Zegonak Euskaltelen telekomunikazio sarea saldu nahi du

0

Eamonn O’Hare funts britainiarreko kontseilariak jakitera eman duenez, Zegona Euskalteleko akziodun nagusiak Taldearen telekomunikazio sarea saldu nahi du zorrak murrizteko eta hedatze prozesua finantzatzeko asmoarekin.

Eamoon O’Haren esanetan, azpiegitura digitalean inbertitzeko gura duten enpresak daude, eta Euskaltelek “sare zoragarria” eta Estatuko “onenetarikoa” dauka.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, Euskaltelen sarea saltzeko ideia “ez da berria”. Zegonak enpresaren kontrola eskuratu aurrekoa dela ziurtatu du.

Izan ere, “behin baino gehiagotan” aztertu da sarea saltzeko aukera azken bi urteetan, bozeramailearen hitzetan. Hala ere, Erkorekak azaldu du neurri hori ez dagoela Administrazio Kontseiluaren agendan sartzeko “zorian”, alegia, “berehala formalizatzeko akordio gisa”.

Euskaltel “legezko berme guztiekin eta Eusko Jaurlaritzaren berariazko babesarekin” pribatizatu zela azaldu du Erkorekak. Beraz, Eusko Jaurlaritzak “gutxi” egin dezake “jatorrian publikoa zen baina orain jabetza pribatukoa den ondasun bat erreskatatzeko edo haren baldintzak aldatzeko”, esan du.