Iritsi da 2019ko Bertsoaroa

0

u Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolaturik, gaurtik azaroaren 26ra arte Bertsoaroak zortzi emanaldi eskainiko ditu.

1991an abiatu zen lankidetza hori, eta horren fruitu da aurtengo eskaintza ere, 29.ena. Beste behin ere, bertsolaritza bere aniztasunean eta kalitate gorenean hurbilduko du zikloak Iruñera.

Ohi bezala, bertsogintza ardatz duten askotariko emanaldiak bilduko ditu aurtengo egitarauak ere, bertsoa publikoarengana molde ezberdinetan gerturatzeko asmoz. Oraingoan, gainera, bi estreinaldi jasoko ditu zikloak. Lehena, Gorria, Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Exebarrieta dantzariaren proiektua da, bertsolaritza eta flamenkoa lotzen dituena. 2018ko Lanku beka irabazi zuen proiektuak (orduan, Tan takatan izenarekin), eta Iruñekoa izango da publiko aurreko lehen emankizuna. Bigarren estreinaldia Urpekakariak haur antzerkiarena izango da. Lierni Hernandez eta Eneko Arrate aktoreek gorpuztuko dute Ane Labakak eta Miren Amurizak idatzitako istorioa.

Aurreko urteetan bezalaxe, punta-puntako bi bertso jaialdi ere izango dira (zikloa ireki eta ixteko), eta baita bertsolari gazteen saio bat ere. Gainera, Koldo Izagirrek Bertsoaren harria bere azken liburua aurkeztuko du, bi bertsolariek lagunduta. Eñaut Agirre eta Unai Agirre anaiek, gainera, bertso musikatu sorta bat ekarriko dute, Iruñera egokitutako Auskalo zeinek jarriak emanaldiarekin, musikariak lagunduta, eta haurrentzako bertso tailer bat ere izango da.

Aldaketa nagusia bertso jaialdien kokapenari dagokiena da: aurten, Gurutze Plazako Instituaren ordez Nafarroako Antzerki Eskolan egingo dira bi bertso jaialdiak (San Agustin kalean). Bertako bi emanaldietarako gonbidapenak jaso beharko dira aretoan bertan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik, eta bukatu arte. Gonbidapenak beharko dira ere Kondestable Civivoxeko areto nagusiko bi emanaldietarako (hauek ere ordubete lehenagotik). Zikloko saio guztiak doakoak dira, salbu eta haurrentzako bi emanaldiak, 3 euroko sarrera izango dutenak.