Abian da Donostia Kultura Irratia

0

Jada martxan da Donostia Kultura Irratia FM 107.4 sintonian eta irratia.donostiakultura.eus webgunean.

1991 urtean jaiotako Altzako Casares Irratiaren urrats berria da hau. Lehengo izaerari eutsiz, jauzi bat eman du hiriko eta aldirietako kulturaren leiho bihurtzeko. Inguruko kultur ekosistema zabalari begira jarriko den leihoa izango da, beti ere, kultur zaletasunaren ikuspuntutik.

Horretarako, irratiaren baliabideak hobetzeaz gain, programazioa indartuko da Ion Olano Carlos kazetari donostiarrak aurkeztuko duen BESTALDE eguneroko kultura-magazin berriarekin eta Donostia Kulturak antolatzen dituen hainbat hitzaldi, kontzertu eta abar ere jaso eta zabalduko ditu, podcast gisa.

DK irratiaren webgune berriak, irratia.donostiakultura.eus, irratia munduko edozein txokotatik zuzenean entzuteko aukera emateaz gain, grabatutako programa guztiak eta Donostia Kulturaren hainbat podcast gordeko ditu, eta nahieran entzun ahal izango dira guztiak.

Kultura izango da irratiaren ardatza, eta herritarrak bihotza. Irrati-tailer gisa jaio zen duela ia 30 urte, eta izaera horri eusteko asmo irmoa du. Jarraituko du ahozko komunikazioaren eta soinuaren formazio-leku izaten ikastaro eskaintzaren-bitartez, eta, betiko moduan, estudioak herritarren zerbitzura jartzen.