Zinebik Claire Simon zinegileari emango dio 61. Ohorezko bigarren Mikeldia

0

Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Zinebik, Claire Simon zinegile frantsesari eskainiko dio aurtengo edizioko Ohorezko bigarren Mikeldia, Europako zine garaikidea berriztatzeagatik.

Omenaldia ZINEBI 61eko inaugurazio ekitaldian jasoko du, azaroaren 8an, 20:00etatik aurrera, Bilboko Arriaga Antzokian.

Azken urtean Claire Simonek ordu erdiko 18 kapituluk osatzen duten Le village serie dokumentala egiteko lanak amaitu ditu. Zine dokumentalaren eta nekazaritzaren arteko erlazioari buruzko suspense filma da, Frantziako Ardèche lurraldeko herri txiki batean girotutakoa. Mahastizainak eta zine dokumental banatzaileak merkatuaren legeen kontra borrokatzen dira, maite dutena egiteko eta saltzeko: mahatsondoak, ardoa eta filmak. Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzarekin, ZINEBI 61ek seriearen Estatuko aurkezpena jasoko du eta, horrez gain, zinegileak, bere jakin-minei, sorkuntza prozesuei eta zine garaikideari buruz duen ikuspegiari buruzko masterclass-a –jendearentzat irekita– emango du. Hori guztia, Jaialdiaren lehenengo asteburuan izango da Bilboko Arte Ederren Museoan.