Bilbao Musika eta Bartzelonako Nou Barris bandak elkarlanean arituko dira

0

Bilbao Musika eskolako Banda Gazteak eta Bartzelonako Nou Barris musika eskola publikoko bandak  elkarlanean landutako kontzertu bat eskainiko dute azaroaren 30ean Erriberako Merkatuan.

Ekitaldia 13:00etan hasiko da eta ordubete inguruko iraupena izango du. Kontzertua askotariko errepertorioan oinarrituta dago, musika popularra eta obra modernoak entzungo dira, besteak beste. Gauzak horrela, Bilbao Musikako eskolak bat egiten du bestelako herrialdeetan (Holandan, AEBn eta Ingalaterran, adibidez) dagoen tendentziarekin: merkataritza-guneak auditorio gisa erabiltzen dituzte publikoari normalean auditorio itxietan eskaintzen diren kontzertu hauetara hurbiltzeko aukera eskainiz.

Bilbao Musikako banda Gaztea duela 5 urte sortu zen, 14 eta 20 urte bitarteko gazteez osatuta dago eta hauxe izango da, hain zuzen ere, beste banda batekin egingo duen lehenengo kolaborazioa. Bartzelonako Nou Barris Musika eskolako bandak, aldiz, talde lanetan bide luzea dauka. Frantzia, Dinamarka, Italia edo eta Belgikako musika eskolako talde desberdinekin batera jo du, beraz Bilboko bandarentzat aukera paregabea izango da bestelako bandekin jotzera ohituta dagoen banda batekin lan egiteko.

Bestalde, Bartzelonako Nou Barris musika eskolako banda 50 musikari gazte eta ikaslez osaturik dago da eta mota guztietako errepertorioa interpretatzen du, Kataluniako musika tradizionala, musikal eta pelikuletako musikan nabarmentzen delarik. Udal musika eskola hau Bartzelonako musika Eskola sarearen barruan dago eta Nou Barris barrutian kokatzen da, 60ko hamarkadan Bartzelonara iritsitako immigrazioaren ondorioz jaiotako auzo-talde batez osaturik dagoen barrutia, alegia. Nou Barris musika eskola 50 urte baino gehiago dituen Fundació La Guineu erakundeak kudeatzen du, kontsezio erregimenean.

Aipatzekoa da, gainera, larunbateko hitzordura joan ezin dutenek, hurrengo egunean beste aukera bat izango dutela. Izan ere, abenduaren 1ean, gazteek kontzertua errepikatuko dute Areatzako Kioskoan, 13:00etan.