Bizkaiko herritarrak baikor daude etorkizunaren aurrean

0

Enplegua eta egoera ekonomikoa dira, oraindik ere, bizkaitarren ardura nagusienak. Hala ere, orokorrean, herritarrak baikor daude etorkizunarekin, eta gehienek uste dute 2020a amaitzear dagoen urtearen antzekoa izango dela. Hori izan da Bizkaiko Foru Aldundiak urtero egiten duen azterlanaren emaitza. Azterlan horren xedea da herritarrek egoera ekonomiko, sozial eta politikoari eta bizi-ohitura eta kontsumoari buruz duten iritzia jakitea.

2019a amaitzear dagoela, Neurbi azterlanean ondorioztatu da gizarte optimista dugula, ez baina konformista. Ildo horretan, bizi-kalitate oso altua dutela adierazi dute askok; inkestari erantzun diotenen % 88k uste du Bizkaian nahiko ondo edo oso ondo bizi dela, eta batez besteko balorazioa 10etik 7,8 da. Asetasun-maila altua da hori, nahiz eta gure lurraldean erronka ugari ere badagoen. Zentzu horretan, inkestari erantzun diotenen ustez, Bizkaiko Foru Aldundiko gobernuak lehentasuna eman beharko lieke langabeziari, lan-prekarietateari eta gizarte-babesari, eta bere jarduketaren ardatz hartu. Zehazki, % 53k uste du langabeziari eman beharko litzaiokeela lehentasuna; bigarren, % 24ren ustez, gizarte-babesari eta ongizatea gehitu eta pobrezia murrizteko laguntza eta neurriei. Lehenetsi beharreko gainerako jarduketa-arloak honako hauek dira: ekonomia (% 15), segurtasuna (% 12), herritarren beharrizanei erantzutea (% 11), eta gazteak (% 10).