute.

Getxoko Andres Isasi musika eskolan ekitaldi hunkigarria egin aurretik, gazteek Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatu dituzte. Espedizioa larunbatean, uztailak 28, sartu zen Bizkaian, Markina-Xemeinera, zehazki. Udalak egindako harreran jakin zuen taldeak Euskal Herriko eskualde euskaldunenean zegoela; Lea-Artibain euskararen ezagutza % 90ekoa da eta erabilera % 80koa.

Uztailaren 29an, abenturaren etaparik luzeena burutu zuten, 29 kilometrokoa. Bidean Omako Baso Margotua eta Gizateriaren Ondare den Santimamiñe kobazuloa bisitatu zituzten. Gernika-Lumora heltzerakoan euskara zinegotziaren harrera jaso zuten. Halaber, Bilboruntz trenez abiatu baino lehen, Gernikako Juntetxea eta Arbola bisitatu zituzten.

Zeharkatutako lurralde bakoitzean euskarak bizi duen errealitatearen berri izan dute gazteek. Euskararen erabileran eragitea EuskarAbenturaren helburu nagusienetako bat izan da, soziolinguistika hitzaldiez gain, Euskaraldiko kideen bisitak ere izan dituzte eta dinamika desberdinak garatu dira.