Skolae programa ‘indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatzeagatik’ saritua izan da

0

Nafarroako Gobernuaren Skolae programa saritu du Espainiako Gobernuaren Berdintasun Ministerioak “indarkeria matxistaren aurka hezi eta sentsibilizatzeagatik”.

Golardoa azaroaren 25ean emango diote Skolaeri, astelehenarekin, Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren ekitaldi instituzionalean. Carmen Calvo Espainiako Gobernuaren Berdintasun Ministerioko jarduneko ministro eta presidenteordea izango du buru aurten hamaseigarren edizioa beteko duen ekitaldi horrek.

Skolae programaz gain, “Emakumeen aurkako beste indarkeria-mota batzuk” sailean, Munduko Medikuak elkarteak ere jasoko du saria, Nafarroan abiatutako egitasmo aitzindari batengatik; hain zuzen ere, emakumezkoen mutilazio genitalaren aurkakoa da saritutako proiektu hori.

Skolaek UNESCOren golardoa jaso zuen urrian. Nazio Batuen Erakundearen Hezkuntzako atalak “kultura, erlijioa edo sexu nortasun edo joera dena delakoa ere haurrei berdintasunerako eskubide indibiduala gauzatzeko” ematen dituen tresnak nabarmendu zizkion orduan Skolaeri, eta prebentzio-lana ere egiten duela azpimarratu zuen.