Zientzia Astea 2019ko jardueretan parte hartzeko izen-emate epea zabaldu da

0

UPV/EHUren XIX. Zientzia Astea dela eta antolatu diren tailer eta txangoetan parte hartzeko izen-emate epea gaur bertan ireki da.

Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da, eta ekimen honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak gizarteari zientzia hurbildu nahi dio, haren benetako xarma erakutsi eta gazte, heldu eta umeen jakin-mina piztuz. Azaroaren 6tik 10ra bitartean Bilbon eta Barakaldon egingo da XIX. Zientzia Astea, azaroaren 7tik 9ra Donostian eta azaroaren 7tik 10ra Vitoria-Gasteizen. Bilbon, Bizkaia Aretoan izango da; Barakaldon, Clara Campoamor Zentro Zibikoan; Donostian, Tabakaleran; eta, Vitoria-Gasteizen, Bibat Museoan.

Antolatutako 67 tailer eta 30 txangoen artean, gustu eta adin guztientzako ekimenak daude. Itsasoari, espazioari edota dinosauroei buruzko tailerrak, besteak beste. Bakteriak, estatistika, geologia, arkeologia edo janari-intolerantziak ezagutzeko aktibitateak antolatu dira. Esperimentuak egingo dira, papiroflexia ikasteko aukera izango dute partaideek baita ariketa fisikoa nola egitea hirugarren adinean ere erakutsiko da, esaterako.

UPV/EHUren XIX. Zientzia Asteak beste hainbat aktibitate izango ditu: 67 tailer eta 30 txangoez gain, txokoak, erakusketak, zenbait hitzaldi, txikienentzako  zientzia-ikuskizunak ere egongo dira, baita Zientzia Club formula ere, umorea, musika eta zientzia osagaiak batzen dituzten bakarrizketak. Eta aurtengo nobedadea, “Jakinduriek mundue erreko dau” BetsoZientzia saioa.

Bakarrik tailerretan eta txangoetan parte hartzeko da ezinbestekoa izen-ematea. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko izen-emateak zientzia-astea.eus webgunearen bitartez burutu beharko dira ezinbestez.

Bestalde, Barakaldoko erreserbak telefono edo email bidez egin beharko dira.  Erreserbak egiteko informazio guztia hemen dago: http://zientzia-astea.org/eu/zientzia-astea-barakaldo/