Udaltzaingoak desegin egin du Areatzan migratzaileei elkartasuna agertzeko kanpaldia

0

Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak migratzaileei elkartasuna adierazteko eta horiei harrera egiten dieten erakundeek dituzten gabeziak salatzeko Areatzan egiten ari ziren kanpaldia desegin egin du bart Bilboko Udaltzaingoak.

Guztira, 100 pertsona inguru zeuden Areatza aldean, eta atzo hasi eta asteazkenera arte bertan kanpaldia egiteko asmoa zuten.

Gaueko hamarrak jo baino lehenago, baina, udaltzainak bertaratu ziren eta kanpaldia desegin zuten.

Plataformak salatu duenez, alde egiteko gonbita egin zieten lehenengo eta kanpadendak kendu zizkieten gero.

Gertatutakoa adierazpen askatasunaren kontrako eraso zuzena izan dela salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak. Kanpaldia egiteko baimena bazutela eta gaur Areatzara itzuliko direla azpimarratu dute.

Gaur goizean prentsaurrekoa eskainiko dute gertatutakoari buruz duten iritzia emateko.