Udalak Iruñeko azken sexu-erasoa salatu eta elkarretaratzea deitu du

0

Iruñeko Udalak hirian gertatutako azken sexu-erasoa salatzeko eta gaitzesteko adierazpen bateratua onartu du gaur goizean eta elkarretaratzea deitu du 12:30erako Udaletxe plazan. Halaber, Iruñeko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du 18:30ean Udaletxe plazan, “Sexu askatasunaren aurkako erasorik ez” lelopean.

Ezohiko Bozeramaileen Batzordean, aho batez onartu dute gaitzespen adierazpena. Horrez gain, “erabateko babesa eta elkartasuna” adierazi diote emakumeari eta haren familiari. Gainera, haren eskubideak eta identitatea gordetzeko errespetua eskatu dute.

Ez hori bakarrik, Udalak sexu-erasoak “deuseztatzeko”, segurtasuna hobetzeko eta emakumeak “ingurune guztietan” aske izan daitezen bermatzeko lan egitea hitzeman du.

Bestalde, “zuhurtzia” eskatu du Iruñeko Udalak, eta “egiaztatu gabeko informazioak saihestea” eskatu du.

Emakumearen salaketaren arabera, hiru gizonek bortxatu egin zuten Iruñeko Alde Zaharreko etxebizitza batean, bere edarian substantzia bat nahastu ostean.

Zati batean Udalarena den sei solairuko eraikin batean gertatu zen sexu-erasoa.

Hiru akusatu nagusiak, ostera, aske gelditu dira epailearen aurrean deklaratzeari uko egin ostean. Dena den, ikerketak zabalik jarraitzen du.

Iruñeko Udala herri-akusazioa izango da sexu-erasoaren auzian

Iruñean izandako sexu-erasoaren auzian herri-akusazioa izateko idatzia aurkeztu du Nafarroako hiriburuko Udalak, 2. Instrukzio Epaitegian eginbideak abiatu dituztela baieztatuta.

Udalak esan duenez, erabakiak biktimaren eskubideak babestea du helburu, Nafarroako hiriburuan izandako “larritasun bereziko” gertakizunetan.

Aurreko astean, Espainiako Poliziak hiru gizon atxilotu zituen, Iruñeko Alde Zaharreko etxebizitza batean emakume bat bortxatzea leporatuta, norbaitek edarian substantziaren bat bota ostean.

Udalaren arabera, erasoa sei pisuko eraikin batean gertatu zen. Udalarenak dira horietako lau, eta bi pribatuak dira. Gainera, zenbait pertsona legez kanpo bizi dira bertan.

Urtarriletik prozesu judizial bat dago irekita, Udalak eskatuta, etxebizitzaren erabateko erabilpena berreskuratzeko helburuarekin. Alde Zaharreko bizilagunei ostatua emateko birgaitu nahi dituzte etxebizitzak.